Euskaldunok munduan  III. urtea // 43. zenbakia

Bolivia (I): Titikaka Lakua


Hurrengo egunean, ugarteari bueltea emoten joan gara, eta egun osoa emon dogu horretan. Ibilaldia polita da: lakua ikusten dogu, Peru, Bolivia, lakuan agertzen diran ugartetxuak…; hiru orduko paseoaren ostean bidean gizon bat ikusi dogu. Ugarteko museoa jagoten dauana da. Ugartearen alde honetan zabaldurik dagozan aztarna guztieri ‘museo’ esaten deutsie. Tiwanakoen eta inken sasoiko aztarnak dagoz, sasoi batean egon ziran leku berean. Gizonagaz berbaz egon gara eta euren historia kontau deusku. Orduan jaubetu naz zein desbardina dan bizitzearen ganean daukien ikuspegia. Sinismenek berezia eta aberatsa egiten dabe euren bizimodua. Gizonak esan deusku inkak etorri baino lehen ugartean tiwanakoak bizi zirala, eta eurak be tiwanakoen ondorengoak dirala. Inkak eguzkiaren seme-alabak ziran, baina ugartean agertu ziranean (eta hori adierazoten dauan oin-aztarna be badago), tiwanakoak bota egin ebezan. Inkak orduan Cusco aldera joan ziran eta handik Machu Picchura. Bertatik indarbarrituta etorri ziran eta hamengoei gehiago egin eutsen.

Museoan sartu eta hau ikusi dogu: harrizko mahai bat, lau hanken ganean; inguruan hamabi jesarleku, eta kanpo aldean lau harri: iparra, hegoa, ekia eta mendebala. Bertan batzen ziran herrietako agintariak. Eta llamak be bertan hilten ebezan jainkoei eskaintzeko. Ohiturea oraindino ez da akabau, eta urtero-urtero llama bat hilten dabe Pachamamari eskaintzeko, hau da, ama lurrari.

Titikaka laku sakratua da. Izan be, han sortu zan unibersoa. Lakua jainkoa da, eta Mamakhota izena dauka. Wirakocha jainkoa be lakutik sortu zan. Eta hortik unibersoa sortu zan. Eguzkia Eguzkiaren Ugartean jaio zan, eta iretargia Iretargiaren Ugartean. Gizakia, barriz, harrizkoa izan zan hasikeran.

Iratxe Ormatza

Cuscora autobusez ailegau eta gau osoa han emon dogu lotan. Goizean Boliviako mugara hurreratu eta oinez pasau dogu mugea. Han taxi bat hartu eta Copacabanara joan gara, Boliviako herririk handienera. Titikaka lakuaren ertzean dago eta arrantzaleen herria da. Moila txiki bat dauka eta inguruan txalupatxuak dagoz, ederra da, pintauta dagoala emoten dau. Hareatzea be badago, harrizkoa. Hartu dogun hotelean esan deuskue ur beroa badagoala baina Bolivian, askotan ur beroa esaten dabenean ez da ur beroa, epela baino; ikusteko dago, orduan, zelakoa dan hemengo ura.

Copacabana nahiko leku turistikoa da. Hona dirua daukien perutarrak eta boliviarrak etorten dira gehienetan, hau da, gitxi batzuk. Uda sasoia da eta jentearen joan-etorria igarten da. Moilan hainbat tabernatxu dagoz, mahaiak kanpoan ipinita, lakuari begira. Batean jesarri eta arrain goxo-goxoa jan dogu, begien aurrean dagoana ederresten dogun bitartean. Itsasoa bare dago, olatu txikitxuakaz. Urdina da, baina kolore desabardinak agertzen ditu korronteen eta haizearen arabera, ez dago inoiz bardin-bardin. Hain handia izanda, mareak be badagoz, eta haizeak indartsu joten dauanean olatuak sano handiak izaten ei dira. Moilan jesarrita egon garanean gizon bati ‘hay infinito en este lago” entzun deutsagu esaten. Halan da.

Eguzkia sartzen ikusi dogu eta zerua kolore gorriz jantzi da. Hodeiak naranjak, gorriak eta larrosak dira. Zeruak berak be urdintasun apur bat galdu dau. Eguzkia joan danean, aztarnatxua itxi dau atzean, guri eskainita, guk gozetako.

Copacabanan egun pare bat emon ostean, barkua hartu eta lurrezko mugak daukazan itsasoan sartu gara. Segiduan Eguzkiaren Ugatera ailegau gara. Bertako jentea barkutik bajau garanoi itxaroten dago. Bidea andraz beteta dago (hamen txolitak esaten deutsie). Artisautzea eta oroigarriak daukiez salgai mendian gorako bidean. Umeak llamakaz dagoz, beti argazkia atarateko prest. Hori bai, diruaren truke beti. Kontraesanak sortzen jakuz, herrian makina bat etxe egiten dabizela ikusten dogulako. Antza, bertokoei turismoak dirua ekarten deutsie. Batzuek lurzatiren bat ‘gringuitoei’ saldu deutsie, eta diruagaz etxea eregi dabe. Herriko jenteak, baina, arriskutsu topetan dau herriak hartu dauan bide barria. Gauza asko turismoari begira egiten dira, eta bisitariok urte gitxitan bizimodua aldatu deutsegu. Ganera, gringuitoek etxeak erosi dabez, baita jantokiak zabaldu be; baina ez daukie hartu-emonik bertokoakaz. Aparte bizi dira eta bertoko jenteari gatx egiten jako sortzen dan girora ohitzea.

Hemengo iluntzeak be ederrak dira. Mendi puntara igon dogu hobeto ikusteko eguzkia zelan sartzen dan. Ikusgarria, zoragarria da. Eguzkiak gorriz eta laranjaz pintau dauz hodeiak eta zerua. Ixilik, lakuari eta zeruari begira egon gara luzaroan. Lakuaren alde batera aditu eta Boliviako mendi edurtuak ikusten doguz; ez dago berbarik haren edertasuna adierazoteko. Bestaldean, Peruko lurra. Gaua egin danean, herrian dagoan argi eskasari esker zeruko izar guzti-guztiak ikusi doguz. Zeru osoa izarrez beteta. Gaua ez da hain iluna, eta argi txikitxu hareek guztiak giro ederra sortarazoten dabe, eguna bera baino politagoa.