Flamenko musikearen eragina gora doa
Flamenkoa eta beste musika estilo batzuk buztartuz, plazan dozuezan disko gomendagarriak:
Ojos de Brujo. “Bari”.
Bebo & Cigala. “Lagrimas Negras”.
Autore bat baino gehiago. “Café Berlin. Latin Tonight”.
Tomasito. “Cositas de la realidad”.
Chambao. “Endorfinas en la mente”.
Las Niñas. “Oju”.
El Bicho.
La Mala Rodríguez. “Alevosia”.
08001. “Raval ta Joie”.
La Excepcion. “¡Chata Cheli!”
Gotzon Uribe
Gaur egun inoiz baino indartsuago dago musika estilo desbardinak buztartzeko zaletasuna, fusinoa edo mestizajea hain zuzen be. Rockagaz batera, azken urteotan flamenko musikeak be gorakada eta arrakasta nabarmena euki dau. Joan dan urtean argi eta garbi ikusi genduan flamenkoak rap, son, jazz, funk moduko musika estiloakaz (edota rock-agaz beragaz be) nahastauta zelango disko interesgarriak ekarri ebazan.
Egunotan, Bartzelonako ‘Ojos de Brujo’ taldea Europan zehar ibiliko da kontzertuak eskaintzen eta “world music” estiloaren barruan bera da Grammy-a irabazteko faborito nagusia. Baina, zertan dira trebeak?, modu egokian rumba, flamenkoa eta musika elektronikoa buztartzen.
Kontuak kontu, flamenkoa oinarritzat hartuta beronek ekarri dauzan nahasketa eta fusino eratorriek berebiziko garrantzia euki dabe oraintsu sortutako hainbat taldetan. Berbarako, flamenko eta son musikearen arloan talderik leialena Bebo Valdes eta Diego El Cigala kantariek osotzen dabena da; euren “Lagrimas Negras” disko barriak sekulako arrakastea euki dau eta hainbat lekutan urteko diskorik onena izentau dabe.
Musika arloan ez eze, bestelako mundu batzuetan be indar handia hartu dau flamenkoak eta zine munduan, berbarako, gehien bultzatu dauan personetariko bat Fernando Trueba zine zuzendaria izan da, bere ‘Calle 54’ pelikulan Chano Domínguez piano-jolearen taldeari eskaini eutson lekuagaitik. Gauzak holan, flamenkoa jazz doinu latinoen ukutuakaz nahastea lortu eben. Jerry Gonzalez be jazz latinoaren eta New York-eko salsa doinuen maisu handia dogu. Madrilera bizitzera etorri zanean, jazz musikea flamenko doinuakaz lantzen, nahasten hasi zan. Bere lehen emoitzea Piratas del Flamenco taldea izan zan. Niño Josele abeslaria, Piraña perkusinojolea, kubatar jatorriko baxujolea dan Alain Perez eta Diego El Cigala abeslaria dira taldekideak.
Hip hop estiloak be euki dau eragina flamenko doinuetan; berbarako, oso ezagunak egin diran La Mala Rodríguez-en kantuak aitatu geinkez. Hip hop doinuak flamenko musikearen lirikeagaz buztartzen dira berton, baita musika elektronikoagaz be. Oso modan dagoan sonoridade landua lortzen da, flamenkoa, soinu latinoak, son, funk, jazz, salsa, hip-hop zein rock-aren nahasketeagaz; entzuleek ganera ondo baino hobeto onartu daben esperimentua da.
Azken buruan, egunotan Barakaldon urtero legez flamenko jardunaldiak izan dira eta, besteak beste, Calixto Sanchez edota Pepe Habichuela lako ordezkariak izan dira gure artean. Barakaldo Antzokian, hemetik aurrera be izango da aukerea flamenkoagaz gozetako.