Euskaltzaindia herririk herri
Errioxako euskal toponimia aztergai
Euskaltzaindiaren VI. Onomastika Jardunaldietan Errioxako euskal onomastika izango da gai nagusia. Hainbat alkarteren laguntzinoagaz, Errioxako Unibersidadean (LogroƱon) egingo dira ekitaldiak, Juan Bautista Merino Urrutia euskaltzain ikertzailearen omenez. Berak sakon aztertu eban Errioxako euskal toponimia, lurralde bietan bizi izandakoa zan eta (Ojacastron jaio baina frankismo sasoian Getxoko alkatea izan zan). Merezitako omenaldia eskainiko deutso, beraz, Euskaltzaindiak.
Atxapunte
Euskaltzaindiaren 2004ko batzar-egutegia argitaratu dabe egunotan, eta asko izan dira bertan topau doguzan barrikuntzak. Xabier Kintana eta Peio Telleria (Akademiako idazkaria eta idazkariordea, hurrenez hurren) izan dira aurkezpen lanen arduradunak. Antolatu dabezan hainbat ekitaldiren artean hiru dira batez be nabarmendu beharrekoak: batetik, Mikel Zarate (1933-1979), Lezamako idazlearen heriotzearen 25. urteurrena; bestetik, Maurice Harriet, euskara-frantsesa hiztegia lehenengoz egin ebanaren heriotzearen mendeurrena; azkenik, Errioxako euskal toponimia aztertzeko erronka barria.
Akademiaren egoitza nagusia Bilbon egon arren, aurten Euskal Herri osoko hainbat herritan alkartuko dira euskaltzainak. Martiaren 26an, Lezaman, Mikel Zarate idazlearen omenez agiriko lehenengo batzarra egingo dabe, idazleak bizkaieratik euskera baturantz egin eban ibilbidea berbagai hartuta. Haren lanak gogoratzeko ekinbide aproposena izango da, baita Txorierriko euskereari indarra emoteko be. Gaiaren harian, Lezamako Udalak eta Zorrizketan, Lezamako Euskera Alkarteak omenaldia eta egitarau betea preparau dabe.
Beste alde batetik, maiatzaren 28an Jose Luis Lizundiak Jean Haritschelhar Euskaltzainburuaren eskutik diplomea eta dominea jaso ostean Akademiara sarrera ofiziala egingo dau. Azpimarratzekoa da orain arte idazkariorde izandakoak toponimia eta onomastika arloan egin dauan lana.
Uda partean, Murice Harriet-en heriotzearen mendeurrena ospatuko dabe Haltsun. Horretarako, batzar publikoan alkartuko dira euskaltzainak. Apaiza eta irakaslea izandakoak euskara-frantsesa lehenengo hiztegia egin eban. Bilaketa lanetan ibili ostean, hiru mila orri baino gehiago idatzi ebazan; halan da be, euskal lexikografian hiztegi horren balioa ez dala behar dan moduan aztertu uste dau Peio Telleriak.
Nafarroan egingo diran ekitaldien artean, Lizarrakoa aitatuko dogu; aurtengo Nafarroa Oinez bertan izango dala aprobetxauta, euskereak paraje hareetan daukan egoera negargarria salatuko dabe. Bestalde, VIII. Herri Literatura Jardunaldiak antolatu dauz Akademiak, baita Orotariko Hiztegia ia prest dagoala eta ezuztekorik ezean aurten argitaratuko dabela aitatu be.