Beijing, Pekin (II)
Kulturen arteko buztarketea eta edertasun arkitektonikoak
Galarazotako Uria
Galazotako Uria da, duda barik, munduan topau geinken arte ederrik garrantzitsuena. Sarrerako ateak pasau eta ia derrigorrezkoa da ahozabalik geratzea teilatu biribilei, brontzezko lehoiei eta edonon dagozan eskulturei begira. Giroan lasaitasuna da nagusi. Eta horretan zeresan handikoak dira sasoiko enperadoreenak izan ziran lorategiak. Halan da be, turisten kamara hotsek isiltasuna apurtzen dabe.
XX. mendera arte enperadorearen eta bere kortearen eskuetan egon zan Galarazotako Uriaren sarrereak mendebaldeko munduan sarritan imitau dan jatetxe txinoen estilo bera dauka. Bestalde, teilatuak begiratu eta oraindino be zurtz eginda geratzen gara, nahiz eta askotan argazkietan ikusi.
Galazotako Uriaren inguruan (eta baita urian bertan be) hainbat parke dagoz, ederrak danak. Gehienak eraikinen inguruan zabaltzen dira, turista gehiago erakarteko asmoagaz edo. Halan da be, bertako jentea parkeetan pilatzen da gehien, izan be, parkean lau jarleku mahai baten inguruan ipini eta kartajokuan hastea errazagoa da.
Beijing-en kanpoaldean, nahiko zainduta dagoan bidea erabiliz, udako jauregira ailegauko zarie. Jauregi hau natureagaz bat eginda agiri dan beste obra arkitektoniko bat dala esan geinke. Enperadoreak udako aldietan erabilten eban bizilekua da. Gaur egun, turistaz beteta topauko dogu, uriburuko leku turistiko deigarrienetakoa dalako. Ganera, jauregiagaz beragaz batera, inguruko lakuak dira beste denpora eta kultura batzuetara eroaten gaituenak.
Zigor Aldama
Beijing-en danetarik topau geinke: mueta askotako auzo eta personak, estilo arkitektoniko desbardinak eta talde eta tradizino ugari. Pekindar baten definizino zehatza emotea gatxa da, bertara bizitzera Txina osoko jente asko joan da eta. Euren tradizinoak eta identidadea galdu barik musulmanak, budistak, kristinauak eta ez fededunak alkarregaz bizi dira. Izan be, Pekinen, gobernu komunisteak ateotasuna aldarrikatzen dauen arren, erlijino-askatasuna dago. Hong Kong-en atzetik, Pekin Txinako uribururik kosmopolitena da. Herrialdeko handiena be bada, eta Shangai-ren ostean berak dauka biztanle gehien: ia-ia hamalau miloe.
Txinako dialekto ofiziala Putonghua da (guk mandarin moduan ezagutzen dogun hori), baina tarteka shangaiera, sichuanera eta cantonera be entzun leitekez. Jatorriz Pekineko berbakerea izan ez arren, ahoskeran aldaketa batzukaz bertan gehien entzuten dana da. Honeri guztiari, urte askotan Txinako uriburua izan dala gehitzen badeutsagu, pekindarrak hain harroak zergaitik diran aituko dogu. Guandong probintziagaz gerra berezia dauka, honek be aberatsena moduan ikusten daualako bere burua.
Tiananmen-go kontrasteak
Urian bertan dagoz edertasun arkitektoniko gehienak, baina inguruan be topau geinkez udako jauregia moduko eraikinak. Honeek uriaren itxura eskasa tapetan dabe. Tiananmen Europako edozein uribururen (Madril, Londres, Paris...) periferiagaz konparau geinke. Dotoreziarik bako lekuak dira eurak guztiak. Eraikin eta etxebizitza altu eta motzak osotzen dabe uriaren etxurea. Ganera, nahiz eta berton ez egon Shanghai-n beste pobrezia, auzo marjinalak uriko plazetatik sano paraje dagoz. Mercedes autoen akabuko modeloak saltzaile ibiltarien ugerrak jandako bizikletakaz batera dabilz.
Tiananmengo plazara hurreratuz irudi bitxi hau topau geinke: gobernuaren eraikin nagusiaren ondoko kaleetan egunkari artean hainbat lagun lo, eurek pagetan dituen zergakaz erositako Audi distiratsuetan funtzionarioak hara eta hona paseoan dabilzan bitartean. Txinatarren ustez, Beijing-eko gobernuan iruzurra da nagusi. Arrazoiz egindako baieztapena dogu hau, eurek hurretik ezagutzen dabe eta. Gehienek badakie demokrazia falteak korrupzinoa eta burokraziaren porrota dakarrela. Berbarako, bisatuaren luzapena behar dauen kanpotar bat bere eskariagaz estaduko langile batengana doanean (hitzordua ipinteko zazpi egun pasau ostean), funtzionarioaren nagusitasuna eta potrojorra aguantau beharko ditu. Ganera, bere izena txineraz idatzi beharko dau, nahiz eta berbakerea jakin ez. Halan da be, bertan uste dabe kanpokoek ez dituela ezelako arazo burokratikorik.
Zorionez, uriburuan ugari diran edertasunakaz, momentu batzuetan behintzat, ahaztu egiten doguz egunerokotasunaren egoera gogorrak.