Barriketan  I. urtea // 3. zenbakia - 2002ko bagilaren 1a - Hamaboskaria

Andoni Zubizarreta: 'orain ez dau inork atea jagon gura'

Andoni Zubizarreta, orain 40 urte Aretxabaletan jaiotako atezain mitikoa; kimika, ekonomia eta historian ikasketak egindakoa, eta jokalari moduan Athletic, Bartzelona eta Valentzia taldeetan luzaroan ibilitakoa, 126 aldiz atezain internazionala izandakoa eta gaur egun, ostera, Athletic taldeko Kirol Zuzendari lanetan dabilena.

1. Hogeita hamaika urte geroago, Valentziak ligea irabazi dauela ikusita, asko poztuko zinan ba...

Bai. Egia esanda, han lagun asko daukadaz, bai taldean eta bai kanpoan be, eta denporalditxu baten zure taldea izandakoa goi-goian ikustea benetan pozgarria izan da eta gauza asko etorri jataz burura.

2. Athleticeko zaleen artean, ostera, desilusinoa da nagusi denporaldi amaiera negargarria egin ondoren.

Guk beti esaten dogu, eta denporaldiaren erdian be esan genduan, itxaron egin behar dala denporaldia amaitu arte balantzea egiteko; azken jardunaldiotako ibilbidea eskasa izan arren, denporaldia hasikeratik amaierara begiratu behar da, eta ez dago ukatzerik Athleticek eskura izan dauela UEFA; beraz, denporaldi osoa ikusita, kopan zelan ibili garan ikusita, gauza positibo asko be egon dira, azkeneko partidu horreekaz sentsazino txarra geratu arren. Gauzak holan dirala, aurten hasarre egoteko eta pozik egoteko arrazoiak dagozala pentsetan dot.

3. Urteak aurrera doaz eta zereginak goitik behera aldatu dozuz; Jabier Uriaren eskaintza tentagarriaren aurrean ezin izan zenduan ezetzik emon eta zuretzako barria zan beharrean sartu zinan orain denpora asko ez dala bizimodua be oso-osoan aldatuz. Kontaiguzu aldaketa horreek zelan hartu dozuezan zuk zeuk eta zure familiak

Urtebete inguru pasau da, eta emoten dau egin garala barriro hemengo bizimodura; baina, jakina, aldaketea handia izan zan, ze Bartzelonatik alde egin behar izan genduan han dana lagata. Kontuan izan nire semerik zaharrena 15 urtekoa dala eta Bartzelonan itxi dituala lagunak; nik neuk be enpresa bat neukan han, eta azken baten erritmo aldaketa handia igarri dogu. Dana dala, futbol profesionalak leku batetik bestera ibiltea dakar eta horretan ohituta gagoz, ni neu bai behintzat, lehenago jokalari legez eta orain, barriz, futbolaren munduan baina bestelako zeregin batzuetan; orain, futbola beste ikuspegi batetik ikusten dot eta alde horretatik uste dot urteotan asko ikasi eta ikusi dodala, eta esperientzia horreek oso aprobetxagarriak izan dirala nire behar barrirako.

4. Kirol Zuzendari karguan zeintzuk dira zure egiteko nagusiak?

Talde barruan erdi mailako epean perspektiba orokorra hartzea izango litzateke nire beharra, aurreikuspenak, aukerak eta merkatua aztertzea. Sarri askotan, futbolean epe laburrean lortu gura izaten dira helburuak, baina nire kasuan epe luzeagoagaz jokatzen dot, Athleticeko kirol proiektua zabal-zabala dalako. Athleticen talde nagusia da danok gogoan daukaguna, baina oinarriko futbola be ezin da ahaztu; norabidearen aldetik, gure egiteko nagusia jenteari aukerak emotea eta baldintza onak eskaintzea izango litzateke, aurrera egin daien.

5. Jokalarien kontratuak negozietako orduan, gehienetan jokalarien ordezkariakaz berba egin behar izaten da, baina Athleticek beste eredu bat ipini dau martxan, hau da, jokalariakaz eurakaz zuzenean negozietea; alde horretatik be, berezia da Athletic

Nik uste dot, Jabier Uria presidenteak esaten dauen moduan, kontratuak sinatzeko nahitaezkoa dala jokalariaren jarrerea, gogoa, pentsamentua eta konpromiso mailea zein dan jakitea, eta horretarako biderik onena negoziazinoak aurrez aurre egitea da; azken baten, futbol jokalari profesionala baino zeozer gehiagoren atzetik gabilz. Athletic taldearen proiektua eta filosofia bereziak dira, eta proiektu horretarako jokalari eta personarik egokienak gura doguz.

6. Behar bakotxean alde onak eta txarrak izaten dira, baina zu zeu non ibili zara gustorago zelaian, atea jagoten ala bulegoan, taldearen interesak jagoten?

Zelaian, zelaian, duda barik; bizitza osoa jolasa bada be, zelaian gustorago; Johan Cruyffek goizean etxetik urteteko orduan beti esaten eutson semeari bera jolastera joiala eta semea, ostera, ikastera. Arratsaldeko bostetan, zelaira joatea, ate azpian jartea, zu zeu protagonista izatea eta milaka lagun zuri adi egotea lakorik ez dago munduan; hor zelaian sentiduten dana sentiduteko bizi egin behar da momentua eta horrek ez dauka parekorik. Halan da be, futbola jolasa izan arren momentu txarrak be bizi izaten doguz, besteak beste, presinoa, lesinoak, familiarrakandik urrun egon behar izatea...

7. Futbolean, palmares handiko jokalaria zaitugu, baina itxi dozu amesen bat bete barik edo tituluren bat lortu barik?

Beti, beti geratzen da zeozer, Frantziako Munduko Txapelketan, nire agurrean esan neban mundiala hasi aurretik amesa munduko txapeldun izatea zala; azkenean ezinezkoa izan zan, baina, duda barik, amesak nahitaezkoak dira, ilusinoa, ze ilusino barik ez dago zereginik. Ilusinoa desagertzen bada, seinale txarra.

8. Danok doguz gogoan Iribar, Arkonada edo Zubizarreta lako atezain handiak; gaur egun be atezain handiak badagoz egon, baina nortasun faltea igarten jake; zer uste dozu honetzaz?

Nik uste dot atezainak momentu txarra pasetan dagozala, oro har behinik behin; futbolaren barruan, azken urteotan, prentsea, publizidadea, irudia, dirua eta mundu guztia golaren eta erasoko futbolaren alde jarri dira, baina gure lana guztiz diferentea da, bueno guztiz diferentea be ez, ze taldeko lehenengo aurrelaria atezaina izaten da; baina, definizino moduan, gure lana golik ez egotea izaten da. Nik uste dot atezain postua 'goi sukaldaritzakoa' dala, izan be, sensibilidade berezia behar da unean-unean bizi dozun momentua, partidua, aztertu eta zentzunez jokatzeko. Atezainarena estratega beharra izango litzateke; jokalarien kasuan, ostera, askotan partidu osoan ezer egin barik egon arren be, azken minutuan gol bat sartu ezkero heroi bihurtzen dira; horregaitik, jokalari gazteentzat askozaz erakargarriagoa da aurrelaria edo erdilaria izatea atezaina baino, eta zuk esan dozun legez, historian, pisu handiko atezainak izan badoguz be, orain ez dau inork atea jagon gura.

9. Jaiotza-tasearen jaitsiereak eraginik izan al dau jokalarien harrobian? Athleticen talde nagusira asko kostauta heltzen dira jokalariak Lezamako beheko mailetatik...

Argi dago Bizkaian beheko taldeetan be igarri dala jaiotza-tasearen jaitsierea eta, alde horretatik, guk ez dogu formula magikorik egoera horri bueltea emoteko; egia da, kadete mailan esaterako, lizentzia gitxiago dagoala azken urteotan eta jokerea ez dala aldatuko pare bat edo hiru urtetan. Egoerearen larriaz jaubetu eta beharrean gabilz Athleticen talde nagusira ahalik eta jokalari gehien heldu daiten.

10. Diruaren eta munduko izarren liga honetan, ikusten al deutsazu etorkizunik harrobiko futbolari?

Bai, bai, eta argi eta garbi dinotsut; nik uste dot harrobiari eutsita zein eutsi barik be arazoak ez dirala faltako bazterretan. Lehen Valentzia taldearen kasua aitatu dogu, eta gogoratuko dozu denporaldiaren erdialdean Rafa Benitez entrenatzailearen etorkizuna kolokan egon zala; honegaz esan gura dot, arazoak edonon dagozala, baina Athletic taldeak lehiaketearen barruan aparteko nortasuna eta indarra dauka, eta horri eutsi behar jako. Beste kontu bat da helburuena; nik ez dinot txapeldun izan behar dogunik, baina lehiaketan irudi eta maila ona emoteko moduan gagoz eta aurten be zeozer ikusi dogu. Danon indarrak batu behar doguz, liga txapelketearen barruan, San Mames eta Bilbo bereziak izan daitezan.

11. Non dago Athletic taldearen mugea? Taldearen nortasunari eusteagatik eta kanpoko jokalariak ez ekarteagaitik tituluak irabazteari uko egin behar al deutsagu?

Ez, ez derrigor. Txapeldun izatea ez da gauza erraza, baina orain lau urte bigarren geratu ginan eta sekulako maila erakutsi genduan. Nik ez dinot sailkapenean erdi mailan egon behar dogunik; guk astegoienean partiduak irabazteko egiten dogu behar aste osoan. Asmoa beti da irabaztea, baina ez edozelan, gure argumentu printzipalenari eutsita baino, taldearen nortasunari eta filosofiari eutsita baino.


12. Aurtengo ligan Athleticek jarrera asko erakutsi ditu. Batzuetan lehoi, baina gehienetan katu; talderik indartsuenen kontra sutsu eta ahulenakaz, ostera, motel. Zaletuok ez dogu ulertzen taldearen jokabidea...

Gauzak testuinguru orokorraren barruan aztertu behar dira; aurtengo denporaldian eta aurrekoetan be indarrak oso orekatuta dagoz; gaur egun, lehenengo dibisinoan dagozan talde guztiak maila handikoak dira, eta orain urte batzuk 10 partidu galdu barik egotea gauza arrunta bazan, gaur, ostera, ia ezinezkoa da hori. Futbolean goitik behera aldatu dira gauzak, eta, esan dodan moduan, gaur egun ez dator talde txarrik San Mamesera. Konpetizinoa eta taldeak eurak aldatu egin dira eta egoera barri hori ulertu egin behar da.

13. Entrenatzaile eta jokalari batzuen aldetik, mesede baino gehiago kalte egiten daben adierazpenak be entzun doguz eta jokalarien kontratu barritzeak dirala eta ez dirala be zaparrada handia izan da. Ez al dago horreek danak kontroletako modurik?

Gure estiloa eta asmoa beti izan da gai horreek isilean aztertzea, baina, jakina, mundu honetan bestelako interesak be badagoz egon, eta berbarako, futbolaren inguruan komunikabideek upealako indarra dabe; kuxkuxero beharra egitea ondo dago, baina mugak non dagozan jakitea be komenidu da inoren beharra ez zapuztuteko.


14. Datorren denporaldiari begira, Heynckes entrenatzaileak jokalariak, fitxaketak eskatu ditu Athleticek kanterearen alde egin badau be. Kontuak kontu, Ismael Urzaizi agur eta bost urte Madrilen egin ondoren, Aitor Karanka Athletic taldera dator barriro, baina aurtengo partiduak ikusita, premina asko dagoz taldean. Zeozer gehiago aurreratzeko moduan zagoz?

Ez, oraintxe esan deutsut gauzak isilean egitea gustetan jakula; dana dala, gu beharrean gabilz datorren denporaldian ahalik eta talderik onena izateko. Lehenengo pausua etxe barruan doguzna aukerak ikustea da, eta beti be epe luzera begira; geroago, merkatuan dagoana be aztertu beharko dogu.

15. Garagarrilearen 15era bitartean oporretan dagoeneko. Halan da be, badakigu aurredenporaldia Ingalaterran egingo dauela Athleticek; bestalde, gazte mailan, Txapelketa berezia izango da Real Madrid, Ajax, Boca Juniors eta Lazio ako taldeekaz batera, eta bazkidearen omenezko partidua abuztuaren 21ean. Katedralaren xarmea galduta, futbol zelai barria noizko?

Zelai barriaren gaia danon ahotan dago, baina era horretako proiektu bat aurrera eroateko denpora asko behar izaten da; gauzak ondo pentsau behar dira eta aukera guztiak kontuan hartu. Beste alde batetik, aurredenporaldiarena orain gabilz aztertzen, eta esan geinke Athleticek Lezaman ekingo deutsola denporaldi barriari, baina gero Ingalaterran be dozena bat partidu jokatuko dituala; gazte mailako txapelketeari jagokonez, Lazzio eta Ajax ez dira etorriko, baina bai, ostera, Tottenham. Maila handiko txapelketea izango dalakoan gagoz, eta zaletuek gozetea espero diogu, izan be, gazte mailan beste erreferentzia batzuen barri izango dabe.

16. Noiz ikusiko dogu emakumeen Athletic taldea?

Jabier Uriaren programearen barruan egon zan emakumeen Athletic taldearena, eta ez dogu gai hau ahaztu; beharrean ibili gara eta esan geinke datorren denporalditik aurrera, Sarrienan entrenetan dauen Leioa Futbol Taldeak Athleticen kamisetea jantziko dauela; gaur egun, 70 bat jokalari dabilz Leioan.

17. Munduko futbol txapelketea aurten eta historian lehenengo aldiz Athleticeko jokalaririk ez da izango bertan...

Ez, egia da; gaur egun badaukaguz selekzinoan egoteko moduko jokalariak: Tiko eta Joseba esaterako, baina, lesinoak eta arrazoi taktikoak edo teknikoak tarteko, aurten ez da posible izan eta penaz hartu dot erabagia, ze munduko txapelketak oso onak izaten dira esperientzia hartzeko eta liga txapelketearen barruan ikasten ez diran gauza asko ikasteko. Dana dala, alde positiboak be kontuan hartu behar dira; izan be, aurten Athleticeko jokalariek opor egun gehiago izango dabez eta nasaiago egongo dira datorren denporaldiari begira.

18. Nora joango da oporretan Andoni Zubizarreta?

Oraindino ez dot ezer pentsau, baina seguru asko Bartzelona aldera joango naz egun batzuk pasetan; lagunak bisitau eta trankil ibilteko gogo itzela daukat.

19. Euskeraz oso ondo egiten dozu Andoni. Normalean euskeraz egiten dozu?

Etxean normalean bai, eta ganera orain Bilbon errazagoa da euskeraz dakian jentea topetea; ohitura faltea dala eta hasikeran gatx egin jatan, ze Bartzelonan urte asko eginda lehenengo hiru hilebeteak ez ziran samurrak izan; dana dala, telebista, egunkariak eta aldizkariak be badagoz hemen eta saltoa ez zan hain handia izan.

20. Oporretan kirola egitea ala trankil egotea eta irakurtea gurago?

Trankil egotea. Paseoak asko maite dodaz eta kirola be egiten dot, baina nasai: golfa eta tenisa, baina dibersino modura beti.

21. Halan da be, sasoian ikusten zaitugu. Futbola itxi zenduanetik ez dozu kilo askorik hartu...

Bai, bai, kilo batzuk hartu dodaz bai, baina hori normala da; pentsaizu urteetan kirol asko egin dogunok kirola barru-barruan daroagun zeozer dala eta jarduera profesionala itxi arren be, ezin dogula geldi egon, eta astebete kirola egin barik gagozanean laster janzten doguz zapatilak eta ahor goaz korrikan nasai-nasai.

22. Bartzelona aldean ala Bilbon hobeto?

Orain Bilbon nago eta oso gustora, baina Bartzelonan be ia-ia 12 urte egin dodaz eta han be polito ibili naz. Bartzelona leku zoragarria da biziteko, baina, badinotsut, Bilbon be oso pozik nago.

23. Zure gustoko musika talde bat

Bruce Springsteen eta Dire Straits beti gustau izan jataz, baina musikazale amorratua naz eta klasikoa eta gregorianoa be entzuten dodaz; ganera, kotxean irratia entzuten joaten nazanean, talde barriak be sarri deskubriduten dodaz eta di-da joaten naz dendara diskoa erostera.

24. Irakurri dozun azken liburua

Ez dot izaten asti handirik irakurteko, baina asko disfrutetan dot leitzen; eguneroko beharrak ahaztu eta beste mundu eta egoera batzuetan buru-belarri sartzea asko maite dot eta liburuek horretarako aukerea emoten deuskue; momentu honetan, 'El Capitan' Kataluniako idazle baten liburua daukat mesanotxean geldi.

Koldo Isusi Zuazo