Antxina-barri  III. urtea // 42. zenbakia - 2004ko urtarrilak 15

Santiagorako bidean

Erromes ibilbideak Bizkaian


Halan da be, Bizkaiak itsasoa daukanez, baegoan beste aukera bat be: Bizkaira arte oinez etorri beharrean, itsasontziz etortea. Kasu honetan, liburuetan agertzen dana aitatuz, porturik erabilena Bermeo genduan eta bertora heltzen ziran Ipar Europako erromes asko. Gero Bermeotik aukerak bi ziran: batetik, Mundakatik Gernikarantz egitea eta hemendik lehen aitatutako bideetariko bat jarraitu; bestetik, Bermeotik Mungiarantz egitea gero handik Bakioko San Pelaioren baseleizatik osteratxua eginaz, bardin Bilboko bidea harturik.

Honexek dira labur batuta Santiagora bai oinez zein zaldiz edo burdiz, erromes joateko ibilbideak. Honeetariko bide batzuk gaur egun desagertuta dagoz eta beste batzuen lekuan kotxez ibilteko errepideak dagoz. Baina badira azken mila urte honeetan aldaketarik izan ez daben bideak, berbarako Larrabetzu edo Ziortza aldean.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.


Hasi barria dogun 2004. urte hau urte Xakobearra izentau dabe. Hori dala ta peregrino asko ikusiko ditue Compostelako Santiagora doazen bideek. Horreetariko bide batzuk Bizkaian zehar be bajoiazan. Nahiz ta bide nagusia hegoalderago joan, 'Kostaldeko bidea' deitzen zanak Bizkaian zehar eukan bere ibilbidea. Halan da be, ez da gure lurretik joian bakarra.

Hurrengo artikuluan, Galiziako Santiagora joateko Bizkaia zeharkatzen zituen bideetatik egingo dogu ibilbidea. Hiru ziran bide honeek:

Lehenengoa, Gipuzkoa aldetik etorrita, gaur egungo Markinara heltzen zan. Hemendik bideak gorantz egiten eban, Bolibarretik Ziortzako Kolegiatara heldu arte. Gaur egun be oraindino antxinako bide bera dogu agirian alde honetan. Ziortzako monastegiak oinezkoak hartu eta bertan gaua pasetako lekua be baeukan. Monastegia itxi eta Munitibarreko bidea hartzen eben orduan Santiagora joiazan erromesek. Hemendik bideak barriro beherantz egiten dau, Gernikara heldu arte.

Gernikatik Gerekizeko gana igo eta Morgako Andra Mari alde batera itxita Larrabetzurantz hartzen eben peregrinoek. Bide zati hau be oraindino gaur egun agirian dogu eta kartelak jarraituz bertatik joateko modua izan geinke. Behin Larrabetzun kale nagusia jarraitzea, beste aukerarik ez euben peregrinoek Lezamako norabidea hartzeko. Lezaman oinezkoek Artxandako gana igon, Begoñara bajatu eta azkenean Bilbora heltzen ziran.

Bigarren bidea Ermutik sartzen zan Bizkaian. Bide honek gaur egun Donostiatik Bilborako errepideak daroan ibilbide ia bardina egiten eban. Hau da: Ermutik, Durangora, edo sasoi batean Tabira deitutako herritxura. Bertan ikusiko eben ba Bizkaiko eleizarik zaharrena deitutako Tabirako San Pedro eleizea. Handik Zornotza zan oinezkoen hurrengo geltokia, azkenean Galdakao pasau eta Bilbora heltzeko.

Amaitzeko, hirugarren ibilbidea ikusi daigun: azkenerako itxi dogun bide horren lehen geltokia Bizkaiko lurretan Otxandio zan. Otxandiotik urten, Barazarren behera egin eta Zeanurin sartzen ziran oinezkoak. Arratiko eskualdetik zehar, Arantzazu, Igorre eta Lemoa ziran pasau beharreko herriak. Lemoatik Bediara eta handik Galdakaora, hemen bideak bat egiten ebalarik goian aitatutako Ermutik etorren bideagaz.

Bizkaian egozan hiru bideak Bilbon batzen ziran, Bizkaiko uriburua Santiagora joiazan peregrino edo erromesen uria bihurtuta. Bilbotik Compostelarantz urtekeran, aukera desbardinak agertzen ziran oinezkoentzat: gaur egun kostaldetik Kantabriarako autobideak egiten dauan bidea jarraituz, peregrinoek Bilbotik urten eta erreka bazterretik joan ezkero, Barakaldo, Sestao edo Portugaletetik pasau eta Muskizerako norabidea hartzen eben, handik Ontonerantz eginaz.

Bilbotik bigarren aukerea hegoalderantz egitea zan, Santiagorantz joian bide nagusirantz eginaz: Bilbotik Padurako lautadatik Arrigorriaga igaro eta Ugao, Arrankudiaga eta Aretatik Laudiorantz hartzen eban bideak. Barriro be esan geinke gaur egun autopistak egiten dauan ibilbidearen antzekoa zala bide hau.

Geratzen jakun bideak Burgoserantz egiten eban, baina kasu honetan
Basurto aldetik. Bilbotik urten eta Kastrexanatik, Alonsotegi, Sodupe eta Güeñes zeharkatzen zituan, Balmasedara heldu arte. Azken herri honetatik Menako bailararantz egiten eben oinezkoek Burgoseko lurretan sartuz.

Honeek dira, labur batuta, Bizkaia zehazkatzen ebezen bideak Compostelako Santiagorako bidean.