Sarean  III. urtea // 42. zenbakia - 2004ko urtarrilak 15

Urte barriak zer dakarsku?


Informazinoaren gizartea

Euskal Herrian familien % 50ek dauka ordenagailua. Bestalde, Interneten sartzeko ohiturea (bai etxean eta bai lanean) % 35ekoa da, Espainiar estaduan baino nahikotxu gehiago eta Iparraldeko herrialde garatuenetatik nahiko hur. Hor izan doguz “Konekta zaitez” programea eta bere emoitza esanguratsuak: egun, 25 urtetik beherakoen artean % 72 sartzen da Interneten, 25 eta 34 urtekoen artean % 50 eta 45 urtetik gorakoen artean, barriz, % 11,3.

Teknologiaren eta informazinoaren gizarterantz goazela emoten dau baina Interneten konekteteak ez dau zertan helmugara heltzeko bide-laburrik ekarri behar. Tresna barriak garatu behar dira, Administrazinoan, irakaskuntzan (eta erabilten be erakutsi) eta baita enpresetan be. Orain arte, Euskal Herriko enpresetan arlo honek huts egiten izan dau, batez be enpresa txiki eta erdi mailakoen artean. Halan da be, oraindino kultura teknologikoa eta bere abantailak (eta menpekotasunak) ondo sartu barik dagoz egungo gizartean. Horregaitik, indar gehiago bideratu beharko litzateke sektore horretara.

Azken buruan, estadu mailan, datorren martiaren 14an hauteskunde orokorrak egoteak alderdi politiko guztiek teknologiari buruzko proposamenak plazaratzea ekarri dau: Alderdi Sozialistak eta IU alderdiak proposamen bana aurkeztu dabez dagoeneko, baina gai batzuetan zehaztasunak falta dira. Alderdi Popularrak ez dau oraindino aitamenik be egin, baina kontuan euki behar dogu estadu mailan teknologia barrien eta Interneten erabilerea gizartean zabaltzeko egindako azken planek euki daben porrot ikaragarria ('InfoXXI 2001-2003' izeneko planak ez ebazan bere helburuak inondik inora bete). Beste plan barri bat be martxan ipini da, 'EspaƱa.es 2004-2005'. Emoitzak ikusteko dagoz.

Gotzon Plaza

Urte barria, asmo barriak. Baina asmo horreen artean zeintzuk beteko diran eta zeintzuk asmoen munduan geratuko diran inork be ez daki. Iragarpenak egin geinkez baina eguraldiaren iragarpena egiteak daukan zailtasuna kontuan hartuta (nahiz eta metereologia zientzia bat izan), argi esan behar dogu gureak be ez dirala fidagarriak izango. Ganera, teknologia barrien aldakuntzea, barrikuntzea eta garapenaren abiadeagaz, ezinezkoa da seguridade osoagaz gauzak azaltzea. Halan da be, zelan edo halan jakingarri batzuk emongo deutsuedaz.

Adituen ustez, urte barri honetan pasa dan urtean jorratutako arlo batzukaz ekinean segiduko dogu: pirateriaren kontrako burrukea, software librearen eta librea ez danaren arteko lehia...; Sareko seguridadea be arlo garrantzitsua da, eguneroko tramakunluetako barrikuntzakaz batera (patrikako telefonoen arloan berbarako)...

Pirateriaren arazoa

Benetako burruka bizia darabilgu gai honetan eta pasa dan urtean ia egunero honen ganean hainbat eta hainbat artikulu, foro eta eztabaida egon ziran Interneten. Jarrera nagusi bi nabarmendu geinkez: alde batetik, gauzak dagozan moduan ixtearen aldekoak eta, bestetik, egoerea eskura daukagun teknologia barriagaz aldatu behar dala aldarrikatzen dabenak.

Pirateoaren indarra gero eta handiagoa dala ukatzerik ez dago. Kaletik paseo bat emotea besterik ez da behar ‘top manta’ ospetsuak edonon topetako. Editore, banatzaile eta aditu batzuen esanetan, egoera honek mila miloika euroko galerak ekarri ditu. Konpensazino moduan edo, CD eta DVDen ganean zerga barri bat jarri dabe zenbait estadutan.

Beste alde batetik, autore askok (gero eta gehiagok) euren lanak Internet bidez zabaltzen dabez. Ganera, badagoz lanak doan deskargetako aukerea emoten dabenak be.

Software librea eta librea ez dana

Gero eta erakunde (pribatu eta publiko), enpresa eta persona arrunt gehiago dabil software libreagaz beharrean (gehienak Linux sistemeagaz). Ulertzekoa da, beraz, librea ez dan softaren ordezkari nagusia (Microsoft) gero eta urduriago eta hasarreago egotea.

Egoera honi aurre egiteko asmoagaz, egunotan publizidade kanpaina erraldoia plazaratu dabe eta urte osoan zehar jarraituko dau. Kanpaina horren ardatza Linux eta Windows sistemen arteko konparaketea izango da: Microsoft enpresak informatikearen ganeko argitalpenetan (“Computer World”, “Information World” eta “Network World”) iragarkiak ipiniko ditu, euren produktua (Windows) soft librea (Linux) baino askozaz be merkeagoa dala ezagutarazoz.

Dana dala, soft libreak aurten gorakada handia eukiko dauala iragarri geinke, baita mundu guztian zehar zabalduko dala be, bai herrialde pobreetan, baita garatuetan be, Microsoft-enganako menpekotasuna apurka-apurka indarrik barik geratzen joango dala. Horren erakusgarri, Eusko Jaurlaritzak plazaratutako lehiaketa publiko batek Zope plataforma edo antzerako soft librea erabilteko gomendioa emon dau. Lehiaketa hau “Habenet” proiektuaren laugarren fasearen barruan dago, euskerea ikasten dagozanei zuzendutako web gunean.

Seguridadearen arloa

Zenbat eta teknologia gehiago, arazoak be ugaldu egingo dira. Pasa dan urtean birusak izan dira protagonista eta edozein momentutan agertzen izan jakuz ezusteko galantak eraginez. Eurakaz batera zabor korreoaren (spam) gaia be pil-pilean egon da (eta dago). Ameriketako Estatu Batuetan, berbarako, hartu dira kontra egiteko neurriak. Halan da be, nahiz eta neurri handi batean arazoa mugatu eta murriztu dan, gai hau, Interneteko gai gehienakaz batera, mundu osoan konpondu beharrekoa da. Nire uste apalean, urtenbideak globalak izango dira.

Teknologiaren garapen eta aurrerakuntzeagaz jarraituz, hackerrek eta birusen sortzaileek desafio barriak eukiko dabez euren “behartxuak” aurrera atarateko orduan eta horren arrazoia argi dago, izan be, enpresek zein erabiltzaile arruntok gero eta seguridade neurri gehiago erabilten doguzalako.