Bertsotan  III. urtea // 42. zenbakia - 2004ko urtarrilak 15

Arabatik bertso kantari!


Egitaraua San Martin bezperako txarri bi baino beteago egoan: bariku iluntzean, Bizkaia vs. Araba desafioa; zapatu goizean, Unai Iturriagagaz berbaldia, arrastian bertso saioen autogestinoari buruzko gogoetea eta iluntzean, barriz, Arabako Taldekako Txapelketako herriarteko finalerdia. Tartean, komuneko ispiluari puntua ipinteko gogoz joandako 30 gazte: “bertsomania” edo “isiltasunfobia” nagusi.

Barikuko desafioa barre abentura luzea izan zan ezer baino gehiago: jaurerritik Gorka Lazkano, Gorka Ostolaza eta Fredi Paia bertsolariaren anaia ibili ziran kantuan; patata lurretik Oihane Perea, Iñaki Viñaspre eta Irati Anda izan ziran guarnizinoaz arduratu ziranak. Epaimahairik egon ez bazan be, txaloak gura beste entzun ziran, zaleen esker ona argi ixteko beste.

Zapatu goizak iluntasuna jan eutson aurreko gauari eta Unai Iturriaga Imiruriko Erretore etxean agertu zan. Ez ei ekian zehatz zer kontau behar eban, baina aukera ona izan zan bertsolaritzearen ganean durangarrak daukan pertzepzinoa ikusteko: sano gazte hasi zala kantuan, sasoi batean bertsolariari gaia aldez aurretik esaten jakola saioaren maila ona ziurtatzeko, bertsolaritzearen aportazinoak maila personalean...; duda barik, erakargarria baino zer edo zer gehiago izan zan Unai Iturriagaren jantzi baltz ilunak jausten ikustea bere burua biluztu ahala.

Arrastia eta gaua arin pasau ziran, gustora. Arabako bertsolariek asmoa daukie saioen autogestinoari ekiteko (Bizkaiko 'Txapel Bete Bertso' lako ekimen barria egiteko) eta horren nondik norakoak zehazten pasau eben arratsa. Gauean, Taldekako Txapelketako finalerdia egon zan eta Gorbeialdeak eskuratu eban finalean Gasteizko taldearen kontra jarduteko aukerea. Edozelan be, Aiarako taldearen partetik bertso ale onak entzun ziran.

Oro har, beste lurraldeetara esportetako lakoa. Tira, neuk baino hobeto azaltzen dau Bizkaitik eta Gipuzkoatik joandako hiru gaztek egindako bertsoak:

Doinua: Partida tristea Ternuarat

Trebiñora iristeko
denak kotxean galduta,
heldu ondorenekoa:
barrea eta zurruta.
Bizkaia versus Araba
desafioan burruka;
Unai Iturriagarekin
asko ikasi dugu ta
Taldekako Txapelketa
ederra, hasi ta buka
gaubela goizbela egin
zaigu apurka-apurka
sorginkeri kutsu batek
dauka Araba hartuta
“bisitanteak” gelditu
baikara arabartuta.

Xabier Paia

'Gaizqui ba doaz ere
orra eusqueraz
ifin naiz au eguiten
neure bildurraz:
eguizu farre
gaizqui mintzatzen ba dut
lotzaric bague.'

Juan Bautista de Gamiz
Sabando, 1696-1773

Arabako euskereak aztarrena gitxi itxi dauz historiarako. Koldo Zuazo lako filologoek berreregi gura daben etxeak ez eban oinarri handirik itxi kanpotarren erdereak bertoko berbearen zimentuak bota ebazanean. Araba 30 urteko euskaldun barria da, AEK eta ikastolen arabera ikasi dauana. Horra ba, arabarren araberea.

Orain 30 urte atzera jaio zan euskerea Arabako zilborrean, Gasteizen; Euskal Autonomia Erkidegoko uriburua eratu zan berton, inguruko herri erdaldunen eragina gitxitu asmoz. Handik 10 urtera Araba osoko lehen bertso-eskolea ezagutu zan uriburuan: Gasteizeko bertso-eskolea. Artikulu honen hasikeran jarritako bertsoaren testigua jaso eben bertsozaletasunak zazpigarren alabearen bihotzean sortutako abira parajetu ziranek.

Gaur egun Arabak eten bako loraldia bizi dau bertsolaritzan. Uriburuko bertsogintzea probintzia osora zabaldu da, euskal inprobisatzaileen jarduna Laudiotik eta Agurainera eroan arte. Aurtengoa hirugarren urtea izango da Arabako Txapelketea egingo dana, bertsolari mailan eta bertsozale kopuruan gora doazen saioak ugalduz.

Dagoeneko 30 urte dira euskerea barriz jaio zala, 20 Gasteizko bertso-eskolak bataioa jaso ebala, ia 15 gaur egungo Arabako Txapelketearen lehen edizinoa egin zala (kontuan izanda San Prudentzio sariketeak bete izan dauala hainbat urtetan honen lekua) eta 10 urte Arabako bertsolari gazteen lehen topaketatik. Hain zuzen be, urtarrilaren bigarren asteburuan Imirurin alkartu ziran Arabako eskualde danetako bertsolari eta bertsozaleak, euren izakeran eragin handia daukan ezaugarri horretaz gozetako.