Txutxu-mutxuan  III. urtea // 42. zenbakia - 2004ko urtarrilak 15

Ez belorik, ez 'kippa'rik, ez kurutzerik


Kurutzea

Kristinautasunaren ikur eta sinbolo nagusia da. Kristoren heriotzea eta berpizkundea adierazoten dau. Makila bik osotzen dabe; bertikala gizakiak jainkoagaz daukazan hartu-emonen sinboloa da eta horizontala personen arteko hartu-emonena. Kurutzea 313. urtetik aurrera hasi zan erabilten, Konstantino enperadoreagaz batera. Berak kristinautasuna inperioko erlijino ofizial modura aldarrikatu eban eta handik aurrera kurutzeak munduko sinbolorik ezagunetariko bat izatea lortu dau. Kurutzea, berez, Kristok heriotzea gainditu izana sinbolizetan dau.

Azkenburukoa

Munduan hiru erlijino honeetako 3.200 miloi fededun inguru dagoz; horreetarik, 2.000 milioi katolikoak dira, 1.200 milioi musulmanak eta 14 milioi judutarrak. Hiru erlijino honeek monoteistak dira eta hiruren abiaburua Abraham da, sinistun guztien aita.

Begiluzea

Konsumismoak goitik behera menperatzen dauan Mendebalde honetako gizarteek jainkoaren desagerpena aldarrikatu dabe. Gauzak holan, gizarte sekularizatu honeetan herritarrak gero eta gitxiago arduratzen dira erlijino kontuakaz eta sinismen zaharrak arian-arian baina eten barik baztertzen doaz, igarotako gauzak balira legez. Baina, erlijino zaharrek ez dabe hil gura eta, modernotasunak gidatuta, merkatuaren jainkoari aurre egin gura deutsie. Ikurren arteko burrukea da. Edozelan be, konsumoaren ikurrak edonon topau arren, erlijiosoak gero eta esparru txikiagoa beteten dabe. Frantzian jakintsuen batzorde batek eskoletan dagozan erlijino ikurrak kentzeko gomendioa emon dau. Italiako auzitegiek arrazoia emon deutsie gizon musulman batek bere alabak ikasten dauan eskolako kurutzea kentzeko egindako eskabideari.

Laizismo eta erlijinotasunaren arteko eztabaidea bero-bero dago, bai eta erlijinoen arteko hartu-emonen gaia be. Eta gitxi barru gurera be ailegauko da. Baina zer dakigu gaur egun sinbolo honeen ganean? Zeintzuk dira belo, kippa eta kurutzearen jatorrizko esangurak?

Kippa

Kippa gotzainek, kardenalek eta Aita Santuak berak erabilten dabezan kapela txiki eta biribilen antzeko kalota bat da. Baina zuria, morea edo gorria izan beharrean, normalean baltza izaten da. Judutarrentzat, kippa jainkoaren presentzia bizitzan errespetetako erakusgarria da. Kippa txikitxu hau uleari pintzez lotzen jako eta hainbat kolore daukaz. Judutarrik gehienek, batez be Mendebaldean, kolore baltzekoa erabilten dabe.

Kippa Moisesen sasoitik jazten da judaismoaren barruan. Andrazko zein gizonezkoek burua kapela txiki honegaz tapetako betebeharra daukie, jainkoarenganako errespetua erakusteko. Baina egun, Mendebaldeko judutar gehienek eleizkizunetan edo errezu egitean baino ez dabe jazten.

Beloa

Beloa edo hijab-a ulea eta samea tapetako zapi txikitxu bat da. Normalean zuria edo kolore argikoa izaten da, baina hainbat tokitan andrazkoa burutik hanketara tapetan dauan kolore baltzeko jantzi bihurtu daiteke. Musulmanen eretxiz, beloa ez da burua beste barik ostentzen dauan ikurra: andrazkoaren kastidade eta garbitasunaren sinboloa da, ohore, duintasun eta osotasunaren ikurra, hatan be.

Hasikera baten, beloa Mahomaren emazteek baino ez eben jantzi, ganerakoakandik bereizteko. Geroago, andrazko aristokratiko eta aberatsek erabilten hasi eta konkista handien sasoian zabaldu eta orokortu zan jantzi honen erabilerea.

Hijab jantzita eroateak apaltasuna eta barruko begirunea adierazoten dau. Islamean, gizonezkoek ez dabe jantzi behar, baina erlijinoak gupidatsu, arduratsu eta zintzoak izatea eskatzen deutse. Mendebaldean beloa jantzita daroen andrak ikusikeran, sinbolo hau fanatismo edo fundamentalismoagaz nahastau ohi da, musulmanek euren kulturan guztiz zuztartuta daukien erlijino ikurra dala kontuan hartu barik.