Bertsotan  III. urtea // 42. zenbakia - 2004ko urtarrilak 15

Bertso Eguna 2004


Ekitaldi nagusia

Donostiako Kursaaleko auditoriumean, 18:00etan.

Bertsolariak: Andoni Egaña, Igor Elortza, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Angel Mari Peñagarikano, Jon Maia, Iñaki Murua eta Unai Iturriaga.

Gai-jartzailea: Josu Goikoetxea.

Afaria eta festa

Zubietako Araeta sagardotegian, 21:00etan.

Bertsolariak: Amets Arzallus, Imanol Lazkano, Jexux Mari Irazu, Jokin Sorozabal, Xabier Silbeira, Fredi Paia, Aitor Sarriegi, Iñaki Apalategi eta Xabier Amuriza.

Trikitikariak: Ansorregi eta Larrañaga.

Sarrerak eta erreserbak

Ekitaldirako sarreren prezioak: arrunta 10 €, bazkideek 7 € eta 16 urtez azpikoek 4 €. Ekitaldia eta afarirako: arrunta 30 €, bazkideek 25 € eta 16 urtez azpikoek 22 €. Erreserbak Bertsozale Elkartean egin leitekez (943 21 77 98) eta baita www.bertsozale.com orrian be. Erreserbak egiteko epea urtarrilaren 16an amaituko da. Azkenik, gogoan hartu Bizkaiko Bertsozale Elkarteak autobusa antolatu dauala Bizkaitik doazen bertsozaleentzat (94 681 27 11).

Iñaki Aurrekoetxea

Euskal Herriko bertsozaleen urteroko zitea, San Sebastian egunaren inguruan antolatzen dana. Aurton be Donostian izango da, urtarrilaren 24an, eta Kursaalen lehenengo eta sagardotegian gero, puntako bertsolariak entzuteko eta bertsozaleen arteko giro berezia gozaetako eguna izango da.

Bertso Egunaren historia

Hogeita hamabosgarren edizinoa da aurtengoa. Lehenengoa 1967an ospatu zan eta hasikeran Bertsolari Eguna izenez ezagutzen zana, plazetan luzaroan ibilitako bertsolarien omenaldi legez antolatzen ziran. 1967koa Uztapideri eskaini jakon. Azken hamarkadan, Bertso Eguna izena hartu dau eta bertsozaleei egiten jaken omenaldi legez aitu leiteke. Bertso Egunaren helburua sasoian sasoiko bertsolaritzearen mobimentuaren islada izatea da. Baita ekarpenak eta froga barriak egitea be. Azken urteetan saio bereziak egin izan dira bertsoa arte eszenikoakaz buztartuta, eta egia esan danetarik ikusi dogu: bertsolariak antzesten, gai-jartzaileak pareka...; danetariko eretxiak sortu dira. Askok kritikau izan dau bertsolaritzeak protagonismoa galdu izan dauala holako esperimentazinoetan, beste batzuk frogak egitea beharrezkoa dala eta Bertso Eguna moduko esparruak horretarako erabili behar dirala. Donostiako Kursaalen antolatu diran azken hiru edizinoak bertsolaritzeak bizirauteko ez eze bizitzeko modu barriak asmetako daukan grina osasuntsuaren ispilu izan dira.

Egitaraua

Aurtengo erronkea bertsogintzearen protagonismo osoa berreskuratzea da, goi mailako bertsogintzearena hain zuzen be. Bertsolaritzea bat-bateko sorkuntzea eta komunikazinoa izanda, bertsolaria biluzik agertzen da ikus-entzulearen aurrean eta kantuaren bidez liluratzen dau. Aurten be ez da frogarik faltako baina. Bertsolariaren agerpen soil horretan, posizino eta kokapen desbardinek sormenean eta sormen horren transmisinoan daukan eragina frogatu gura dabe, besteak beste, oholtzaren banaketea eta kantulagunarenganako posizinoak aldagai moduan erabilita.

Azken urteetako jokereari jarraituta, bi atal izango dauz Bertso Egunak: Kursaaleko ekitaldi nagusia eta Araeta Sagardotegiko afalosteko ekitaldia. Bietan izango dira puntako bertsolariak, lehenengoan oholtzako saio formalean, esperimentuak esperimentu, eta afalostekoan saio labur eta dinamikoetan. Hor bertso jarrietarako tartea be izango da eta, duda barik, umorea izango da osogai nagusiena. Aiko hemen egitarau zehatza: