Euskerea berbagai  III. urtea // 42. zenbakia - 2004ko urtarrilak 15

Konsumo Legea eta hizkuntza eskubideak


Testuinguru horretan, administrazinoek (Jaurlaritza, aldundiak, udalak, mankomunidadeak...) eta beroneen barruko enpresek autortutako hizkuntza eskubideen jagole ez eze, praktikara eroateko orduan, garrantzi handiko papera jokatu leikie, besteak beste, lehen bezeroa, askotariko zerbitzuen eta produktuen konsumitzailea eta emoilea administrazinoak diralako, beraz, horra hor segidu beharreko lehenengo arrastoa. Baina, hori garrantzitsua izanda be ez da nahikoa. Izan be, eremu pribatuan eragin gura bada, besteak beste, udalakaz lankidetzan, hizkuntza paisajea elebiduntzeko edo euskera hutsez jarteko laguntza deialdiak, beharginak euskalduntzeko edo alfabetatzeko egitasmoak indartzea, merkataritza gune handietan euskerearen normalizazinoa ahalbidetzeko plangintzak, askotariko elkargoekaz euskerearen ezagutzea eta erabilerea indartzeko hitzarmenak, etab. leitekez sustatu beharrekoak, era horretara, Legean autortutako eskubideak eragingarriak izan daitezan baldintzak sortuko doguzalako, duda barik.

Horrezaz ganera, gune euskaldunenetatik hasita, bezeroei eta zerbitzu emoileei daukiezan eskubideen eta betebeharren barri emoteko informazino kanpainak abian jartzea garrantzi handiko kontua da. Batzuetan, bezeroak hizkuntza eskubideak daukazanik be ez daki, zerbitzuak gazteleraz emoteko jokereak bere horretan segitzen dau eta, beraz, beste bide estrategiko bat horixe litzateke. Amaitzeko, onartu barri dan Legeagaz aurrera pausu handia egin da, baina, bidearen zati gehiena egiteko daukagu. Ekin daiogun lanari!

Erramun Osa

Etiketa argiak, iragarki zuzenak, beherapenetan kalidadea jagon beharra eta abarrak ez dira nahikoa. Orain dala gitxi, Eusko Legebiltzarrean onartutako Konsumo Legean jasoten danez, aurrerantzean, konsumitzaileen hizkuntza eskubideak be kontuan hartu beharko dira. Bada, egindako pausua garrantzi handikoa eta barritzailea da. Batetik, hizkuntza eskubideen kontuak ez daualako bereizitako tratamenturik euki, hau da, Legeak aztertzen eta finkatzen dauzan askotariko alderdien inguruabarrean hizkuntza eskubideena be kokatu da (Catalunyako edota Quebec-eko eredua). Bestetik, konsumitzaileen eskubideak era integralean jaso dira. Batzuentzat gehiegi da jasotakoa, horrenbeste ezen –erdaldunen– hizkuntza eskubideak urratzen diran, beste batzuentzat, ostera, labur geratu da.

Jaurlaritzako hiru alderdiek emon deutsie babesa Lege barriari, izan be, ez PP ez eta SA taldea ez ziran, arrazoi desbardinak dirala tarteko, pleno aretoan agertu. Sozialistek, barriz, ez eben kontrako botorik emon, baina, besteak beste, hizkuntza eskubideen aitamenak batzuen eskubideak urratzera heldu leitekelakoan, abstenidu egin ziran. Erdaldunen eskubideak mugatzen ei dira. Halan da be, taberna bat zabaldu behar dozunean, aldi berean gehienez hartu ahal dozun lagun kantidadea ezartzen jatzunean, zabaltzen dozun aretoko komunek bete beharreko baldintzak ezartzen jatzuzanean, hesi eta holakoen bidez, jantokia eta komunen arteko bereizketa jarri behar dala esatean, ordutegiak ezartzean edota musika ekipoak eta tabernaren kategoria buztartu egiten diranean, jaubeen nahierako jokabideei hesia jarri eta erabiltzaileen –bezeroen– eta ingurukoen segurtasuna jagoteko eta eskubideak gailentzeko pausuak egiten dira. Batzuetan, hesi jartze hori arrazoizkotzat eta ezinbestekotzat hartzen da, jagon beharreko ahalmenen artean hizkuntza eskubideak dagozanean bestela jokatzen da, baina.

Sozialistek erdaldunen hizkuntza eskubideak jagoteko etenbako ahaleginak egiten dabez, baina euskeraz dakienen eskubideak jagon daitezan noiz egingo dabez pausuak? Badaukie horretarako aukera nahikoa, ez EAEn gobernetan daben udal eta mankomunidadeetan bakarrik, baita Nafarroan edota lekuan lekuko hizkuntzak normalizetako Legeak eta epaiak bete barik segitzen daben Estaduko administrazinoaren barruko zerbitzuetan be. Baina, onartu barri dan Legera bueltauko naz.

Euskereak geroz eta hiztun gehiago daukaz, hizkuntza komunidadea indartzeko eta zabaltzeko, geroz eta erabilera eremu gehiago (besteak beste, lan munduan eta zerbitzuen arloan) behar dabezan hiztunak. Kontuak kontu, hizkuntza eskubideak urratzen diranerako zigor neurririk ez aurrikustea falta handia da, baina, ulergarria dan hutsunea, bestalde. Izan be, gitxiengo batek darabilen gitxiagotutako hizkuntza baten kontuan, aurrera egin ahal izateko, konbenzimentuaren bide neketsua da segidu beharrekoa, bide batez, beharra apurka-apurka sortuz eta behar horreei erantzun ahal izateko bitartekoak bideratuz.