The last samurai
Lantzean behin Hollywood-ek bere buruari begiratzeari itxi eta ikuspegia beste kultura eta gizarte zahar eta oparoagoetara bideratzen dau. Horreetariko bat, duda barik, Japoniako gizartea da, munduko beste guztiak legez, historiako ibilbide luzean birtute eta hutsuneak pilatzen joan dana, baina, gaur egun be globalizazinoaren ezinbesteko eraginak gorabehera, karisma handiko izakereari eusten deutsona.
Film honen hari nagusia, beraz, zahar eta barriaren arteko dikotomia horretan datza. Nathan Algren kapitaina (Tom Cruise) ekialdeko herrialde honetara ailegauko da XIX. mendearen amaieran, bertako soldaduak arma eta estrategia barrien erabileran trebatzeko asmoz.
Pelikulea modu eder eta egokian girotuta dago eta argazkigintzea erabilteko modua on-ona da; gauzak holan dirala, aurkeztuko deuskuezan paisajeak eta kale giroak sano sinisgarriak izango dira. Era berean, Edward Zwick zuzendariak egindako lana txalogarria da, nahiz eta protagonistearen iragan ilunaren “flash-back-ek” inor konbenzidu ez. Pelikulearen ekintzazko alderdiari jagokonez, ostera, Zwick-ek maisutasunez azpimarrau dauz filmaren osogai dramatikoak. Burrukearen azken ordu erdia ederto filmauta dago eta zuzendariak tragediari ostera be oratzen deutso, pelikuleari edukin zabalagoak emon guran.
Bestalde, Tom Cruisek gehiegitasunez ekiten deutso pertsonaiaren hasikerako interpretazinoari, baina ondo be ondo jardun dau samurai barriaren barealdi epean. Bigarren mailako antzezleen jarduna be bikaina da, batez be samurai japoniarren narrua jantzi behar izan dabenena. Karakterizazinoa be ona da arpegikerak eta nortasunak bat datozelako, hau da, personaia bakotxak beteten dau ikusi eta atoan berarengandik itxaroten dogun rola. Takaren semearen interpretazinoa beren beregi aitatu beharra dago.
Halandaze, pasarte batzuetan erritmoa galtzen dauala emoten badau be, lan interesgarria eta ona da, areago une honetan zinemetan doguzan aukerak ikusita.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Edward Zwick.
- Herrialdeak: AEB, Zelanda Barria eta Japonia.
- Antzezleak: Tom Cruise (Nathan Algren kapitaina), Timothy Spall (Simon Graham), Ken Watanabe (Katsumoto), Billy Connolly (Zebulon Gant), Tony Goldwyn (Coronel Bagley), Hiroyuki Sanada (Ujio), Koyuki (Taka), Shichinosuke Nakamura (enperadorea), Shun Sugata (Nakao)...
- Gidoia: John Logan, Edward Zwick eta Marshall Herskovitz..
- Iraupena: 154 minutu.