Jan-edanak  III. urtea // 42. zenbakia - 2004ko urtarrilak 15

Kilotxuak gora?


Loditasuna edo obesidadea

Obesidadea mundu “aberatsetako” arazo bat da, eta gaixotasun askoren eragile be bai. Gehiegizko pisua daukien lagunen kantidadeaz jaubetu eta autore batzuk “obesidadearen epidemiaz” berbetan hasi dira. Jakin badakigu loditasuna hainbat gaixotasunetarako arrisku faktore bat dala. Arrisku faktorea izateak zera esan gura dau: obesidadeak gaixotasun horreek agertzea erreztu egiten dauala; osasun arazook ez daukie derigorrez persona lodietan agertu beharrik baina esan daigun loterian jokatzeko orduan 'irabazteko' aukera gehiago daukiezala. Gure sasoia baino lehenago eta denpora luzean zehar loditasuna osasun onaren eta ondoizate ekonomiko eta sozialaren erakuslea izan bada be, egun oso argi dago obesidadea gaixotasun asko hartzeko arrisku faktore bat dala, besteak beste, diabetesa, hiperlipemiak eta zirkulazino txarra. Honeek oso lotuta dagoz loditasunagaz eta ganera obesidadeak txarragotu egiten dauz; horrezaz ganera, batzuetan ondoez edo arazo psikikoen eragilea be bada.

Beste alde batetik, gehiegizko pisu hori kentzea gatxa izaten da sarritan, beste hainbat gauzen artean gure inguruan horrenbeste jateko eukiteak eta ariketa fisiko gitxi egiteak (sedentarismoak) ez dabelako gaia errezten. Ganera, gorputz irudi utopiko bat goraipatzen dauan presino soziala be badaukagu eta osasuna, utopiak eta propagandea EZ dira gauza bera.

Obesidadearen definizinoa

Obesidadea pisu igoera bat baino gehiago da. Gorputzeko koipe kantidadea gehitzearen ondorioz, hau da, gorputzean koipe larregi edo ehun adiposo gehiegi eukitea da eta ez pisu igoera sinple bat. Gaiaren harian, koipe gehiegi eukitea gorputzaren gaitasun funtzioanalaren aldaketeagaz batera dator sarri.

Gorputzeko koipe kantidadearen ganean, ondokoa argi euki behar da: persona bat normalean baino kirol gehiago egiten hasten danean, geldiro-geldiro gorputzeko muskuluak lantzen joango da eta, jakina pisua hartuko dau, muskuluek koipeak baino pisu gehiago daukielako; dana dala, hori ez da loditasuna (gabon inguruan hori pasetea normalena izan ez arren).

Noiz dago obesidadea?

* Gorputzean koipe gehiegi dagoanean (> % 25 gizonetan eta > %33 andrazkoetan).
* Gorputzaren funtzionalismoaren aldaketak agiri diranean.

Loditasunaz asko dago esateko eta hori da hurrengo atalean egingo doguna; gauza batzuk beharbada ezagunak egingo jatzuez eta gogorarazoteko balioko deutsue. Beste batzuk, akaso, barriak izango dira eta zeozer gehiago jakiteko bidea zabalduko deutsue. Hurrengo atalera arte, beraz.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL Mediku Zentrukoa.

Amaitu dira gabonak eta persona askok ez zenduen pisu aldaketarik igarriko, urdaila astuntxuago bai beharbada. Beste persona batzuk ostera kiloren bat irabaziko eben (edo lehenagotik eukiko ebezan sobran, igual) eta orain hasten dira gehiegizko kilotxu horreek gainetik kendu guran; zoritxarrez ahalegin horreetan askok hutsegiteak egiten dabez, euretariko batzuk arriskutsuak ganera. Hau askotan informazino ezagaitik edo informazino txarragaitik izaten da baina beste askotan gure asmoak arinegi bete guran aholkuei entzungor egiteagaitik.

Gabonetako boladea sarritan gehiegikerien sasoia izaten da eta guztiok dakigu gehiegikeriak sekula ez dirala onak izaten, baina ez ahaztu norberaren burua zigortuz eta irainduz ez deutsagula geure buruari ezelako mesederik egiten. Pisua bajau gura dogunean, energia edo kilokaloria gitxiago jan behar doguz, balantze negatiboa lortuz gure gorputzeko gehiegizko koipeak erre ahal izateko. Horrek sarritan gosea sentitzea eragiten dau eta goseari aurre egiten ikasi behar dogu. Gitxiago jaten ohitu, gure urdailari gitxiagogaz “isiltzen” erakutsi eta geure burua jagoten ikasi behar dogu. Sekula ez geunke ahaztu beharko izaki bizidun guztientzat jatea plazerra dala (persona apur batzuk hau holan ez izatearen zoritxarra daukie, baina gitxi horreek dira ez-ohikoak). “Bizkaie” argitaratzen hasi zaneko lehenengo atal haretan adierazo neutsuena gogorarazoko deutsuet, guztiontzat hau argi eukitea garrantzitsua dala uste dot eta: “egoera normaletan superbizipenerako balioa daukien jokerek geure entzefaloko sari zirkuituak estimulau egiten dabez: elikagaiak jan, ura edan, gorputzean tenperatura egokia mantendu, hartu-emon sexualak, familia eta gizarte hartu-emonak....”.

Dana dala, beste gauza bat be argi dago: jatea plazerra da eta gustora jatea osasungarria, baina gehiegi jateak kalte egiten deutso gure osasunari. Gogoratu Zizeronek esaten euskun ha: “gure indarrak berreskuratu ahal izateko neurriz jan behar dogu eta ez egin gure gorputza gainkargauko dauan gehiegikeriarik”.