Peru (IV): Machu Pichu
Herria atzean itxi eta ondoko mendirantz joan gara Wayna Picchu, mendi barria esan gura dauan horretarantz. Torre baten moduan agiri da gure aurrean, eta erakargarria da, benetan. Oraindino goizeko zazpiak baino ez dira, jente gitxi dago eta aukera parebakoa da ha dana lasaitasunean gozetako. Hasikerea ez da izan gatxa, baina gora joan ahala, arnasea hartzeko geldialditxuak egin behar doguz. Azkenengo zatiak horma bat emoten dau, eta eskuak be erabili behar dira igoteko. Esperientzia polita, baina apur bat beldurgarria be bada. Ailegau nazenean, ha izan da plazerra!, ha ikuspegia!, ederra, hainbat eta hainbat mendi nire begien aurrean. Ez da ez, kasualidadea inkak hona etorri izana Machu Picchu eregiten. Lekua zoragarria da. Han egon gara ia pare bat ordutan, ha guztia miresten. Eta pakean, nasai.
Geldiro, beherako bidea hartu dogu. Astiro, ikuspegiaz gozetako, gorantza doazan batzuekaz berba egiteko. Astiro, ikusten dogun guztia barruratu ahal izateko. Iretargiaren tenplurantz joan gara. Bidean gero eta arbola gehiago dagoz, basoa hezeagoa da, eulitxuak gehiago dira, baita tximeletak be. Bideak estua izateari itxi deutsonean, aurrean zabalgune ederra agertu jaku. Ailegau gara. Kobazulo bat da, sarrera handia dauka baina ez da sakona. Kobazuloak aurrean daukan zabalguneari esker, lau-bost mendi daukaguz begiz begi. Horma zabala emoten dabe, bakotxak tontor bat daukala. Lekuaren edertasuna ikuspegian datza. Edertasunak indarra emoten deutso...; ezin zara handik joan ha guztia barruan sartu jatzula sentidu arte. Eta han geratu gara luzaroan, ederra da sentsazinoa.
Atzera Machu Picchura joan garanean, jentez bete-beterik egon da. Edonora begitu, eta jentea egoan; behean, goian, etxeetan, barruan, kanpoan, terrazetan…; ganezka dago. Ez dakit Machu Picchun nagoan edo uri erraldoiren batean!
Gauean, gosetuta, jaten joan gara eta jantokiko mutilakaz berbetan egon gara. Ketxuaz eta gaztelaniaz egiten dabe. Beste kontu batzuen artean, “jentilak” espirituak dirala esan deuskue. Jentea hilten danean, espiritua, batzuetan, ez dala gorpuan geratzen eta urten egiten dauala. Espirituak edozein goputzaren eitea hartu leikela. Gustora egon gara, eta nekerik be ez dogu igarri. Goizaldean sartu gara ohean. Bihar gehiago.
Iratxe Ormatza
Cuscotik autobusez hainbat kilometro egin ostean, Machu Picchuko herrira, Aguascalientesera, gauean ailegau gara. Han egin dogu lo, gero goizaldean Machu Picchura joateko. Cuscotik autobusez lehenago eta trenez gero etorri gara. Trenak zati bi daukaz: bata perutarrentzat, merkeagoa dana; bestea atzerritarrontzat da, eta karuagoa, jakina. Machu Picchu da Peruko gunerik turistikoena. Trena ganezka joan da baina gu atzerritarrontzat erreserbautako bagoi batean joan gara: ule argia, ia ule baltzik ez, eta danak nahiko zuritxuak gara. Trenetik salto egin eta etxe baten bila joan gara. Atzerritar piloa dago eta hostalak beterik egon dira; hutsik egon diranak nahiko karuak izan dira. Azkenean topau dogu, eta nahiko merkea.
Hiru ordu eta erdi lo egin eta gero, gora. Gogoa handia da eta lo gitxi egin dogula ia ez dogu igarri. Lauretarako bidean egon gara. Iretargia nahiko handi dago eta argi apur bat emoten deusku. Badaezpada be, linternatxu bat daukagu bidea argitzeko. Erreka paretik joan gara eta uraren soinua bidaide dogu. Belarrietarako ibilaldi ederra da: ez da ia ezer ikusten eta mendi artetik zoazela errekearen doinua entzutea zoragarria da. Honezkero, bi mila metrotik gora gagoz eta gorputzak ez daukaguz erabat ohituta. Goian zer ikusiko dogun esperantzak indarra emoten deusku bideari ekiteko. Ordubete eta erdiko oinezko ibilbidea egin eta heldu gara. Ateak zabaldu orduko Machu Picchun sartu gara. Machu Picchu-k mendi zaharra esan gura dau. Leku berezia da. Mendian gora zoazela be esan leiteke arnasearen bidez haizeagaz batera, beste zeozer sartzen jatzula, indarra emoten deutsuna. Eta inkak hona etorri ziranean, horixe bera topauko ebela jatortzu burura.
Mendiak behetik gora altzetan dira landarez beteriko hormen moduan. Machu Picchutik ibarra ikusten da: lehenago ondoan izan dogun erreka han behean, eta inguruan mendiak ugari. Mendi tontorrek euren mendia daukiela emoten dau, behetik gora altzetan dan mendi bakarra eurentzat. Nik neuk ez dot sekula ikusi holakorik neure begien aurrean, itsasoan hatxak moduan altzetan dira lurretik gora, eta dana landarez beterik.
Sartu garanetik ezin dogu irribarrea aurpegitik kendu, geu baino indartsuagoa da. Lekuak zeozer espeziala ernaltzen dau barruan eta aurpegitik urtetan deusku. Herriak bi alderdi daukaz: batetik, herria bera; eta bestetik, nekazaritza lantzeko lur sailak. Mendiaren altzoan terrazak egin ebezan ortuariak ereiteko. Batzuk lau metrokoak dira, nahiko handiak. Terrazei eusteko hormak harriz egindakoak dira eta etxeak be harriz egindakoak dira. Peruko alderdi askotan buztina erabilten dabe etxeak eregiteko, merkeagoa da, eta, askotan, inguran dagoan gauza bakarra. Behar itzela egin eben ha guztia altzetako. Ganera, harrien artean ez dago zementorik ez ezer. Batak besteari eusten deutso. Teoria baten arabera, inkek harriak lotzeko bedar batzuk erabili ebezan. Izan be, harrigarria da urte piloa pasauta, harritzar guztiak zutunik ikustea.