Koldo Nabaskues (EKA/OCU): 'Gero eta sarriago erreklametan doguz kalte-ordainak'
Gabon-jaiak eta gehiegikerietarako egunak joan ziran eta orain, urtarrilean, urte osorako asmoak eta jokabidea diseinetako momentuan, aldatz gorea eta burukominak izaten dira nagusi; halan da be, etenik ez dago bizimoduan, eguneroko jardunean eta gabon bueltan deskantsua hartzeko astia atara badogu be, ez dago geldi egoterik.
Neguko merkealdia hasita dago eta, sarritan, beharrizan larregi euki ez arren, zoroen moduan joaten gara patrikeran daukaguzan diru apurrak gastetan. Adituen kalkuluen arabera, denda txiki zein handiek 300 milioi euro inguru fakturauko dabez merkealdien boladan eta EAEn konsumitzaile bakotxak, batezbeste, 200 euro inguru gastauko ditu.
Konsumitzaileon eskubideen barri eukitea eta legeak ze babes emoten deuskun jakitea ona da ezustekorik ez hartzeko. Kontu honeek guztiak interesgarriak diralakoan, Koldo Nabaskues, EKA/OCU, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketako buruagaz bat egin dogu.
1. 2003ko gabonaldian aurrekoetan baino askosaz gehiago gastau dogu eta emoten dau merkealdiotan be gastetan jarraituko dogula. Dirurik ez dagoala entzuten dogu sarri...
Dirua sendo darabile batzuk baina beste batzuk, ostera, asko kostata heltzen dira hilearen akabura. Zuk aitatutako datuekaz ez nago konforme. EAEn, joandako gabon-jaiotan 1000 euro ingurukoa izan da gastua familia bakotxeko eta merkealdiotan, barriz, pentsau geinke batezbeste 100-200 euro inguru gastauko doguzala familiako; jakina, Getxoko familia batek leitekeana da 500 euro be gastetea merkealdiotan baina, akaso, Barakaldoko bat ez da helduko 150 eurora be. Egunotan zabaldu da bai persona bakotxak 200 bat euro gastauko dituala hasi barri diran merkealdiotan baina guri gehiegizkoa otu jakun kantidade hori.
2. Legearen arabera, merkealdiak bi izaten dira urtean zehar: udan eta neguan. Gitxienez, astebeteko tartea eta gehienez pare bat hilekoa hartzen dau merkealdiak. Kontua da ze, dendatan merkealdietatik aparte be izaten dirala promozino eta eskaintza bereziak, denporaldi amaierakoak, bat pagau eta bi eroan...; eskaintza berezien kontua ez dago araututa?
Bai, ondo esan dozu, urtean merkealdi bi dagoz, bata udan eta bestea neguan; gehienbat moda sektorean izaten da, arropa eta zapata arloetan baina beste sektore batzuetara be zabaldu da, besteak beste, etxeko ekipamendura (izarak, etxeko tresna elektrikoak...).
Epeari jagokonez, gitxienez astebeteko iraupena euki behar dau merkealdiak eta gehienez hile bi, urtarrilaren 7tik martiaren 30era bitartean. Eskabidea idatziz egin behar jako Eusko Jaurlaritzari eta agiria bezeroek errez ikusteko lekuan egon behar da dendan jarrita.
Beste alde batetik, promozinoak eta eskaintza bereziak ez dagoz araututa eta elikadura sektorean berbarako sarri-sarri egiten dabez, baita arropa dendatan be, batez be, denda eta saltoki handietan eta egia da, konsumitzaile alkarte batzuetan jaso izan dirala salaketa batzuk praktika horreen kontra, izan be, dendari txikiek desleialtzat hartzen dabez; kontua da ze promozino edo eskaintza horreek ez dagozala galazota. Berez, produktu zehatzen promozino edo eskaintza bereziak izaten dira eta merkealdiotako produktuekaz konparauta badago aldea, hau da, merkealdiotan salgai ipinten dabezanak lehendik dendan dagozan produktuak diralako. Merkealdiotarako beren beregi erositako produktuak, barriz, 'saldo' modura salduko dira.
3. Konsumitzaileok, besteak beste, osasunaren zein interes ekonomikoen defentsarako eskubidea dogu. Dana dala, ondo ezagutzen ete doguz gure eskubideak?
Jakina, eskubide piloa dogu, besteak beste, osasunerako edo informazinorako eskubideak. Dana dala, oro har, gure eskubideak ez doguz lar ezagutzen; gehiegikerien kontra zeozelako babesa behar dogula danok onartzen dogu baina herritarren artean galdeketea egingo bageunke, ezusteko handiak hartuko geunkez. Arlo honetan, ezjakintasuna da nagusi.
Interes ekonomikoen defentsarako eskubideari jagokonez, arlo zabala da ze kontuan euki finantza, aseguru edota eraikuntza sektoreko akatsen mundua be hor sartzen dala. Horrezaz ganera, zorionez, orain arte erreklametan ez ziran gauza batzuk eskatzeko bildur edo konplejuak bagoaz kentzen eta gaur egun sarritan erreklametan doguz kalteordainak berbarako hegazkin bat edo maleta bat galtzeagaitik. Kalte ekonomikoak eta moralak erreklametea legebidezkoa da eta ez dogu euki behar horretarako bildurrik.
4. Merkealdiak araupetzen dituan araudia, gitxi-asko danok ezagutzen dogu (merketutako produktuak kalidadezkoak izan behar dira, merketutako produktuetan argi adierazo behar dira prezio biak, merketzen diran produktuak gitxienez hilabete lehenagotik euki behar dira dendan...). Txartelagaz pagetea be onartuta dagoala badakigu baina, arrazoi bategaitik edo besteagaitik, merkealdietan erositakoa aldatu gura izan ezkero, saltzaileak derrigor aldatu beharko deusku?
Gitxi-asko, ondo azaldu dozu; merkealdiotako produktuak denporaldikoak izan behar dira eta arautegiaren arabera, merkealdiak hasi baino hile bat lehenagotik euki behar dabez salgai. Kontua da ze merkatua legeen aurretik doala beti, hau da, moda sektorean industriaren krisia baino lehen, merkaturatu baino lehen urtebete arinago ikusten eta erosten zenduan produktua eta eguraldia gorabehera, sarritan sekulako galerak izaten ziran dendarientzako. Orain barriz, serie handiak egin beharrean, saldu ahala eskatzen dabez produktuak eta, era horretara, saldu ezinik material askogaz geratzea ebitetan dau dendariak; hau guztia, legez onartuta dago.
Prezioen harian, biak agertzea nahitaezkoa da, zaharra eta barria; bestela, produktu zehatzak diranean, leitekeana da merketzen dan portzentajea adierazotea.
Pagetako kontuan, argi itxiko dogu denporaldian zeharreko aukera guztiak onartzen dirala merkealdiotan; hori bai, leitekeana da dendariren batek merkealdirako txartelik ez onartzea erabagitea eta kasu horretan argi adierazo beharko dau oharren bidez. Emendioen kasuan, bardin jokatu behar dau dendariak eta normalean, emendio edo konponketak prezioaren barruan egoten dira.
Azkenik, erositako produktuak aldatzeko aukereari jagokonez, merkealdiotan be aldaketarako ez deuskue arazorik jarri behar baina kasu honetan be dendariak merkealdiotan aldaketarik ez onartzea erabagiko baleu, argi adierazo beharko leuke. Edozelan be, bezeroak berak be zentzunez jokatu beharko leuke ze, berbarako, hilaren 5ean 100 eurotan erositako jake bat ez da bidezkoa izango 8an, merketutako prezioan erreklametea.
5. Merkealdiak saltzaile eta erosleen gozamenerako izaten dira normalean baina saltzaileak dira egun seinalatu horreetan negozio biribila egiten dabenak. Gauzak holan, oro har, merkealdietatik kanpo saltzaileen irabaziak handiagoak baina salmentak txikiagoak izaten dirala pentsau behar dogu?
Ez dakit merezi dauan horretan sartzea. Jakina, bolada honetan asko saltzen dabe baina gu alkarte legez ez gara hor sartzen, negozio biribila egiten badabe hoba eurentzat; azken finean, sektore honetako joku ekonomikoa da eta kontuan euki, irabaziak bai baina sarritan galerak eta porrotak be izaten dabezala, berbarako negu gogor baten itxaropenagaz, jake ugari eskatu eta gero saldu ezinik geratzen diranean. Merkealdiotan denporaldiko produktuak eskaintzen dabez eta ez, ostera, urtean zehar errez salatzen diran gauzak.
6. Erosketea egiten dogunean, tiketa edo fakturea eskatzea ez jaku ahaztu behar ze hori barik ezinezkoa izango dalako erreklamazinoa.
Duda barik. Tiketa edo fakturea ez eze, publizidadea gordetea be komeni izaten da ze publizidade hori loteslea da. Erreklamazinoa egin behar izan ezkero, erreklamazino orriagaz batera, ahalik eta informazino gehien sartzea da onena (publizidadea, argazkiak...). Dana dala, argi itxi gura neuke erreklamazino bat ticket barik be egin daitekela nahiz eta gatxagoa izango dan erreklameten doguna frogatzea.
7. Erreklamazinoa egitea denporea galtzea izaten dala be entzun dogu sarritan.
Ez. Ez erreklametea da denporea alperrik galtzea. Dana baliozkotzat emoten badogu eta ohitura legez hartzen badogu isilik geratzea ez dogu sistemea aldatuko. Zenbat eta gehiago erreklamau, zentzunez jakina, erreklamazinoen sistemeari balio gehiago emongo deutsagu. Lehen erreklamazino orriak sektore batzuetan bakarrik ziran derrigorrezkoak baina gaur egun konsumitzaileakaz zuzeneko hartu-emonak dabezan sektore guztietan nahitaezkoak dira. Hiru orrialde dira, dendariak eta berezoak sinatzekoak (horreetako bat dendan itxi behar da, beste bat norberarentzako da eta hirugarrena administrazinoan aurkezteko). Konsumitzaileak erreklametako bide asko daukaz: alde batetik, ahozko akordioa lortzea dendariagaz, bakotxak bere jarrerea adierazoz; bestetik, erreklamazinoa konsumoko tartekaritza-sistema bidez edo konsumo alkarteon bidez gestionetea; hortik aurrera, arrazoiak dagozan kasuetan administrazino espedientea etorriko da.
Hori bai, ez daiala inork pentsau berezook beti arrazoia dogunik eta erreklamazino guztiak legebidezkoak diranik.
8. Erosketak emakumeen kontua ziran oraintsura arte baina dendetara osterea egitea nahikoa da gizonezkoak ugari ibilten dirala ikusteko. Erreklamazinoak egiteko orduan nortzuk dira gehien erreklametan dabenak?
Hasteko berezitu egin gurako neukez 'erosketetara, dendarik denda joatea' eta 'erosten joatea'; biak dira errespetagarriak baina ezustekorik gura ez badogu, behar doguzan gauzen zerrendatxua egitea, patrikeran ze diru daukagun eta aurreko hilean txartelagaz egindako gastuen kargea zelakoa izango dan jakitea dira lehenengo pausuak. Hortik aurrera, merkatuan daukaguzan aukerak konparau eta preziorik onenean erosiko dogu.
Bestalde, egia da gizonezkoak be gero eta gehiago erosten eta erreklametan dabela; sektoreen arabera, moda eta zerbitzuetan ermakumeak dira gehien erreklametan dabenak eta gizonezkoen erreklamazinoak, barriz, beste sektore batzuetan dira nagusi. Lehen aitatu deutsudan sistemea aldatzeko ahalegin horretan, pozgarria da azken urteotako jokerea ze konsultak asko gehitu dira eta horreei esker erreklamazinoen kantidadea behera joan dala esan daiteke. Banka eta aseguruen arloan, ez da gorabeherarik igarri erreklamazinoetan baina etxebizitza zein telefonia mugikorren munduan erreklamazinoak asko ugaldu dira.
Koldo Isusi Zuazo