Barriketan  III. urtea // 42. zenbakia - 2004ko urtarrilak 15

Joseba Iriondo: 'Komunikabide gitxik egin ahal dabe iges botere kontrolatzailetik'

'Kazetariaren ezaugarri nagusia burujaube izatea da'

Urtea hasi baino ez da egin eta joan dan urteko balantzea egiteko egunak ailegau jakuz, ondorioak atarateko baino ez bada be. Holan egin dau Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) nazinoarteko erakundeak oraintsu. Txosten horren arabera, nabarmen egin dabe gora adierazpen askatasunaren kontrako erasoek azken hamabi hilabeteotan, baita duintasun osoz euren lana beteten daben kazetarien kontrakoak be. Guztira, 42 izan ziran hildakoak amaitu barri dan urtean, orain urte bi baino 17 gehiago eta 766 atxilotuak. Datua harrigarria dala dudarik ez dago.

Joseba Iriondoren zuzeneko testigantzea baliogarria otu jaku egoerearen nondik-norakoak hobeto aitzeko. Izan be, atzerrian kazetari beharretan ibilitakoa dogu, Afganistanen zein Iraken inbasinoak iraun eban bitartean. Gerrea hur-hurretik bizi eban, baita kide baten heriotzea be, Jose Cousorena hain zuzen be. Bizkaie! Aldizkarian, abenduan izan genduan aukerea Irakeko bizipenakaz osotutako liburuaren ('Palestina Hotela') ganekoak jorratzeko eta orain, barriz, kaleratu barri diran datuen ganeko hausnarketea egingo dogu beragaz.

1. Monarkia iraintzeagaitik zazpi hilabete kartzelan egon ostean, Marokoko Mohamed VI.a erregeak Ali Lmrabet (Mugarik Gabeko Erreportarien arduraduna Marokon) kazetaria libre itxi dau beste 33 preso politikogaz batera. Kazetarien beharra ez da inoiz erreza izan baina gaur egun, ondo pentsau behar da zer eta non esan gauzak...

Halan da be ez da gauza barria diktaduretan. Ezagutu dodazan guztietan kazetariak isilarazotea izaten da agintarien lehen arduretako bat. Pakistanen, berbarako, gobernuaren gustoko ez zan artikulu bat plazaratzeagaitik egunkari bat zarratzen ikusi dot. Iraken bi telebista ofizialak baino ezin ziran ikusi, arabiarrak be, hau da, Al yazeera eta Al arabiya erabat galazota egozan. Pentsetan dot mundua Lmrabetez beteta dagoala, baina kasu honek lortu dau oihartzuna orain.


2. Gerra edota aurrez aurreko guztietan, herritarrak, zibilak izaten dira gizarte, ekonomia zein politika arloetan kaltetuenak eta hildako gehienak be sektore horretan izaten dira. Iraken zenbat zibil hil diran inork be ez daki eta militarren heriotzen ganeko datuak be ez dira lar fidagarriak. Benetako daturik ez emotea izaten da agintarien jarrerea eta kazetariei esker jakiten doguz datu apurrak. Dana dala, zeuon beharra egiteko muga edo trabak be ugari izango dira, ezta?

Alde danak ahalegintzen dira gatazketan kazetarien jarduna mugatzen. Ez dogu segurutik sekula jakingo zenbat zibil hil dabezan Iraken. Militarren kasua da batez be larriena. Bagdad inguruan 10 mila lagun hilko ziran, eta euren kontra erabilitako armen zerrendea be iluna da. Bagdadeko aireportuan ordura arte behin be erabili bako lehergailuak bota ebezala esan da. Frogarik ez dago, frogarik ez egotea nahi dabelako erasotzaileek, eta horretarako derrigorrezkoa da kazetariak ahalik eta urrunen egotea.

3. Harrigarria bada be, zentsureak indar handia dauka gaur egun be, Txinan eta Birmanian berbarako. Gobernuak emondako datuak baino ezin daitekez argitaratu kasu askotan. Zoritxarrez, zentsurea ez da joandako denporetako kontua...

Larriagoa da, halan da be, kazetari askok gizarte “demokratikoetan” ezartzen daben autozentsurea, jakindako ageriko arazoak ostenduz.

4. Komunikabideen kontrako erasoak ugaldu egin dira, baita lehen mundua deitzen dogun horretan be (Reporters Sans Frontieres erakundeak dakarrenez, Camerunen azken 15 egunotan, 10 bat telebista eta irrati kate pribatu zarratu dabez eta EAEn, ostera, ETAren kontrako burrukeak prentsa askatasuna urratu dau Euskaldunon Egunkaria zarratuz). Erasoen ugalketearen arrazoien artean zeintzuk nabarmenduko zeunkez?

Egunkari bateko arduradunek delitu fiskalak egin badabez- eta hori frogatzeko dago- persona horreen kontra jo behar dau justiziak. Ez dau balio komunikabideak zarratzeak talde armatuen kontrako politikearen barruan. Siniskaitza deritzot Egunkariagaz pasau danari, urte batzuk lehenago Eginekin jazotakoa ikusi ostean. Egunkarion zarratzea Espainiako komunikabide danetan azaldu da, baina frogarik ez egoalako Eginen itxierea indargabetu ebenean, gitxi batzuk baino ez genduan aitatu. Holako aurrekariakaz, Auzitegi Konstituzionalak berak galazo beharko leuke barriro beste egunkari bat zarratzea, benetako demokrazia batean egonda...

5. Kazetarien kontrako erasoak eta atxiloketak ez eze (orain hiru urte 510 kazetari izan ziran erasotuak eta 2003an, barriz, 1460), kazetari beharra beteten egozan 42 lagun hil ziran 2003an, horreetatik 14 Iraken. Gerrea dan lekuan behar egiteak arriskua daukala argi dago baina, kasu bat aitatzearren, Cousorena hilketea izan zala salatu dozu...

Eta besterik ezin da esan. Lanean hilten diran beharginen heriotzak salatzen diran moduan, giza eskubide dan informazinorako eskubidea bete arazoten dabenak hiltea be ez da bidezkoa, eta gitxiago ezelako atxakirik ez dagoanean. Han ez egoan frankotiratzailerik, ez amaren semerik...

6. Komunikabideen eta kazetarien kontrako erasoak, atxiloketak, heriotza, zentsurea eta behar egiteko traben aurrean, zein da zure jarrerea?

Kazetari bakar batek ezer gitxi egin leike, bere lana ahal dan era duinenean betetea baino. Cousorena aitatzen genduanez, kazetari batek gitxitan-oso gitxitan- erabili leiken berbea erabiltea izan zan nire erantzuna: “guzurra” zala esatea, berba guztiekaz.

7. Munduko gobernuek komunikabideak gizartean eragiteko tresna legez erabiltea ez da barria baina komunikabide pribatuak be gobernu edo agintarien esku dagozanean, akabo...

Kontrakoa polita litzateke, baina prentsa kenduta (irratia kasu batzutan) komunikabide gitxik egin ahal dabe iges botere kontrolatzailetik. Telebistetan zer esanik ez. Gero eta talde gitxiagotan konzentretan dira komunikabideak, diru handiko enpresetan. Eta dirua agintearen lagun handia dala jakina da...; burujaube izatea gero eta gatxagoa da, eta hori, nire uste apalean, kazetariaren ezaugarri nagusia, garrantzitsuena da.

8. Barriak era objketiboenean emotea ete da giltza ala herritarrek zeozer gehiago eskatzen dabe?

Ez dot uste objektibotasuna helburua danik, ezinezko jomuga be badalako. Irakeko gerrea salatu genduan kazetarion lana objektiboa ez zala izan esan eben hainbat politikarik. Eurak be, berbarako, Euskal gatazkea aitatzen danean, objektibo izaten ahalegintzen diranak salatzen dabez, ekidistante dirala leporatuz.

Objektibotasuna ezinezkoa izanda, kazetariari ahalik eta era zintzoenean lan egitea eskatu behar jako, gitxienez, ikusten dauena ez dagian aldatu agintariek entzun nahi dabena esateko.

Saioa Torre Gereketa