Oliver Twist bideak zabaltzen
Bergarako Orfeoiak, 1999ko urtarrilean, “Oliver!” musikala estreinau eban, lehenengo biderrez euskeraz. Ordurako, orfeoiak baeukan esperientzia nahikoa genero musikalean, 1994. urtetik aurrera Euskal Herri osotik Victor Hugoren “Miserableak” obrea eskaini eban eta. Orain, barriz, “Oliver!” lanagaz, Bergarako Orfeoia Euskal Herriko plazarik handienetan egon da: Gasteizeko Antzoki Nagusian estreinau zan, Bilboko Euskalduna Jauregian egon zan igazko Gabonetan, eta aurten Iruñeko Baluarten (auditorio horretan euskeraz oso-osorik emondako lehenengo ikuskizuna izan da) eta Donostiako Kursaalean egon da. Gehiago ezin da eskatu. Ehun da hogei lagun inguruk parte hartzen dau musikal honetan, eta horreetarik inor edo ia inor ez da profesionala: ikuskizuneko protagonistak Bergarako Orfeoiko, Bergarako Musika Eskolako eta Gabero Abesbatzako neska-mutikoak dira. Horrezaz aparte, koreografia be badago, zazpi dantzarigaz, eta 15 musikariz osotutako orkestea. Obrearen musika-arduraduna David Azurza tolosarra da, Bergarako Orfeoiko zuzendari be badana; Valen Moñux da eszena zuzendaria, eta Alicia de César eta Ion Aranbarri, barriz, koreografien arduradunak. “Oliver!” musikalaren eskubideak lortu ostean, lana euskerara moldatu behar izan da, eta horren arduradun izan dira Miguel Moñux, Pello Txintxurreta eta Margaretta Allgrem.
Oholtza gaineko protagonistak baina, umeak dira: Aritz Oteizak (10 urte) egiten dau Oliverren papera, eta Gorka Maiztegik (13 urte) Tunante pertsonaiarena. Bien eretxiz, eszenatokira lehenengoz igoteko momentua oso gogorra izan zan, ez egozalako ohituta jente-aurrean aktuetan, abestearena errezago egin jaken arren.
Obrea 1999an estreinau izanak be arazo batzuk ekarri deutsez antolatzaileei: alde batetik, Gasteizen urte haretan estreinau ostean, ikuskizuna ez zan gehiago emon, gatxa zalako hain muntaia handia eta hainbeste aktore daukazana mobidutea. Eta, bestetik, 1999an protagonisten papera egiten eben umeak handitu egin dira, ahotsa aldatu egin jake (protagonistek ume-ahotsa euki behar dabe derrigorrez), eta orain ez dabe balio paper horreetarako. Halanda ze, 1999an Oliverrena egiten eban Aitzol Mujikak, orain Noah-ren papera egiten dau. Arrazoi horreek dirala medio, urteotan “Oliver!” musikala ikusteko aukerarik ez da egon, baina Bergarako Orfeoia barriro lanean hasteko animau zan, Producciones Serrano ekoiztetxeak horretara bultzatuta.
Beste alde batetik, antolatzaileak eszenatoki klase desbardinetara moldatu behar izan dira, ze obra hau Bergarako Mariaren Lagundiaren ekitaldi-areto txikian sortu bazan be, azkenean Euskal Herriko aretorik handienetara heldu da, bideak zabalduz, orain arte gitxik lortu daben moduan. Etorkizunera begira, Bergarako Orfeoiak euskerazko ikuskizun handietarako zirkuitua deskubridu dau, antzoki normaletatik kanpora urtenda. Zirkuitua sortuta, holako obra gehiago sortzea da oraingo erronkea.
Julen Gabiria
Nork ez ditu ezagutzen Oliver Twist umezurtzaren zoritxarrak? Izan be, umezaroan, jente askok euki dau Charles Dickensen liburu hori esku artean, edo, osterantzean, mutiko horren istorioa entzun dogu, besterik ez bada be. Baina ezagutu, danok ezagutzen dogu Oliver Twist, Dickensek idatzi eta ia 170 urte pasau diranean.
Obra literarioek, berez, esparru natural mugatua izaten daben arren (liburua, hain zuzen be), “Oliver Twist” obreak apurtu egin ditu berezko muga horreek, eta liburuentzako hain normalak ez diran beste formatu batzuetara zabaldu da. Ondorioz, jente gehiagogana heltzeko aukerea be euki dau. 1960an, Lionel Bart libretista eta konpositoreak komedia musikal bihurtu eban Dickensen istorioa. Londresen estrenau ostean, Broadwayra heldu zan, arrakasta itzelagaz. Gaur egun Los Angeleseko Kodak Antzokian be ikusi leiteke, urteak dira-eta aitatutako obrea antzoki horretan emoten dabela. Baina Oliverren istorioak beste formatu bat be ezagutu eban: zinea. 1948an eta 1997an liburuaren bersino bana egin bazan be, bersinorik arrakastatsuena 1968koa izan zan, Carol Reed zuzendariak filmautakoa. Sei Oscar sari lortu ebazan, tartean pelikula eta zuzendaririk onenaren sariak.
Genero musikala barriro goraka doa, bai antzokietan zein zinean. Horren adibide dira “Cats” edo “Cabaret” obrak eta “El otro lado de la cama” edo “Dancer in the dark” pelikulak, gitxi batzuk baino ez aitatzearren. Musikalak egin egiten dira eta, gainera, arrakastea daukie.