Bidaide  III. urtea // 42. zenbakia - 2004ko urtarrilak 15

Beijing, Pekin (I)

Txina politikoaren jardunbidea

Tibet eta Falung Gong

Barruko politika kontuetan, gobernuari gehien ardura deutson arazoa Tibet, Xinjiang edo barruko Mongolia moduko erregino independentisten kasua da. Ejerzitoaren kontra-erasoa euki daben arren, mobimentu independentistak aurrera eroateko kapaz izan dira gorago aitatutako lurraldeak. Altxamendu horreetako batzuetatik erakunde terroristak sortu dira; halan da be, handik gitxira bertan behera geratu dira laguntzinorik ez dabelako jaso. Edozelan be, mobimentu independentistea hor dago, eta edozein momentutan eztanda egin leike, 1950. urtean Mao-ren komunistek Tibet inbadidu ebenean legez. Erreboluzinoa gero eta gatxagoa da, dagoeneko populazinoaren erdia baino gehiago Han-en kolonoak diralako. Sufritzen dagozan pobreziak eta errekurso falteak gero eta larriagoa bihurtzen dabe egoerea, batez be gitxiengo etnikoen kasuan. Izan be, nahiz eta gobernuak kontrakoa esan, sano diskriminauta bizi dira.

Egun, CCPren buruhausterik handiena Falung Gong moduko talde disidenteak dira, egunetik egunera aldeko gehiago erakarten dabezalako eta gobernuari presinoa egiten deutsielako. Protestak baketsuak izaten diran arren, gobernua oso arduratuta dago eta talde honek guztiak galazo dauz, manifestazinoetan jentea atxilotu eta kartzeleratzeagaz batera. Askotan, poliziak indarkeria erakustaldiak egin ditu manifestarien kontra.

Hong Kong-ek eutsi egiten dau

‘Ama Lurrak’ norbanakoaren eta prentsaren askatasuna mugatuko ebazala aitortu ebanean, ezezko garbia emon eutson Txinako sistema komunistearen gotorleku eta Britainia Handiko kolonia ohia dan Hong Kong-ek. Ehun milaka lagunek aste betez kalera urten eben 2003ko garagarrilean “Herrialde bat: bi sistema” lemapean. Orain arte erresistentzia Hong Kong-ek baino ez dau erakutsi, baina leitekeana da herrialde osora zabaltzea, aldaketa demokratikoa bilatu guran. Finantza baliabideak ez dira zertan mendebaldean modura esplotau behar, eta herrialdera egokitutako ikuspegi ekonomikoagaz, herrialdeak XXI. mendeari merezi dauan legez ekin leikio demokrazian oinarritutako sistema ekonomiko sendoa eregiz.

Testuak eta argazkiak: Zigor Aldama.


Txinako Herri Errepublikako uriburua askok maitatu eta askok gorrotatzen daben uri sinbolikoa da duda barik. Interesgune asko daukaz: parke kopuru handia, udako jauregia, Tiananmengo plazea, Galazotako Uria...; hori dala ta turismo gehien erakarten dauan uria be bada, turista asiarrak zein mendebaldarrak.

Mota guztietako argazki makina konpaktoak lepoan hartuta turista taldeak tenpluen, grabatuen edota edertasun arkitektonikoen aurrean pilatzen dira turismo-gidariak megafonotik era guztietako azalpenak emoten dituan bitartean, zein ordutan joan daitekezan hamaiketakoa jaten edo autobusa hartzen. Milaka hizkuntzek euren artean burrukan egiten dabe megafonotik zeinek urten erabagiteko. Beijing-en topau geinken irudi tipikoa da hau eta 2008. urtea hurreratzen joan ahala, indar gehiago hartuko dau. Urte horretan, uriak orain arte euki dauan erronkarik gatxenari aurre egin beharko deutso: Joku Olinpikoak.

Nazino uriburu guztietan legez, Beijing-en gobernuaren egoitza zentrala topau geinke, burokraziaren egoitzakaz batera. Txina herrialde guztiz zentralizatua dala kontuan hartuta eta bere zabalerea gogoratuta, erreza da aitzea edozein administrazino-tramite egitea hileetako kontua izan daitekela. Askotan, ganera, interesatuak bertara jo beharko dau, 2.500 kilometrotako bidaia egin ostean. Horixe da sistema politiko txinarraren huts egiteetako bat.

Agintekeria eta ustelkeria

Demokrazia falteak (eta ondorioz, biztanleek euren ordezkarien ganeko kontrol falteak) populazinoaren ezinegona dakar, batez be egoera horretatik etekinik ataraten ez dabenen artean. Gauzak holan, ustelkeriak itzel egiten dau gora, gobernuko ofizial ahalguztidunen artean zein edozein funtzionarioren kasuan be. Azken honeek, aukerea euki ezkero, ez dabe pasetan itxiko eskupekoren bat edo beste bere beharra arinago egitearren edo, beste barik, bere beharra egitearren. Arrazoi horregaitik jente askoren amesa funtzionario izatea da, izan be, soldatak hain handiak izan ez arren, irabazi gehienak ustelkeria-ekintzetatik ataraten dabez.

Halan da be, ustelkeriaren arazorik larriena gobernuko hierarkiaren puntu gorenean dago eta hor sekulako dirutzak mobiduten dira. Txinatar gobernuak berak egindako inkesta baten arabera (gobernuak agindutakoa izanda, ez dauka sinisgarritasun handirik), 1999ko lehenengo erdialdean 2.750 milioi euro inguru estaduko fondoetatik kontu korronte pribatuetara pasau ziran. PeopleĀ“s Daily egunkariak dinoanez, urte haretan 14.500 milioi euro inguru gastau ziran, gitxi gora behera zergetatik jasotako diruaren bosgarren partea. Beste alde batetik, 99an beste ustelkeria kasu nabarmen bat ezagutarazo eben: Fujian-go probintzian (uriaren hego-sortaldean) gobernuko hainbat kide Txinako historiako ustelkeria kasurik larrienean nahastauta egozan 17.000 euro inguru ostu ostean. Kasua ohiartzun handikoa izan zan eta egoerearen garrantziaz jaubetzeko gobernuak egia tapetako erabili ebazan trikimailuak sekulakoak izan ziran eta, berbarako, Zhu lehen ministroak Jiang Zemin-i dimisinoa aurkeztu eutsola marmarioak zabaldu ziran bazterretan. Handik aurrera ikerketa ofiziala abiarazo eben, emoitzak inoiz ezagutuko ez diran arren. Mendebaldeko analista askok uste dabe Beijing-eko gobernuko funtzionario asko be inplikauta egon zirala. Susmo edo baieztapen hori ziurtatuko balitz, gobernua kili-kolo jarriko litzateke eta sistema politikoaren biziraupena arriskuan.

Herrialdearen geroko arazoak

Ustelkeriaz ganera, herrialdeak beragaz daroan beste karga bat gobernadoreen ardurabakokeria da. Deng Xiaoping-ek diseinau eban aldaketa ekonomikoak espero baino frutu gitxiago emon dauz. Egia da herrialdea, urritasunetik alde egin ostean, pasautako denporan izan zan superpotentzia bihurtzeko bidean dagoala. Halan da be, asko dira aurretiaz ikusi daitekezan baina zaindu barik dagozan faktoreak. Enpresa pubikoek dirua galtzen segitzen dabe. Izan be, pribatizazino prozesua martxan egon arren, ez da modu progresiboan bideratzen eta holan ezin da aurrera egin. Gobernua burugogor dabil hainbat etxeorratz eregiteko asmoagaz, nork erosiko dauzan itaundu barik. Kontua da ze inbertidutako dirua sarritan ez dala errekuperetan.