Eretxia  III. urtea // 41. zenbakia - 2003ko abenduak 31

Sabino Arana, basajaun hori...

Arrazistea?

Gogoratu daigun haren sasoia Europako herri guztiek bereak eta bi egiten ibili zirala Afrika kolonizau gurean. Sinistuta egozan orduko europarrak zuriak baltzak baino gehiago zirala. Gizon zuriak bere menpean hartu behar izan eban baltza benetako zibilizazinoa erakusteko. Andrazkoak ia-ia ez ziran esistitzen eta botoa emoteko aukerarik barik egozan. Horixe zan XIX. gizaldiko pentsakerea.

Gauzak holan, Hego Afrikan ingelesak eta boersak gerran hasi ziran Afrikako herri aberats hori atrapetako ahaleginetan. Europako eretxi publikoan banaketea zan nagusi. Eta Sabino, arrazista horrek, orduan ia eskandalugarria zan ideia zabaldu eban: Lur horreek ez ziran ez batzuenak ez besteenak, baltzak ziran eta benetako jaubeak. Nelson Mandelak txalotu egingo leuke Sabinoren jarrerea ezelako duda barik. Zenbait kontutan Sabino Arana ez zan hain atzerakoia guk kontrakoa pentsau arren.

IƱaki Atxutegi

Sabino Arana modan jarri dabe barriro be. Batek baino gehiagok pentsau izan dau euskal abertzaletasuna gaurkotu beharra dagoala eta Sabino Arana lako personaiak kamaran geratu behar dirala. Antza, XIX. gizaldiko mezuak ez dira oso zuzenak gure gizarte honetan. Gure belarri gozoetan min egiten dabe.

Jakingo dozuenez, EAJk Sabino Aranaren omenezko estatua inaugurau eban Bilbon orain gitxi. Ehun urte pasau dira Sabino hil zanetik eta haren ondorengoak agintean dagoz EAEn. Halandabe, ezin da esan azken urteotan jeltzaleek lar gogoan euki dabenik Arana jn.a. Akordetan diranak ez dira, hain zuzen, haren aldekoak. Sabinok idatzitako zenbait esaldi zabaltzen dabez hor zehar, batez be, haren ondorengoen jarduera politikoa zikintzeko asmo garbiagaz. Indar mediatiko handia dabela ez da gauza barria eta oraingoan be mezu horreek sekulako erantzuna euki dabe, bai horixe!; kalean itaundu ezkero, edozeinek esango deusku Sabino Arana gizon arrazistea zala, euskaldunak ez ziran guztiak gorrotatzen ebazala eta hoba dala ahalik eta arinen ahaztu eta baztertzea.

Hamaikatxutan entzun dogu Euskadin ahotsa bai baina Madrilen bozgorailua dabela. Kontua da ze, euren mezuak gureak baino altuago entzuten dirala eta, sarritan, geuk be sinistu egiten doguz Madrilen esan eta zabaldutako hamaikatxu kontu.

Ez dot nik esango Sabinok dana ondo, zuzen eta garbi egin eta esan ebanik. Ezta pentsau be. Egia da berak esandako batzuk eskandalua dirala gure gaurko ikuspuntutik. Egia da, ostera, eta onartu egin behar da baten baino gehiagotan goitik behera asmau ebala. Lar esatea ez bada, harek asmau ezean, gaur egun gatxagoa izango zan euskal gizartean nagusi diran abertzaletasuna eta euskalzaletasuna.