New Yorkerrak
Kirmen Uribe:
- 'Poesian garrantzitsua da zer esaten dozun baina baita zelan esaten dozun'.
- 'Diziplina artistikoen amankomuneko elementua sinpletasuna da'.
- 'Norbere burua ispiluan begiratzearen eta hausnarketa prozesuaren ondorioa izan da proietu hau'.
- Ni neu izaten itxi nau proiektu honek'.
Ganerako proiektukideen eretxiak:
- Mikel Urdangarin: 'Poemak kantu bihurtzeko erronkeagaz abiatu ginan, nota eta berba bakotxa buztartzeko eta zentzuz betetako beharra izan da gurea, esentzian musikala dan proiektu honetan'.
- Rafa Rueda: 'Poesiaren barruan berez dagoan musikea azaleratzeko ahalegina egin dogu'.
- Bingen Mendizabal: 'Mundu desbardinetatik gatozen bost lagunen arteko proiektu honetako frutua oso zuzena, soila da eta, horren harian, oinarri legez, bajuak eta sortzeko aukerea emoten dauen zazpi sokako bibolina erabili dot'.
- Mikel Valverde: 'Marrazkien eta koloreen bidez mezua transmititzea edo helarazotea izan da nire helburua'.
Gotzon Uribe
'Munduari begiratzeko modu bat'. Esaldi hau dogu disko-liburu honen aitamen nagusia. Obra biribil, polit eta esanguratsua; era moderno eta era berean berezian gauzatua. Poesia, kantua eta marrazkiak buztartzen dituan disko-liburua da eta bertan, esan beharrik ez dagoan arren, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel Valverde artistek parte hartu dabe.
'Zaharregia, Txikiegia agian' beharra erakustera joan ziran pasa dan udaberrian Kirmen Uribe idazlea eta Mikel Urdangarin kantaria New York aldera. Sei saio emon zituen, New Yorkeko beste horrenbeste areto esanguratsuetan, magia berezia sortarazoz. Beste bi musikari izan zituen bidelagun, Bingen Mendizabal (hainbat filmetako musikearen sortzailea, bibolina joten) eta Rafa Rueda (PLT taldeko burua, kitarra elektrikoagaz). Arrakasta osoz egin eben hango biratxua eta, horren erakusgarri The New Yorker eta Open City aldizkari ezagunetan, artikulu bana argitaratu ziran.
'Zaharregia, txikiegia agian' izena Kirmenek berak euskerearen ganean egindako poema batetik hartu eban Uribe jn.ak; izan be, hortxe dago mezu nagusia: 'Euskerea, Euskal Herria, agian, zaharregia, txikiegia dala gaur egungo sasoian baina azken finean, euskaldunok munduari begiratzeko modu jakina daukagula, bizitzeko eta sentitzeko modu bat'. Azken aldiko literaturea, musikea eta irudiak buztartuz, gure sasoiko ardurak modu garaikidean eta garbi-garbi adierazoten dira proiektu honetan.
Era berean, kultura arlo desbardinetan dabiltzan bost euskal sortzaile batzen ditu -poesia, kantagintzea, ikusentzunezkoak, irudigintzea eta rock alternatiboa-, danak bat eginda baina bakotxa berean bide barriak urratzen. Liburu-disko barri honen ezaugarri nagusia, musikea, irudiak eta berben arteko orekea da. Danetara, 140 orrialdeko liburuan, Kirmenek lehenik New Yorkerako pentsautakoak eta gero grabazinorako idatzitako olerkiak erabili izan ditu. Hiru hizkuntzatan -euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez- dagoz testuak, edizino zaindu batean. Mikel Valverde marrazkilariak propio egindako beharra be ez dogu ahaztuko, olerki bakotxerako ilustrazino bat, 60 irudi barri beraz. Liburu osoaren diseinua be Valverdek egindakoa da. Mikel Urdangarinek proiektu honetarako eginiko kantuez ganera, Haitzetan eta Atharratzeko Jauregianen bersinoak be grabau ditu. Beste alde batetik, Bingen Mendizabalek zazpi soketako bibolina eta Rafa Ruedak kitarra elektrikoa erabili ditue. Grabazinoan Kirmen Uriberen zein Rafa Ruedaren ahotsa be entzungo dozue. Pare bat berbatan: liburu-disko edera, biribila.