Euskal Herriko ipar-mendebaldeko euskerea
Alonsotegiko barriemoile euskaldun batek -Engrasi Etxebarria artibarrak- holantxe esan euskun 1997an:
«…ba, emeti, Karrantzati gora, ta berantza, berantza, berantza… Se au dana ise san euskaldune. Ba, Gordejuelako etxaldea' danak, ba, dires: Iñarritu, Arzuria, Aretxederra… guria da Isuskiza… Lekubarri… Danak euskaldunek. Baserrik danak euskaldunek. O sea, Gordejuelan aurreko denporetan danak euskaldunek. Ta gero asi sen galduten da galduten… Galdu san bai. Galdu senean asi sian emen minak eta, bearren eta… Altos Hornos eta. Jendea etorri san kanpoti. Danak erdera ta… ala… Ya lastimea da galdu deitela euskerea, ain polite…»
Horrenbestez, argi asko dakigu, behintzat, euskerea bizirik egoana sortaldeko Enkarterrin, eta ez hain aspaldi ganera.
Irene Hurtado Mendieta,
Itzultzailea.
Euskal Herriko hegoaldeko lurrak menderik mende joan dira erdalduntzen, eta, prozesu horren ondorioz, Arabako eta Nafarroako lurralde zabaletan euskerea guztiz galdu da eta lurraldeok erdaldun bilakatu dira denporeagarrenean. Hori bilakaeraori zelan jazo dan sarritan aztertu da. Behin baino gehiagotan aitatu dira hango eta hemengo datuak: noiz galdu zan euskerea Tafalla inguruan, holako agiriaren arabera XVI. mendean Nafarroako zeintzuk herri ziran euskaldun eta zeintzuk erdaldun, Erriberan toponimo euskaldunik badagoan, Gasteiztik eta Iruñeatik pasau ziran bidaiariek zer ikusi eben, ze berbakera eben hango urietako lagunek... Gitxiago egin da berba, ostera, Euskal Herriko ipar-mendebaldeko lurren ganean eta, beraz, gitxi dakigu jakin bertan jazotakoaren ganean: noiz eta zelan desagertu ete zan euskerea Bizkaiko Enkarterritik –Enkarterriko ekialdetik behinik behin–, Meatzaldetik, Ibarrezkerretik edota Bilbotik bertatik?, noiz ezkutau zan Arabako Aiara ibarretik, Amurrio aldetik, Artziniegatik eta Laudio ibarretik?
Zoritxarrez, ez dogu barri askorik euskereak gure aldean noiz arte iraun dauen eta zelan joan dan amatetan jakiteko. Beharbada, Koldo Mitxelenak inoanez, Euskal Herriko beste alderdi batzuetan baino barri gitxiago dakigu. Lekukotasun askorik egon ez, baina hainbat eretxi ibili dira hortik eta hemetik, zabal-zabal, aztergai dogun alderdiaren euskalduntasuna dala eta ez dala. Askotan entzun dogu Enkarterrin aspaldi-aspaldi galdu zala euskerea, antxineko denporetan, antigoaleko urteetan. Beste batzuk adierazo dabe ez dagoala jakiterik Enkarterrin euskerea inoiz berba egin dan, segurantzean sekula ez dala euskeraz berba egin Enkarterriko lekurik gehienetan. Era berean, sarritan entzun dogu Enkarterriko toponimia gehiena guztiz erdalduna dala.
Baina badira, izan, bestelako eretxiak eta hainbat lekukotasun. Toponimia eta onomastika ikertzen jarduten dau Mikel Gorrotxategik. Harek askotan gomutarazo deusku zabal-zabala dala Enkarterrik beteten dauen eremua, menditsua, bakartua eta gorabehera askokoa. Halan, bada, ezin bardina izan goitik beheraino: eremu baterako balio dauena guzur bilakatzen da sarri askotan beste muturrean. Halandaze, Enkarterriko mendebaldeari begiratuz, Enkarterrin euskerea jatorra ez dala eta betidanik gaztelaniaz egin dala berba dinoe batzuek. Gorrotxategik azaldu deuskunez, ahaztu egiten dabe horreek Enkarterriko ekialdea. Ahaztu Gordexola, Gueñes, Galdames edota Zalla ibarrak be Enkarterrin dagozala, eta ibar horreetako leku-izen asko eta asko euskerazkoak dirala. Ahaztu, bada, ibar horreetan sasoi baten bizi izan ziranak euskeraz egiten ebela berba.
Enkarterriko sartaldea eta sortaldea
Enkarterriko alderdi horreen bien arteko desbardintasuna sarri-sarri aitatu izan dabe batekoek zein bestekoek. Esaterako, Alfonso Irigoyenek inoanez, Enkarterriko mendebaldean, gehienbat, Karrantzan, Artzentalesen, Turtziozen, Lanestosan eta Somorrostroko alde baten, gaztelania zan jaun eta jabe antxinatik; antza, aspaldi-aspaldian ezkutau zan euskerea horreetatik lurretatik. Ostera, bestela egozan kontuak Zalla eta Galdamestik ekialdera, Barakaldo, Gordexola, Gueñes, Zalla eta Galdames arteko eremuan: horretan aldeorretan euskereak indar gehiago izan eban, eta horko biztanleek orain dala gitxi arte erabili eben euskerea. Eta ezagun-ezagun da hori mugaori toponimian, auzo, solo, mendi eta ibaien izenetan: Enkarterriko mendebaldean urri-urriak dira euskal toponimoak; ekialdean, ostera, sano ugariak. Guztiz argigarria da ondoko pasartea, J. I. Homobonok idatzirikoa, Meatzaldeko eta Enkarterriko sortaldeko herriak aztergai dituana:
«El sector comprendido entre los ríos Nervión y Cadagua presenta un absoluto predominio de la toponomástica vasca. Al otro lado de este último, el término municipal de Barakaldo y zona aneja de Güeñes acusan una neta prevalencia de términos euskéricos. Más al Oeste, el Valle de Trápaga, San Pedro de Galdames y Ortuella aún cuentan con una elevada densidad toponímica vasca. Pero ya en Abanto-Zierbena, resto de Galdames, Sopuerta y Muskiz predomina absolutamente la toponimia románica, encontrándose las persistencias euskéricas muy desdibujadas. Sin embargo, la toponimia vasca rebasa el límite provincial por tierras de Castro Urdiales, con mayor presencia en su zona minera».
Antzekoa da Koldo Zuazok 1999. urtean argitaratu eban 'Mendebaleko euskara zaharraren gutxi gorabeherako mugak' izeneko mapeak erakusten dauen mugea. Gorrotxategiren ustez, toponimian holako arrasto sakona itxi eban hizkuntza-mugearen arrazoietako bat Castrotik Gaztelarantz joian galtzada erromatarra izan zan: Balmaseda zeharkatu, Zalla albo-albotik igaro, Avellanedako Batzar Etxe aurretik segidu, eta, Sopuertako ibarra pasauta, itsasalderantz joten eban antigoaleko bidea. Errotuago egoan euskerea bide horrek marraztuten dauen mugatik ekialdera.
Lehen esan dogunez, Artzentales eta Turtziozen euskerea aspaldi galdu zala emoten dau, eta Karrantzan, beharbada, erromatarren sasoietara jo beharko geunke. Alde itzela Enkarterriko ekialdeagaz konparauta: Gorrotxategiri jarraituta, Gordexolan euskerearen galerea XIX. mendean gauzatu zan, Gueñes, Zalla eta Galdamesen, apur bat lehentxuago, eta Alonsotegin eta Barakaldon XX. mendean galdu da. Gorrotxategik dinoanaren harian, lekukotasun batzuk topau doguz. Ikusi daiguzan horreetariko batzuk:
XVIII. mendearen amaieran eta XIX.aren hasikeran, Galdamesen eta Gueñesen, behinik behin, baziran euskaldunak
Hortxe eukan euskereak mendebaldeko mugea. Esaterako, Mexikon bizi zan merkatari batek, jatorriz Galdamesko Allende auzokoa zanak, eskolea egin gura izan eban bere jaioterrian, eta, halandaze, 1753an, diru-kopuru bat itxi eban testamentuan horretarako; baina baldintza hau ipini eban: «con maestro de primeras letras que sepa la lengua bascongada». Truebaren arabera, XVIII. mendearen akaberan, Galdamesko eta Gordexolako hainbat auzotan, galtzadetatik urrin egozan horreetan, euskeraz egiten zan berba. Eta Truebaren antzera, Ladislao de Velascok dino 1780. urtearen inguruan Galdamesko eta Gueñesko auzo urrinetan, Barakaldogaz muga egiten eben horreetan, euskeraz egiten ebela berba. Labayruri jarraituta, XVIII. eta XIX. mendeen artean, Galdames eta Gueñesko auzo batzuetan euskeraz egiten zan berba, baina apal-apal ebilen euskerea, ezin apalago: «La parte encartada en que todavía en este siglo XIX se ha hablado el bascuence es Baracaldo, y en la que agonizó á fines del pasado XVIII y principio del presente XIX, Galdames y Güeñes en algunas de sus barriadas».
Gordexolan be gitxi ziran orduko euskerea ulertzeko gauza
Gordexolako abade batek, Aretxederra izenekoak, Gordexolaren ganeko argibideak bialdu eutsozan Tomas López izeneko jaun bati 1794an, López hori Espainiako mapea atontzen ebilen eta. Besteak beste, hauxe esan eutson Aretxederrak Gordexolako herritarren ganean: «Todos son de apellido vascongado pero la lengua bascongada hay muy pocos que la entienden». 1850. urtearen inguruan hil ei zan Gordexolako azken euskalduna: Simona Unanue, Beraskola eta Idubaltza mendien artean dagoan 'Dubalza' baserriko alabea.
Halan, bada, euskerea Galdames, Gueñes eta Gordexola aldetik ezkutau zan, baina ingurumarietan, Okondo eta Aiara aldean, Alonsotegin eta Barakaldon, bizirik iraun eban hainbat urtetan. 1865. urtearen inguruan, ondokoa idatzi eutson Bonaparteri Aita Uriarte arrigorriagarrak, printzeak hizkuntza-mapea egiteko behar eban informazinoa emonez:
«He averiguado con toda exactitud cuantas preguntas me hace S. A. para el Mapa lingüístico. En Baracaldo los barrios de Regato y Retuerto son enteramente castellanos y es muy raro que en éstos se hable bascuence; pero en los otros cuatro que son: Beurio, Burceña, Irauregui y Landaburu la gran mayoría es bascongada, por que poseen ambas lenguas, y solo algunos muy jóvenes no saben bascuence. En el barrio de San Vicente la mayoría es castellana, aunque también hay bastantes bascongados. Olaveaga y Deusto con Zorroza son también bascongados, aunque se habla mucho castellano. La Campa y Las Arenas, que son tres casas, son bascongadas. Por la parte de Arrigorriaga el castellano está reducido a la población reunida con Bilbao, que son: Achuri y Bilbao la Vieja, de consiguiente todas las barriadas por las que me pregunta, como son: Bolueta, Venta Alta, Madariaga, Aguirre, Artundua, Illumbe, e Ibaizábal son enteramente bascongadas».
Ladislao Velascok 1879. urtean jaso eban Barakaldoko itzal handiko gizon batek, 85 urtekoa berak, ondo gomutan ebala, bera haurra zala [1800 aldera], euskeraz egiten ebela berba Galdames eta Gueñesko auzotarrek, Barakaldo ondoko mendialdeetan. Gure alderdiko lagun zahar askok sarritan autortu deuskue euskaldunak dirala euren inguruko leku nagusien izen zaharrak. Euren gomutan be bizirik dago pentsakera hau, ez zala hain antxina euskerea handik ezkutauko.