Jan-edanak  III. urtea // 41. zenbakia - 2003ko abenduak 31

Otarrainxka sueztituak, ahuakate guakamole eta sardina zaharraren arrabakaz

Zelan egin:

Lehenengo eta behin, guakamolea preparauko dogu; ahuakatea, patatea, kipulea eta tomatea prest daukaguzanean, dana batera nahastau behar da. Nahasten dogun bitartean gatza, ozpina eta oliba orioagaz puntuan ipinten joango gara, norberaren gustora jarri arte. Hau plater bazterrean itxiko dogu.

Hurrengo pausua letxugea, eskarolea eta lollo arrosa erabilita ensaladea egitea da. Hau be gatz, ozpin eta oliba orioagaz puntuan jarri ondoren, guakamolearen gainean jarriko dogu.

Berehala, otarrainxkak preparetan hasiko gara. Horretarako, zartagin batean jarriko doguz oliba orioa eta berakatza txiki-txiki eginda. Surtan jarri eta kolorea hartu aurretik otarrainxkak gaineratuko doguz. Dana sueztitu eta okelearen saltsea botatea besterik ez jaku faltako. Otarrainskak okelearen saltseagaz busti eta jateko prest egongo dira.

Amaitzeko, otarrainxken ondoan sardina zaharraren arrabak ipiniko doguz kaferako kolaratxu bategaz. ON EGIN

BeƱat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko Sukaldaria.

Urte barri on danori, hemen gagoz, prest 2004. urteari be hasikerea emateko. Suetearen berotasunean ekingo deutsagu urte barriari. Segurutik, tripakada handiak egin ostean, bete-bete eginda egongo zarie oraindino baina argi dago gizakiok egunero jan behar dogula; hau da markea gero!; sukaldaritza kontuetan ez dago beraz ikasteko momentu txarrik, guk geureari ekingo deutsagu.

Gabon jaiak aitatuko doguz eta badakit etxeetan makinatxu bat jateko geratzen dala gehiegizko jatordu edo oturuntza horreen ostean be; hori dala eta, gabonetan jaten doguzan osogaiekaz eta sobran geratutakoakaz preparauko dot oraingo errezetea. Otarrainxkak erabiliko doguz osogai nagusi legez. Goazen ba gure txokora, ensalada ederra preparetan.

OTARRAINXKA SUEZTITUAK, AHUAKATE GUAKAMOLE ETA SARDINA ZAHARRAREN ARRABAKAZ

Osogaiak (4 entsalada egiteko):

 Hamasei otarrainxka zurituak.
 Oliba orio apur bat.
 Berakatz txikitua.
 Okelearen saltsea (50 gr. inguru).
 Ahuakate erdi bat laukietan ebagita.
 Patata txiki bat egosi eta laukietan ebagita.
 Kipula txiki bat.
 Tomate bat azalik eta hazirik barik. Laukietan ebagita erabiliko dogu.
 Letxugea.
 Ozterzuria edo eskarolea.
 Lollo arrosa.
 Sardina zaharraren arrabak.