Peru (III): Cusco, munduaren zila
Herriko merkatua bizi-bizia da eta danetarik topau daiteke. Azokan ortuariak eta frutak saltzeaz ganera, liburuak, sendabelarrak, arropak, eta etxean behar dan guztia saltzen dabe. Askok betiko janzkerea darabile, andreek, batez be. Alkondarea eta jersea. Behe aldean, hiru gona, bata bestearen ganean, eta hiru-lau bolantekaz apainduta; hotz egiten dauanean, manta bat lepotik jarrita eta aurrean lotuta. Sonbrerua ia mundu guztiak erabilten dau: pamela antzekoa zein bonbin erakoa. Ulea trentza bigaz lotuta eta zaharrek be ule luze-luzea daroe. Ume txikiak daukiezanek atzean eroaten dabez, "aguayo" bategaz lotuta, manta antzeko bategaz hain zuzen. Umeak isil-isil joaten dira. Gustora.
Gizonek, ostera, ez dabe gorde euren jazkerea eta gatxa da jantzi tradizionalagaz dabilen gizonik ikustea. Askotan ikusi izan dogu gizonek baino karga handiagoa eroaten daben andrak. Eurei itaundu ezkero, andreek gizonek beste eroan leikiela esaten dabe, sarritan euren pisuaren bikotxa. Andrak behar eta behar ikusten doguz, guztiaren arduregaz (kargak eroaten, azokan, umeak jagoten...).
Azokan, kolore biziko ohial edo telak dira nagusi. Tinte naturalak erabilten dabez eta llama edo alpaken laneagaz eginda dagoz. Alpakak bertoko animaliak dira, llamak baino apur bat txikerragoak, eta ule leunagoa daukie.
Azokan, turistak edo kanpotarrak garala igarrita, saltzeko gogoa da nagusi saltzaileen artean.
Urte barri on.
Iratxe Ormatza
Cusco munduko zila ei da, edo holan sinistu behar dogu. Inguruan dituan mendiak nahiko handiak dira eta herria zeozelan babesturik dago. Andeetako bihotzean dago, hiru mila eta laurehun metrora, gitxi gorabehera. Ez da gitxi, eta igarten dogu, gitxika ohituz joan arren. Cuscoko erdialdea handia da eta etxe zaharrez beteta dago. Ez dau emoten benetakoa danik be.
Inken inperioaren uriburua eta erdigunea izan zan Cusco. Munduko zila izan zan. Herri sakratua. Inkak eguzkiaren seme-alabak ziran. Lehenak, Manco Capac eta Mama Ocllo, Titikakan sortu ziran. Hareekandik sortu ziran inka guztiak. Bikotearen helburua erreinu handiaren erdigunea topetea zan. Cuscora ailegau eta jakin eben munduaren zila zala. Han geratu ziran, bertako biztanleakaz batera. Hantxe hasi zan inken inperioa. Munduko inperio guztietan legez, herritarren arteko desbardintasunak handiak ziran. Batzuk, goian eta, beste batzuk, ostera, behean (gehienak). Inkena herri konkistatzailea izan zan eta euren mugak, geldiro-geldiro, zabalduz joan ziran. Menpean hartzen ebezan herriak eta herritarrak euren hizkuntzea (quechua) berba egitera behartzen eben. Berbarako, Amazonasen ikusi genduan Waikotarren herria Andeetan bizi ziran antxina. Inken kontrako gerrea galdu ostean, barriz, Amazonasera hanka egin behar izan eben. Han, geroago barriro be gerrea galdu eben espainolen kontra.
Espainolak Hegoameriketan sartu eta konkistau ebenean, Cusco barriro fundau eben 1534an. Harrigarria bada be, gaur egun ez dago ia inken aztarnarik herrian. Ameriketan inbadidu ebezan ganerako herrietan legez, hemen be astakeri handiak eta sarri egiten ebezan. Agintariek herritarrak zapaldu eta morroi moduan erabilten ebezan. Gehiegikeriei aurre egin guran, beste leku askotan legez, inkak espainolen kontra jagi ziran. Ezagunena Jose Gabriel Condorcanqui izan zan, Tupac Amaru II.a. Bera buru zala, inkak 1780an matxinatu ziran. Beranduago, 1822an Jose de San Martinek Cusco departamentua sortu eban eta independentzia aldarrikatu. Gerora, Simon Bolibar izan zan Espainagaz loturak ezerezean itxi ebazana.
Cusco uri ederra da, harrizko bideak, etxe kolonialak. Burua jaso eta mendiak etxeen atzealdetik agiri dira. Herri, benetan, polita da. Etxe kolonialek herriaren alderdi handi bat hartzen dabe. Herriaren erdian plazea dago, eleiza bik eta aurkupeak daukiezan etxeek inguratuta. Herri nasaia da, trafikoa ez da handia. Bertoko etxe dotoreak sasoi bateko bizimodua ekarten deuskue gogora.
Orain dala hamar bat urte, “gringuitoak” hamen bizimodua egiten hasi ziran, herriaren edertasunak eta Machu Pichutik hur egoteak erakarrita. Turismoak ez eukan gaur egungoaren antzik be baina hortxe hasi zan gaurko booma. Herrian kafetegi eta jantoki franko zabaldu dabez, batez be, “gringuitoentzat”. Horrek guztiorrek giro berezia sortu dau herrian. Cusco bi dagoz: perutarrena eta “gringuitoena”. Holako leku batean sartzen zaranean, Cuscon baino Europako edozein tabernatan egon zeintekez. Ugarte modukoak dira baina argi dago turismoak indar handia daukala eta, gaur egun, herria turismoari begira bizi da. Kalean zabilzala, umeak eta gazteak jatortzuz, turisten atzetik beti: postalak eskaintzen, artisautzea, oinetakoak garbitzeko…; plazan jesarrita gagozala, bata bestearen antzean etorri jakuz zer edo zer eskaintzen.