Izarraren atzean
Hiru Errege Magoen ganekoak argitu guran
Beste alde batetik, Hiru Errege Magoetako bat baltza zala onartu dogu eta barriro be Mateoren testua hartuz, honek ez dakar ezer errege baltzaren ganean. Zehaztasun handiegirik ez dago baina gaur egun bata bizar zuriagaz eta bigarrena bizar baltzagaz irudikatzen doguz. Erregeetariko bat baltza izatea XIII. mendetik aurrera zabaldu zan ideian oinarritzen da. Interpretazino horren arabera, errege bakotxa, Noegandik sortutako munduan ziran lehenengo hiru arraza desbardinekaz bardinduko leukez erregeak: kasu honetan, baltza Afrikan finkatutako 'kamiten' arrazaren ordezkaria izango litzateke.
Magoen irudiekaz jarraituz, batek ule zuria izateak be badauka bere zergaitia: errege bakotxak gizonak bere bizitzan ezagutzen dituan epe desbardinak adierazoten ditue: gaztetasuna (errege baltza), heldutasuna (Gaspar) eta zahartzaroa (Meltxor). Izenak be ez doguz aitatu orain arte, horren ganean be zer esana dagoalako: Mateok idatzitakoan ez da izenik agertzen eta beranduago idatzitako testuetara jo behar da, Haurtzaroko Evangelio Armeniarra deitutako idatzira.
Hiru zenbakiak beste esanahi batzuk be beteko leukez: antxina hiru kontinente ezagutzen ziran, gizartean hiru estamentu edo klase egozan (abadeak, gudariak eta langileak) eta denporearen hiru aldiak be bai (lehenaldia, orainaldia eta etorkizuna). Hortik abiatuta, nahiz eta Mateok ezer ez esan, magoak hiru zirala onartu dogu.
Mateok bere idatzian emondako zehaztasunen artean, Erregeak erregaluakaz etorri zirala aitatzen da: intsentsua, urrea, eta mirra. Baina zergaitik hiru erregalu horreek?. Urrea jaungoikoen ikurra da eta intsentsua be, jaungoikoen ikurra izateaz aparte, sakrifizio edo erregalu ideia dakarzku burura. Azkenik, mirra hildakoen ikurra da.
Esandakoak esanda, beti aitatutako Hiru Errege Magoak, inoiz izan zirala onartuta be, ez dago behintzat jakiterik hiru baziran, ezta erregeak ziranik be. Magoak zirala Mateok berak dakar baina 'mago' berbeak berak be esangura asko izan ditu mendeetan zehar, eta ez danak onak; horregaitik, ez da beti onartua izan 'mago' izate hori.
Dana dala, urtarrilaren 6an barriro be Erregeen Eguna ospatu dogu, ahal dala erregaluz beterik eta ohiturea dogun erroskatxuagaz armozua eginaz (Mateok ez dau argitzen Belenen erroskatxua jaterik izan zanekorik).
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.
Hiru ziran erregeak, urrunetik helduak eta izar batek gidatuta, jaio barria zan Jaungoikoaren semea gurtzera hurreratu ziranak. Holan entzun dogu beti eta holan ipinten doguz gure etxeetan eta gure herrietako jaiotzetan. Baina zer da egia eta zer guzurra?. Zer historian oinarritua eta zer irudimenak eta ahozko tradizinoak ekarritakoa?. Hurrengo lerroetan ahaleginduko gara Hiru Errege Magoen ganean hainbat kontu argitzen eta zehazten, nahiz eta ez izan gauza erraza.
Lehenengo eta behin argitu beharreko kontua ondokoa da: zein testutan aitatzen dira lehenengo aldiz historian hiru erregeen kontuak? Non oinarritzen da gugana heldutako ohiturea? Egia esan, erlijino katolikoko hainbat ohitura eta kontakizunekaz pasetan dan moduan, erregeena be, edo magoena hobeto esanda, ebanjelioetatik dator. Gure kasuan, hau da Magoen kontakizunaren kasuan, ebanjelio baten baino ez da euren aitamena egiten, Mateok idatzitako testuan (Mateo II, 1-12), era laburrean baino ez bada be. Magoak Herodes Erregeagaz egon zirala eta honek eskatu eutsela behin umea gurtu eta gero barriro harengana joateko barri emotera; kontua da ze Herodeseri ezer esan barik, beste bide batetik joan zirala euren jaioterrietara. Hauxe da Mateok dinoskun guztia. Beraz, jatorriz sortaldekoak ziran, nongoak esan barik; ez dau euren izenik esaten, ez da inondik be agertzen erregeak ziranik eta, horrezaz ganera, ez dino zenbat ziran.
Kontuak kontu, Errege Magoen ganeko aitamenak beranduago idatzitako beste testu batzuetan topau doguz, hain zuzen be, III eta VI. mendeen artean idatzitako testuetan. Halan ba, Errege Magoek egindako bidaiaren zehaztasun batzuk Agostino, Liejako Enrikek eta Sajoniako Rodolfok emoten ditue euren idatzietan. Erregeak sortaldetik etozala Mateok esateaz aparte, Marco Polok, edo Voragineko Jakobek be esaten dabe. Erregetasunaren ganean, Mateok bere testuan ez dau erregeak ziranik aitatzen, magoak baino.
VI. menderako 'Hiru Errege Magoen' kontakizuna benetan errotuta eta zabalduta agertzen jaku katolikoen artean. Hori bai, jatorrizko testuari beste pilo bat zehaztasun eta kontu gehituta. XIV. mendearen erdi aldera, Hildesheimeko Juanek, Alemaniako Kassel herritxuan zan karmeldarrak magoen ganeko kontakizun eta aitamen guztiak liburu bakarrean batu zituan, gitxi gorabehera, gaur egun magoen gainean ohikoak diran ezaugarri guztiakaz.