Sarean  III. urtea // 41. zenbakia - 2003ko abenduak 31

Botazino elektronikoa

Kontuak kontu, aitatutako hiru sistema honeekaz, boto emoilearen nortasuna izkutuan dago. Kataluiniako saioetan hiru sistema horreek aprobau ziran baina legezko baliorik ez eben euki atara ziran emoitzek. Teknologia hortxe daukagu baina gaur egun aprobak, saioak baino ez doguz egiten; hori bai, jakin badakigu hemetik lasterrera botoa emoteko prozesua goitik behera aldatuko dana. Posible izango da norberaren etxetik be botoa emotea: Interneten sartu eta beste barik. Beharbada, hauteskundeetako web guneetara sartu, han gure nortasuna baieztu eta botoa emotea baino ez jaku falta. Nortasuna bermatzeko oraingo saioetan egiten dan moduan gako edo klabe personalaren bitartez egin ahal izango dogu edota izenpe edo firma elektronikoa erabiliz: era horretara, botoa emon dogula ziurtatzen da (sistema honegaz be botoa sekretua izango da).

Azken buruan, legeria aldatzea be nahitaezkoa izango da baina ohitura eta jarreren aldetik be oraindino apur bat falta jakula dinoe adituek (eta jakina, etxe guztiek ez daukie Interneten sartzeko ordenagailurik ezta konesinorik be).
Nork pentsauko eban orain dala urte batzuk gure zergak Internet bidez aurkeztuko genduzala, eroso eta seguridade aldetik konfidantza osoagaz?
Trankil egon, botazino elektronikoak be normal-normal ikusi eta erabiliko doguz uste baino arinago.

Gotzon Plaza,
Informatikoa.

Aspaldiko kontua da baina oraindino ez dauka legezko indarrik: bozketa elektronikoa. Betiko botazino eraren aurrean, bozketa elektronikoari esker, seguridadean eta bizkortasunean irabaziko dogu (ganera, merkeago be izango da). Horretarako, beharrezkoa dan teknologia badago egon eta sistemea abiarazotea baino ez dago; hori bai, aldaketa edo egokitzeak behar-beharrezkoak izango dira bizitzako arlo guztietan: gizartean, kulturan eta jarreratan; horrezaz ganera, legeriaren aldaketak be derrigorrezkoak izango dira.

Euskal Herrian egin doguz bai ahalegintxu batzuk eta azken hauteskundeetan be egin ziran holako aproba batzuk. Oraintsu, barriz, Kataluinian be erabili dabe sistema hau.

Botazino elektronikoa egiteko orduan, gaur egun hiru sistema dagoz erabilgarri eta Kataluinian hirurak erabili dabez. Honexek dira.

1.- Hautestontzi elektronikoa

Hautestontziak eskaner optiko bat dauka. Persona bakotxari txarteltxu bat emoten jako hautestontzian sartzeko eta botoa emon ondoren (betiko kartazalaren barruan), txarteltxu hori balio barik geratzen da; era horretara, persona bakotxak boto bakarra emotea lortzen da.

Eskaner optikoak gure botoa sartzeko momentuan “leidu” egiten dau gure aukeraketea; kartazalaren barruan egon arren, baina izpi ultrabioletak erabiliz, botoa “identifikau” egiten dau eta mahai elektorala zarratzen danean, era automatikoan kontetan ditu sartutako botoak; emoitzak inprimidu egiten dira eta komunikazino sare baten bitartez kontrol zentrura bialtzen dira. Botoa emon ostean, inprimaki batek botoa emon dogula ziurtatzen deusku (baina jakina, ez deusku adierazoten botoa nori emon deutsagun). Hautestontzian sartutako kartazaltxu guztiak gorde egiten dira behar izan ezkero konprobazinoak egiteko.

Sistema honegaz ez da behar ezelako giza laguntzinorik eta seguridadea bermatuta dago; ganera, gorago esandako moduan botoak bizkorrago kontetan dira era tradizionalagaz konparauta. Datu legez baino ez bada be, Kataluiniako hauteskundeetako emoitzak sei minututan emon ebezan.

Sistema honen garatzaileen artean, Demotek, Euskal Herriko enpresea daukagu. Botazino modu hau orain arte estadu mailan Euskal Herrian erabili da: EHUko klaustroko hauteskundeetan, Ingenieritza Eskolakoetan, Athletic-eko presidentearen aukeraketan eta Ikusi enpresearen hauteskunde sindikaletan.

Beste alde batetik, orain hilabete batzuk Txileko gobernuko batzorde bat Euskal Herrira etorri zan sistema hau ezagutzeko eta aztertzeko asmoagaz eta oso pozik geratu ei ziran ikusitako esperientziagaz. Txileko gobernuko ordezkaritzea ez eze, Costa Rica, El Salvador, Mexiko eta Uruguayko ordezkariak be gure artean egon dira sistemearen nondik norakoak aztertzen.

2.- Ukutzeko pantaila

Sistema honetan ez da papeleta tradizionalik erabilten. Ordenagailu baten aurrean jarrita, pantailan dagozan aukeren artean geuk gura doguna ukutzea da kontua (taberna askotan konsumizinoa kobretako tabernariek egiten daben moduan). Persona bakotxari txarteltxu bat emoten jako eta hori ordenagailuan sartu ostean, botoa emoteari ekingo deutso. Ondoren, txarteltxu hori balio barik geratzen da eta inprimaki bat emoten jako botoa emon dauela egiaztetako. Prozesua amaitzen danean, emoitzak komunikazino sare baten bidez bialtzen dira kontrol zentrura, kontaketa orokorra egin ahal izateko.

3.- Internet bidez

Internet bidez webgune jakinera sartu eta han nortasuna baieztu behar dau interesatuak (NAN zenbakia emonez) eta klabe personala sartu. Holan, zentzuan badagoala egon baieztuko da eta aukeraketa horretarako eskubidea daukala be bai. Berehala, aukeraketa orrialdera sartuko da eta hantxe esan beharko dau zein hautagairi emongo deutson bere botoa (hautagaien zerrendan aukeraketea markau behar dau). Egindako aukeraketeari baieztapena eskatzen jako eta berehala kontrol zentrura bialdu eta datuak momentuan jasoten dira.

Internet bidez egindako lehen konsultea (estadu mailan) El Hoyo de Pinares, Avilako bi mila biztanleko herritxuan egin zan pasa dan martian. Eta zein izan zan konsultearen mamina edo itauna? Benetan bitxia, herriko erromeria noiz egin zehaztu gura zan, aurten betiko eguna (maitzaren 25a) udal hauteskundeakaz bat etorrelako. Internet bidez bai baina botoa emoteko betiko lekuetara joan behar izan eben, hantxe egozalako saio horretarako preparautako ordenagailuak.