Zinea  III. urtea // 41. zenbakia - 2003ko abenduak 31

The lord of the rings. The return of the king


Abenduaren 17an ailegau jakun urtebete itxaron dogun trilogiaren azken alea eta, egia esan, inori ez jako aparteko kritika ezkor edo txarrik entzun film honen inguruan.

Peter Jackson zuzendariak ederto erabili ditu teknologia barriek eskaintzen dituen baliabide harrigarriak; ganera, pelikulearen narratibea ondo be ondo jagon dau, filmaren luzeak inor aspertu ez daian. Gauzak holan dirala, istorioaren eta akzinozko eszenen arteko oreka fin eta burutsu bati eutsi deutso. Ondo be ondo hazurmamitu ditu nobela erraldoi honetako pertsonaia, piztia eta leku misteriotsuak.

Aldi berean, trebetasun handia erakutsi deusku, plano desbardinetan garatu arren, batera gertatzen diran hiru istorioak buztartukeran. Denpora-tarteak neurriz eta tentuz erabili ditu, filmaren benetako iraupena murrizten dalako sentsazinoa jadetsiz.

Horrezaz ganera, burruken eszenografia ezin hobeto planifikau eta emoitzea bikaina izan da; orain dala gitxi pantailaraturiko beste trilogia baten azken zatian pasetan zanez bestaldera, irudiak ez dira alkarren atzean pilatzen eta ikusleak horreekaz gozetako astia dauka. Horrek eta istorioa horniduteko berenberegi sortutako giroak ikusgarritasun berezia emon deutso pelikula honi. Bestalde, zuzendariak unekada batzuetan airetik ataratako planoek sakontasun trinkoago eta ikuspegi ederragoez jantzi dabe epopeia hau.

Guztiagaz be, lan bikain hau kaskartu ez arren, agiriko hutsune handi bat aitatu beharra dago: amaierea. Jacksonek ez dau jakin amaierea biribiltzen eta, seguru asko, behar baino gehiago luzatu dau, guztiok genkiana jazotea gura ez baleu lez. Guztiagaz be, honako hau gabon sasoi honetan derrigor ikusi beharreko pelikula on-ona dozue.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Peter Jackson.
- Herrialdea: Zelanda Barria eta AEB.
- Iraupena: 201 minutu.
- Antzezleak: Elijah Wood (Frodo), Ian McKellen (Gandalf), Viggo Mortensen (Aragorn), Sean Astin (Sam), John Rhys-Davies (Gimli), Billy Boyd (Pippin), Dominic Monaghan (Merry), Orlando Bloom (Legolas), Christopher Lee (Saruman), Miranda Otto (Eowyn), Karl Urban (Eomer), Bernard Hill (Theoden), David Wenham (Faramir), Hugo Weaving (Elrond), Liv Tyler (Arwen), Cate Blanchett (Galadriel), Andy Serkis (Gollum/Sméagol), Marton Csokas (Celeborn), Thomas Robins (Deagol)...
- Gidoia: Frances Walsh, Philippa Boyens eta Peter Jackson, J.R.R. Tolkien-en liburuan oinarritua.