S.W.A.T.
Film hau ikusleak abroziduteko moduko ekintza pelikula txar horreetariko bat baino ez da. Pertsonaiak aurkezteko pantailaraturiko sarrerea lar luzea da eta sano azalekoa. Ganera, SWATek film mueta honeetan mila bider ikusitako ohiko eskemeari jarraitzen deutso: Harrelsonek taldeko gizon sailduak aukeratu eta ezin gogorrago entrenauko ditu, justiziaren morroi leial eta hausiezinak izan daitezan. Horrek guztiorrek ia ordubete irauten dau, filmaren erdia baino tarte luzeagoa hartuz. Zoritxarrez, gidoilariek ez dabe libretoaren zati hau laburtu gura izan edo ez dabe jakin zelan egin, argumentuaren maminari lehenago oratu ahal izateko: Alex Montel droga trafikatzaileak poliziatik libretako gauza dan personeari egindako 100 miloe dolarreko eskaintzea.
Istorioaren zuzeneko eta azaleko ildo hau ez da pantailan agiri filma amaitzeko berrogei minutu falta izan arte; horixe da film honen zati erakargarri eta ikusgarriena eta ikusleek, holako produktu bat aukeratukeran, hasikera batetik itxaroten dabena. Edozelan be, orokorrean ikusita, fim hau ez da ezelan be proiekzino osoan jesarlekuari itsatsita egoteko moduko lana; horren frogagarri argia ikus-entzuleei entzun ahal izango deutsezuezan aharrausi zaratatsuak izango dira.
Bestalde, 'Frida' filmerako egindako musikeagaitik Oscar bat irabazi eta gero, Elliot Goldenthalek harritu gaitu pelikula honetarako atondutako musika gazbakoagaz; egia esan, atseden hartzeko denpora-pasa lez egindako lana emoten dau, proiektu serio baten begira dagoan artean.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Clark Johnson.
- Herrialdea: AEB
- Iraupena: 117 minutu
- Antzezleak: Samuel L. Jackson (Dan "Hondo" Harrelson), Colin Farrell (Jim Street), Michelle Rodriguez (Chris Sanchez), LL Cool J (Deacon "Deke" Kaye), Brian Van Holt (Michael Boxer), Jeremy Renner (Brian Gamble), Josh Charles (T.J. McCabe), Olivier Martinez (Alex Montel)...
- Gidoia: David Ayer eta David McKenna