Kontseilua, akordio soziopolitiko barri bat lortu guran
Euskerea, jokabidez, pentsakeraz eta jatorriz askotariko herritarren sostengua, esku hartzea eta babesa arian-arian landu barik, asmo onenez egindako dekretu eta egitasmoen bidez bada be, ezin daiteke berreskuratu. Aldi berean, zuzenean edo zeharka alderdien pean dagoan, alderdikeriaz jokatzen dauan mobimentu zibilak be askotariko personak ezin ditu batu, eta ondorioz, hizkuntza bizibarritzeko era askotako erabagiak hartu daitezan eta eremu guztietan eragiteko ahalmena nahikoa makal edota indar barik suertatzen da. Kontua ez da eraso baten aurrean —dei egilea norgura dala— kalera urtetea, ezpada protagonismo antzuetatik igesi, etorkizuna irabazi ahal izateko, beste ibilbide bati ekitea.
Erramun Osa
Euskaldunon Egunkariaren itxiereak ekarri eban operazinoaren bigarren aldiaren inguruabarrean, euskalgintzea babesteko akordio sozio-politikoa topetako sasoi bateko guraria indartu da bazterretan. Bada, noranzko horretan urratsak egingo dituala iragarri dau euskalgintzearen zati bat ordeztu gura dauan Kontseiluak. Bi litzatekez hazurmamitu beharreko akordioaren zutabe nagusiak: bat, euskerearen normalizazino prozesuaren adierazle batzuek euskerearen indarbarritzea gelditzen ari dala agertzen dabela pentsaurik, euskerearen normalizazino prozesua bizkortzea ekarri leiken konpromisoa (horretarako, hogeita sei neurri proposatzen dira); eta bi, euskalgintzeari emon beharreko babesari erreferentzia eginaz, neurri politikoak, ekonomikoak eta juridikoak jasoko leukezana (horretarako, hamalau neurri proposatzen dira).
Aurrekariak badira. Besteak beste, Lizarraren sukarraren eraginpean, 1998ko abenduaren 21ean, Bilboko “Villa de Bilbao” hotelean, euskerearen lurralde guztietako eta abertzaleak zein ez-abertzaleak (EAJ-PNV, EA, IU -EAE zein Nafarroa-, Batzarre, AB, CDN, Euskal Herritarrok, ICV eta Zutik) diran alderdi batzuek izenpetu eben akordioa litzateke horreetako bat. Tratuaren arabera, Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusia zein lurralde bakotxean abian ziran planak babesteko konpromisoa ez eze, euskerearen normalizazinoa ahalbidetzeko neurri politikoak, ekonomikoak eta juridikoak bideratzeko erantzukizuna be hartu eben han batzartutakoek. Baina, askotariko arrazoiak dirala tarteko, horreen artean sozialistak akordiotik kanpora ixteak, akordioak porrot egin eban.
Beraz, orain, akordio sozio-politiko barri bat lortzeko urratsak egin behar dira. Hatarako habeak, baina, argi izatea komeni da, besteak beste, euskalgintzako egitasmo estrategikoak ahalik persona eta erakunde gehienen artean konpartitzea litzateke euskerearen eta euskalgintzako alkarte zein erakundeen kontrako egoerei lepoa emoteko txertorik eragingarriena, baina, horrek euskalgintzearen inguru batzuetan beste kultura bat zabaltzea eskatzen dau, kontrol erispideen gainetik eta azpitik, gure hizkuntzea indarbarritzea hurrenkerearen lehenengo postuan jarriz.
Era berean, EAEra mugatutako epe laburreko estrategiak gaindituz, Iparraldean eta Nafarroan balio leiken epe luzeagoko estrategia zehazteari begira, zoru komuna eregiteko ahaleginak egitea komeni da. Horretarako, egoerearen azterketarako gitxieneko erispideak danon artean agirian jarri eta konpartidu eta Euskal Herri osoan erabili leiteken estrategia aproposerako habeak zehaztu beharko doguz. Izan be, ustezko nazino mailako estrategia zuzena ez da aldarrikapen eta estrategia komunak toki eta egoera guztietarako mimetikoki erabiltea, errealidade desbardinak aintzat, ezpada hareetatik eregitako estrategia, diskurso zein taktikak eratzea. Halan da be, halakoetarako, euskerearen lurraldeen egoera politikoa, linguistikoa eta kulturala gogoan, autonomia osoz aritzen dan mobimentu zibila behar dau euskereak. Euskerearen aldeko mobimentu zibilari zentraltasuna eta zeharkakotasuna emotea eginkizun doguz oraindino.