Bertsotan  III. urtea // 41. zenbakia - 2003ko abenduak 31

2003a bertsotan

2003KO KRONIKEA

Doinua: “Gure munduko bizimodua”

Batzutan ona bestetan txarra
horixe dogu bizitza
guk ona baino txarra daukagu
azkenaldiko baldintza
hazi gaiztoa ereiten dauen
etsai horrek dauka giltza
eta edonon ikusi leike
bere heriotz ekintza
gure munduan gogor dabilku
Indar eta su ekaitza

Itsaso handian Prestige untzia
desagertuta hondora
galipot lohia zabaldu jakun
uretan behera eta gora
itxurak eta ustelkeria
gordeta hainbat denbora
eguneroko kontu gordina
ekarri eustan gogora
marea baltzak atara zeuen
zikinkeria kanpora.

Ustelkeriak ez dau ekarten
kontu garbi eta onik
batzuk berbatan hasi orduko
besteak dagoz ixilik
amerikarrek Iraken kontra
egin dabe sarraskirik
horko urietan misil handiak
errubako asko hilik
petrolioa jarri deuskue
gizakiaren ganetik.

Gure herriaren ganetik bere
ibilten dira indarrez
Egunkaria itxi gurean
berba giltzapean gordez
kale hotzetan laster BERRIA
zabaldu jakun adorez
eta giroa epeldu eban
berbaz, tintaz ta paperez
ez gintuezan ixilarazo
hareek uste bezain errez.

Legeaz eta epaile tropaz
gura gaitue azkendu
gure arteko antolamena
eskuen artetik kendu
ai lehenagotik gure herria
baturik euki bagendu!!
Halanda bere ez da berandu
hor dago hainbat sostengu
herri zahar honen borondatea
ezin da atzean ostendu.

Urte gozoa ez dogu euki
garbi beharko da esan
bake ederrik ez da hain zuzen
ikusi ez hemen, ez han
bi mila eta lau ikusi behar
zelan etorriko ete dan
urte barrian hasi behar da
hau hobetzeko promesan
lanean eta kantuan danok
zutunik para gaitezan.

Josu Landeta

Urte barri barri, txarri belarri, daukanak ez daukanari…; bai, baina ez gaitezan hain errez ahaztu joandako urteagaz. 2003ak kontu ugari itxi deuskuz, gurean eta ganerako munduetan. Josu Landeta getxoztarrak dozena erdi bertsotan batu dau dozena bete hilabetek emondakoa.

Josu Landeta oso ezaguna da Getxo inguruan. Hogeita hamazortzi urteetatik gitxi emongo ebazan Algortako Bertso Eskolatik kanpo. Euskal Filologian lizentziau zan Deustuko Unibersidadean eta Magisteritza ikasketak be egin ebazan Derioko Magisteritza Eskolan. Bizitzearen herena AEKn emon dau, 13 urtez izan da eta irakasle bertan. Azken bi urteetan bertsolaritzea erakusten dau Bizkaiko ikastetxeetan Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik. Bertsotan Ipar-Uribe eskualdeko txapelketan hartu dau parte. Bertsotarako beste zaletasun dauka kanturako, eta ez harritu Algortako kaleetatik panderoa jo eta morenaren koplak kantetan topetan badozue. Igazko urtearen kronikea egiteko eskatu geuntson eta bai ondo erantzun be.

Bertsoak bertso, urte barri on zeuri, irakurle.

IƱaki Aurrekoetxea