Komunikazinoak mugarik ez
Argi dago bai, datozen urteotan komunikazinorako erabiliko doguzan tresnak nahikoa 'barriak' izango dirana eta elementu horreen prezioak behera eta sareen abiadureak gora egiten daben neurrian, hortxe egongo dana gure hurreko etorkizunean komunikazinoetarako giltza.
Gotzon Plaza,
Informatikoa.
Gure gizarte honetan aldaketak izaten dira, batez be teknologia barrien eraginez, baina sarri konturatu be ez gara egiten.
Komunikazinoan, aldaketak basatiagoak izaten dira. Gizakion ezaugarrietako bat komunikazinorako tresnak erabiltea izango litzateke. Tresna horreek teknologiaren bidea jarraituz, eten barik aldatzen doaz eta era barriak sortzen dira. Betiko komunikazino sistema tradizionalak (telefonoa, paper idatzia) ez dira, ez, ahaztu; baina argi dago beste bide edo beste euskarri batzuetan oinarritu dirana azken urteotan. Internet mundua komunikazinorako mundu aproposa da eta aukera asko eskaintzen ditu: egunkari elektronikoak, posta elektronikoa....
Edozein behar lekutan ipinten badoguz gure begiak, ikusiko dogu zelako e-mail zaparradea helduko dan. Enpresen arteko hartu-emonetarako tresna egokia (azkarra eta segurua) da, eta askozaz gehiago enpresa barruko zereginetarako. Eta ez bakarrik enpresa munduan, ze gaurko gizartean etxerako ordenagailu bat erosten dogunean, pantailearen aurrean jarri eta egiten dogun ia lehen behartxua gure korreoa konfiguretea izaten da edo posta elektronikorako helbide bat lortzea. Hau izango da hurrengo urteotan alkarren artean komuniketako erabiliko dogun erarik nagusienetakoa, bakarra ez bada. Askok esaten dabe gaur egun ez dala ezelako eskutitzik idazten, baina hau esaterakoan sistema tradizionalen ganean egiten da berba, hau da 'papelezko gutun tradizionalak'. Nork ezagutzen dau gaur egun kartak idazten dituan personarik? Horren ordez, eta Internet teknologiari esker, gaur kartak e-mail bidez bialtzen dira. Eta ganera, zenbat botaten dira ba! Ordenagailua daukan edozein lagunek esango deusku zenbat eta zenbat heltzen diran egunero; egia esan, gehienak txisteak, argazkiak edota bideoak bialtzeko erabilten doguz. Dana dala, hori ez ete da beste komunikazino modu bat? Gaur eguneko gazteakaz eta ez hain gazteakaz pasetan dan moduan, egon badago komuniketako beste era bat, hau da, eskuko telefonoetara bialtzen diran mezu laburrak eta telefono operatzaile guztiek euren modeloetan eskaintzen daben zerbitzua (ingelesez SMS Sort Messages Service izenagaz ezagutzen dana, Mezu Laburren Zerbitzua). Hau be, Interneteko teknologia garatu ondoren, azken urteotako lorpen modura hartu behar dogu. Holako gauzakaz jazoten dan legez, ez gara harritzen lorpen horreekaz; baina egin daigun atzera, jarri gaitezan orain hogei urteko pentsamoldeagaz eta ikusiko dogu desbardintasuna.
Gure zerbitzurako posta elektronikorako helbide bat lortzea nahikoa gauza erraza da, eta ganera Interneteko ia atari guztietan doban eskaintzen deuskuen zerbitzua da. Halan da be, azken hileotan zabaldu dan barriari jaramon egiten badeutsagu, oraingoz dobaneko zerbitzua dana laster pagau egin beharko dogu; bai behintzat, neurri baten: berbarako, gaur egun mundu mailan erabilten dan korreoa lortzeko ataririk garrantzitsuena www.hotmail.com izango da. Orain arte, posta helbidea zabaldu ondoren, hortxe geratzen zan eta hantxe egozan guri heldutako mezu guztiak (baita guk geuk bialdutakoak be), baina azken denporaldian Hotmaileko buruek muga batzuk jarri dabez: korreoa gordeteko doban eskaintzen dan lekua mega bira (2 Mb) mugatu deuskue, eta hortik gora gura izan ezkero, pagau egin beharko dogu. Hori zer dala eta? Ba, argi dago, korreoen kopurua ikusita, atari horreetako arduradunek pentsauko eben, alde batetik, euren zerbitzarietan horrenbeste korreo bideratzea nahikoa karua dala eta, bestetik, negoziorako bidea be zabaltzen jakela.
Etxeetako buzoietan legez, hemen be, gure posta elektroniko helbidera hainbat eta hainbat mezu helduko jakuz eta gehientsuenak, beharbada, iragarkiak eta antzerakoak izango dira. Baina hori zelan da posible? Eguneroko bizitza errealean pasetan dan erara, egon badagoz enpresa batzuk gure helbideen bila ibilten diranak (korreo helbideak), eta azkenean, zerrenda horreekaz beste enpresa batzuk gure buzoiak publizidadez beteten dituenak. Teknologiaren mundua azkenean bizitza errealeko akatsakaz beteten da sarri, eta, horrenbestez, publizidadea eta kontrol bako korreoak dira nagusi Interneten. Horren kontra zer egin? Hotmail atariak honako konponbidea eskaintzen deusku: alde batetik, guk erabagi behar dogu zeintzuk diran guri korreoa bialduko deuskuenak eta, horrezaz ganera, ganerako helbide guztietatik heltzen jakuzan mezuak karpeta berezi batera joango jakuz, 'gura ez dogun korreoa' beren beregi zabaldutako karpetara hain zuzen be; era horretara, gure buzoia kontroletan dogu eta nahikoa garbi izango dogu zaborrak baztertzeko bidea.
Korreoari irudia be gehitzen badeutsagu?
Orduan beste aurrerapausu bat egin dogu Internet erabiliz, eta geure ordenagailuan web-kamera bat jarri ezkero, bideo-konferentziak izango doguz gure etxean. Ordenagailu multimedia, modem bat, web-kamera bat eta, jakina, abiadura ziurtauko deuskun telefono linea egokiak baino ez doguz behar. Edozein dendatan erosi geinke holako kamera bat nahikoa prezio onean (80-90 eurotan edo hortik gora), eta gure ordenagailuan konektauta geure irudia Interneten bidez bialtzeko gai izango gara, gehien erabilten dan Microsoft NetMeeting programea erabiliz. Oraindino komunikazino era barri hau zehatz zabalduta ez badago be, telefono lineak gero eta azkarragoak diran neurrian, ugari ikusiko dogu gure inguruetan.
Epe laburrean zer?
Pausu logikoa irudia eta ahotsa bialtzea izango litzateke; gaur egun ordenagailuagaz eta web-kamera bategaz egiten doguna, horixe bera egin ahal izango dogu eskuko telefonoakaz. Teknologia abian dago, baina oraindino elementuak nahikoa karuak dira. Gaur egun eskuko telefonoa erabiliz Interneten sartzeko aukerea dogu, eta teorian behintzat, nahikoa erraza izango litzateke telefonoari kamera txiki bat jartea eta gure irudia Interneten sartzea. Oraingoz, prezioaren atxakia aitatzen da, baina ez da luzarorako izango.