Gabonak Txinako produktuez ganezka
Era guztietako produktuak
Txinan egin eta sasoi honetan gehien ikusten diran produktuak jostailu, apaingarri eta opariak izanagaitik be, gure bizimodua aitzeko beharrezkoak diran beste objektu asko be asko Txinan eginda dagoz: kirol txapelketetan umeek eskuratzen dabezan trofeoak, hanka nahiz eskuartean ibilten dabezan baloiak, etxerako erosten doguzan telebista, irrati eta iratzargailuak, gero eta gehiago saltzen diran altzariak eta abar.
Gertakizun honen atzean, produkzino kostu merkeak, truke tasa abantailatsuak eta gure merkaduaren konsumo gosea ez eze, hemengo kapitala euki arren, Txinan behar egiten daben enpresak gero eta gehiago dira. Ganera, made in China-ko lelopean egindako produktuen kalidadea hobetzen doa urterik urte eta daborduko ez dira salneurri txiker eta kalidade txarrekoak ei diran dendetan “dana ehunean” edo “prezio justuan” izenekoetan ez beste inon topau daitekezan produktuak; izan be, Asiako erraldoian egindako produktuak azalera handiko zentro, altzari denda ezagun edo tradizino handiko establezimentuetan saltzen dira.
Bien bitartean, Txinan gero eta ugariagoak dira prezio txikiko dendak eta konsumismoa herrialde honen sasoi barrien agiriko erakusgarri bihurtzen doa apurka-apurka. Egia esan, prezioak ikusgarriak dira gurean eskuragarri daukaguzan produktuen salneurrien aldean; kasu baterako eta jostailuen ildoari jarraituz, Txinan bertan Play Station bat 90 eurotan eskuratu daiteke edo Barbai eta Ken ospetsuak 6 eta 8 eurotan, hurrenez hurren.
Edozelan be, pinuaren adibidean gorago ikusi dogun lez, gurera hain prezio merkean ataratako salgai horreek guztiak askoz karuago helduko dira; Txinan behar egiten dabilzen enpresek seguru asko eskulan merkean oinarritutako politikaz aprobetxauko dira, irabaziak handitzeko, baina, aldi berean, Asiako erraldoia Mendebaldeko teknologia eta kapitalak eskuratzen eta merkadu barrietarako bidea ebaten jarraituko dau. Momentu honetan inork ez dau dudatan ipinten: Txina, mende honetako potentzia barria, hasi da izartzen.
Begiluzea
Zein lotura daukie gure etxeko izeiek janzten dabezan apaingarriek eta sasoi honetan egin ohi doguzan opariek? Erantzuna Txina da. Izan be, herrialde honetantxe egiten dira izei artifizialik gehienak, bai eta geure merkaduan topau geinkezan konsumogai ugari be.
Txinako produktuen salneurrien giltzarria
Nazinoarteko Moneta Fondoak emondako datuen arabera, Txinak ondasun eta zerbitzuen produkzinoa bikoiztu dau azken hamarkadan; gauzak holan, aurten nazinoarteko produkzino osoaren %12,7ko maila eskuratu dau, Europako Batasunaren %15,7ri orpoz orpo segiduz eta azken 25 urteotan bape aldatu ez dan AEBren %21eko portzentajeari gero eta arinago hurreratuz.
Gaur egun, ia ezinezkoa da gabonetako arboletako zintzilikario, pelutxe edota argietan made in China esaldi ezaguna ez topetea. Europako Batasunean saldu baina gure merkadu honetatik ate egiten diran oparien heren bik jatorri bera daukie. Txinako 8.000 enpresa inguru alkarren lehian dabiltz jostailuen eremuan; horren trukean enpresa honetako beharginek Mendebalde honetan inork onartuko ez leukezan lan aste luzeak eta soldata txikiak jasoten dabez.
Kasu baterako, AEBko Cosmotree enpreseak nazinoartean asko saltzen dan pinu bat egiten dau Txinan 11 euroko prezioan; gabonetako salgai hori enpresa esportatzaile bati saltzen deutso 12 eurotan, eta, azkenean, pinua 125 eurotan jarten da salgai azalera handietan. Hori bai, produktua egiten daben beharginek hilean 130 euroko soldatea baino ez dabe irabazten.