Bertsotan  III. urtea // 41. zenbakia - 2003ko abenduak 31

Pentagrama bete bertso

Hareetako bati honako bertsoa kantetea tokau jakon, gaia “doinua” zala:

Doinua: Andre Txarraren Bentajak
http://www.bertsozale.com/bertso/doinutegia/audio/liburuki3_1417a.mid

“Alderik ez da lorontzi eta
bertso doinuen artean;
ale politak topa litezke
loregintzaren artean.
Loreak berez politak dira
mendian edo parkean,
baina hobeto gelditzen dira
lorontzi polit batean.”

Jarraian, Unai Iturriagak bertso hau berau bere agurrerako erabili eban eta holan esan eban bere azken puntuak:

“Saioa egin behar dogunez,
bueltau gaitezen arira
loreak zimel ez dakiguzan
lorontziari begira.”

Alde edo kontra, bertsozaleok badakigu hamaikatxu lora eder ikusteko jaioak garala, baina badakigu jakin be oraindino beste hamaika lora ederrago ikusi beharko dogula, eta era berean, batek jakin zenbat lorontzi eta lora-poto ez jakun pasauko oraindino begien aurretik. Goazen, beraz, bertso-lorategietara, lorontzi eta lora barriz betetako tabladu koloretsuetara.
Ondo hasi urtea eta hobeto amaitu.

ALBE:
http://www.albegetxo.net

Xabier Paia

Jakina da bertsozale guztientzat bertsogintzeak hiru habe nagusi daukazala: errimea, neurria eta doinua. Lehenengo biek itzelezko garrantzia euki dabe betidanik, baina hirugarrenak be gero eta indar handiagoa hartu dau bertsolaritzearen munduan. Izan be, horren adibide argia da Santo Tomas bezperan Algortako Bertsolari Eskoleak (ALBEk) antolatu eban jaialdi handia.

Lau urte dira ALBEk lehenengoz “AHOBI sariak” gala antolatu ebala bertsolaritzearen alde lan egin daben horreei danei sari bana emoteko. Lehenengo edizinoan, Euskal Herriko bertso-eskoletako arduradunak izan ziran Zuriñe Asteasuk diseinautako ikurra jaso ebenak. Iparraldetik eta Hegoalderainoko ordezkariak agertu ziran jaialdi haretan eta Mikel Urdangarin hasibarriaren kantuak entzuteko aukerea izan eben bertsozaleek.

Bigarren edizinoan, bertsozalea bera izan zan saritua, izan be, Uribe Kosta inguruko familia bertsozaleek jaso ebelako Algortako bertsolarien esker ona. Azkenik, hirugarrena bertsolaritzea paper, KD zein edozelango euskarritan argitara emon dabenen omenez egin zan, eurek eroan dabelako tabladu ganeko jarduna liburutegietako apaletaraino.

Istorioak historia, kontua da joan dan urteko azken hilabetean AHOBI sarien laugarren edizinoak musika eta bertsoa buztartu dabezanen lana gorapaitu gura ebala. Hamabi izan ziran musikari sarituak: Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Benito Lertxundi, Alaitz eta Maider, Pantxoa eta Peio, Gozategi, Ruper Ordorika, Oskorri, Mikel Laboa, Tapia eta Leturia eta Anje Duhalde. Ez egizue pentsau kontaketan txarra nazenik, dozenarako falta dan lorea Xabier Lete dala badakidalako jakin. Hain zuzen be, berak jaso eban aurtengo ohorezko ahobia. Jaso baino, esan daigun berari egokitu jakola saria, izan be, Antton Valverdek jaso behar ebalako saria bere partez. Akaburako, honek be ezin izan eban sari banaketara etorri. Presentziari jagokonez, esan beharra dago ALBEk saritutako hamabi kantarietatik hiru baino ez zirala agertu (Pantxoa eta Peio, Alaitz eta Maider eta Gozategi) eta beste talde guztiek esker oneko berbaz betetako grabaketa bana egin ebela.

Era berean, egia da musika eta bertsoen edo bertso musikatuen fenomenoa gero eta normalagoa dala bertsozaleen artean. Izan be, gaur egungo euskal musikarien gehiengoak bertso sortaren bat edo beste dauka argitara emondako lanen batean; domekaro bertso sorta musikatu bat entzuteko aukerea emoten dau Hitzetik Hortzera telebistako programak; gero eta gehiago dira bertso jarrien emanaldiak; eta horrenbesteko garrantzia daukie lehenago aitatutako musikarien kontrako bidea egin daben bertsolariek (izan be, bertsolari askok musika talde bat sortu dabe tabladuko jardunean egozala: Igor Elortzak eta Unai Iturriagak Zazpi eskale taldean kantetan eben; Sarasua anaiek eta Andoni Egañak be disko bana atera eben; eta azkenik, gaur egun Jon Maia plazaz plaza dabil Karidadeko Benta musika taldeagaz), ekarpen ederra egin deutseelako bertsozaleen belarriei.

Barriak barri eta zaharrak barritu, argi dago doinu barriak sortzea eta doinu zaharrak formatu barrian emotea bertsolaritzearen aldeko pausua dala, eredu zuzenak etorkizuneko bertsolarien eskura imintea ona dan legez.

Musikea eta bertsoa atxakia izan ebazan jaialdi haretan bertsolari handiak (Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Igor Elortza eta Unai Iturriaga ibili ziran kantuan) eta ez hain handiak ibili ziran (ALBEkiak, bertso-eskolako gaztetxuak).