Euskaldunok munduan  III. urtea // 41. zenbakia - 2003ko abenduak 31

Karibetik Kantaurira

Joakin Arregi 'Txe'-ren bertsoak (Koldo Izagirreren hitzaurreagaz)


Hona hemen, Joakin Arregiren bertsoetako batzuk:

Euskal Herriko txoko polit bat
Dugu Zizurkil bailara,
Han sortu nintzen ta egun batez
Etorri Venezuelara,
Geroztik hemen moldatu behar
Bizitza ahal dan erara.
Maitatzen ditut hemengo xarmak
Ta maitatzen dut euskara,
Bat ez dut inoiz ere ahaztuko
Ta bestea ezin laga.

Urte Zahar ta Urte Barri (Caracas, 2002ko urtarrilak 1)

1
Urte zahar ta urte barri
lelo berdina urtero
denok egin nahi gaituzte
iragarkien bezero
arrakastaren atzetik
horren beharrean edo
lokarri horri tiraka
beti zerbaiten espero
ez ginateke 'normalak'
hortik banandu ezkero
aurkezpen klitxe guztiak
egin ditugu numero
itxura aldetik hamarra
gizaki bezala zero
alferrik hainbat suziri
bihotza ez badago bero.

2
Indar oinperatzaileek
suntsitu dute Afganistan
Irak ere egongo da
urte berriaren listan
Palestinaren samina
iraun nahia ozta-oztan
txikia dabil handien
gerrak jartzen duen koskan
kezketan misil azkarrak
noizko eroriko zaizkan
gerraren laberintoan
nola irtenbiderik eztan
kriminalenak bake eske
azaltzen zaizkigu bistan
bainan jan ustela dago
injustiziaren askan.

3
Segundotik segundora
ta minututik minutu
suziriak pum eta pum
bainan barneko hitza mutu.
Betiko ahotsa dugu
iragarki soilen tutu.
Zorionak, zorionak
kukurruku, kukurruku.
Kolorezko iruditan
ez ote gara itsutu.
Letra handiak estaltzen
duen lerrotan ezkutu.
Bidetxur xumetik ezin
ezertxo ere burutu.
Zorion fruitu hau ez ote
hipokresiaren zuku.

4
Jostailu erakargarria
da burgesiaren kutxa.
Iragarkien gurdia
dabil bultza eta bultza,
iruditik irudira
inbertitzen hor dirutza.
Nork ez du irentsi bada
kontsumismoaren hautsa.
Bihotza desorekatuz
hondatu zaigu gorputza.
Eszenategi honetan
urruti dago iraultza.
Kanpotik bete-betea
barrutik zer gauza hutsa,
horixe da gizakia
galtzen dugunean funtsa.

Bizkaie!

'Euskaldunok munduan' atalera bertsoak dakarguz oraingoan, Venezuelan 20 urtetik gora daroazan Joakin Arregi 'Txe' Zizurkilgo semearen bertsoak hain zuzen be. Atzerriratze horrek zeozelan eten egin eban Joakin Arregi bertsolariaren ibilbide oparoa eta luzaroan plazako eskarmenturik euki ez arren, zorionez, kanpoan be bertsoak idazten jarraitu dau; orain, barriz, bertso horreek guztiak bildu ditu Gaztelupeko Hotsak disketxeak oraintsu sortutako Paper Hotsak azpiatalean (Paper Hotsak bilduman, musikeagaz eta, batez be, kantagintzeagaz zerikusia daben materialak argitaratuko dira).

Joakin Arregik aititagandik hartu eban bertsotarako zaletasuna, izan be, txiki-txikitan bertsolari klasikoen (OtaƱo, Pello Errota, Txirrita, Udarregi...) bertsoak kantetan eutsozan. Geroago, 1971n hain zuzen, 'Plazaratu bako Bertsolari Txapelketan parte hartu eta txapela irabazi eban. Hortik aurrera, gustora eta gogotsu ibili zan bertsotan Mendizabal, Murua eta PeƱagarikanogaz batera baina ustez ETAgaz izandako hartu-emonengaitik, hanka egin behar izan eban lehenengo Iparraldera eta handik Venezuelara; era horretara, bertsolari handi baten jarduna eten egin zan nahiz eta gero Venezuelan makinatxu bat bertso idatzi dituan.