Kulturea  III. urtea // 41. zenbakia - 2003ko abenduak 31

Dubuffet: artista librea Bilbon


Erakusketea Dubuffeten obraren hiru arotan dago bananduta, kronologikoki: lehenengo zatian berrogeiko eta berrogeta hamarreko hamarkadetako lanak batzen dira. Sasoi haretan (kontuan euki behar da orduan hasi zala arte munduan) Dubuffetek dudan ipini eban artearen gaineko teoria tradizionala, eta zerotik ekin eutson, aldez aurretik ezarritako kontzeptuei kasurik egin barik, artearen lurralde birjinara heltzeko. Pentsamentu horretatik abiatuta eta sorkuntzearen iturburura ailegetako asmoagaz (berak “kulturearen kontrako jarrerea” zala esaten eban), Dubuffetek egunerokotasuna hartu eban gaitzat eta etenbako ikerketea egin eban materialakaz. Sasoi horretan argi ikusten da natura barru-barruan sentitzen ebala, bere lanak ostro eta bedar sikuz, tximeletaz, laba bolkanikoz edo harritxuz bete ziran eta. Paysage aux argus lana, esate baterako, tximeleten hegoakaz dago osotuta, eta gitxitan erakutsi da, errez apurtu leiteke eta.

Bigarren atalak L'Hourloupe zikloko hamabi urteak batzen ditu: 1962tik 1974ra doazanak, zehatzago esateko. Bolada horretan, koloreek eztanda egin eben Dubuffeten munduan: baserri giroko bizitzeagaz kantsauta, egun baten autobusa hartu eta Parisera joan zan. Kaleetan gorria, azula eta beilegia topau ebazan, oinarrizko koloreak. LĀ“Hourloupe sasoiko koadroak, orduan, alaitasunez bete ziran, uriaren eraginpean. Ordukoa da, hain zuzen be, Coucou Bazar ospetsua: gatxa da obra hori definitzea, ze artearen gaineko ideia guztietatik kanpora doan lana da. Berez, “koadro biziduna” izena ipini izan jako, baina fantasia handi bat da: eszenatoki baten gainean, dekoraua, mobiduten diran figurak eta jantziak dagoz. Obra hori, jatorriz, taula gainean errepresentetako sortu zan, eta disfrazautako aktoreak erabili ziran horretarako, Dubuffetek berak konposautako musika eta koreografiagaz dantzan eragoiela. Batzuek “teatro” izena be ipini eutsien, baina Dubuffetek hori baino gehiago zala esaten eban, eta pinturatzat eukan: Coucou Bazar lana koadroaren kartzelatik ataratako pinturea zan, bere esanetan. Aitatzen gabilzan obra hirutan baino ez da taularatu: 1973an New Yorken eta Parisen, eta 1978an Turinen. Bilbon be ez da aukerarik egongo zuzenean ikusteko.

Hirugarren atalean, azken etapako lanak, 80ko hamarkadakoak dagoz batuta. Apurka-apurka, Dubuffetek albo batera itxi eban materialakaz egindako esperimentazinoa, eta pintzeladetara mugatzen hasi zan, pintetearen ekintza biluzira, atzera umearen begiradara. Eta kolore biziz pintetan segidu eban, harik eta heriotza hur ikusi eban arte: bere azkeneko koadroetako hondoak baltzak dira ze, adituek dinoenez, Dubuffetek baekian laster hilko zala. Ondorioz, bere obra guztiz amaitutzat eta borobildutzat joten da, bizitzan legez artean be heriotzearen ideia agertu zalako bertan, eta hori artista gitxik egin dau.

Artista librea izan zan Dubuffet, “gauzarik zoroenak sortzeko” gogoz bizi zana, idatzita itxi ebanez. “Neurri txikia gustetan jat. Hasikerak gustetan jataz, txarto amaitutako gauzak, inperfektua dana, nahasteak. Niri diamante gordinak gustetan jataz”, esan eban, eta ederto definidu eban bere estiloa.

Julen Gabiria

Egilea Jean Dubuffet dala ez bagenki, pentsauko geunke ume batek egin dituala Guggenheim museoko “Abentura baten aztarna” erakusketako artelanak. Hori esanda, baten batek imajinauko dau txikikeria legez hartzen dogula artistearen obrea, baina ez da holan. Izan be, horixe bera zan Dubuffetek gura ebana: sinpletasunera jotea, umeen marrazteko modua topetea, eskuari libre ixtea olgetan, azkenean oinarrizko artera heltzeko.

Apirilera arte zabalik egongo dan erakusketa honetan artisteak landutako era desbardinak erakusten dituan 160 artelan dagoz ikusgai: paperean egindako lanak, pinturak, eskulturak eta litografiak, batez be. Baina Dubuffet ez zan mugatu artea modu desbardinetan emotera: etenbako bilaketeari ekin eutson, bai erabilten ebazan euskarrietan bai obrak sortzeko aukeratzen ebazan materialetan be. “Abentura baten aztarna” izenburua ipini deutsie erakusketeari, eta artearen formak topetea izan zan abentura hori Dubuffetentzat.

Jean Dubuffet (Le Havre, 1901 - Paris, 1985) familiaren ardao-negozioan ibili zan beharrean 41 urte bete arte. Dana albo batera itxi eta betirik hainbeste interesetan jakon artearen munduan sartzea erabagi eban, edadez nagusitxua zan arren holako abentura zoro baten sartzeko (abenturea, barriro be). Barruan eukana kanporatzeko ahaleginetan, Dubuffet arte plastikoak baino askoz be harago joan zan: lehen be aitatutako eskultura, pintura eta litografiak lantzeaz ganera, idazketan eta musikea sortzen be ibili zan, korronte guztietatik kanpo eta ezelako lotura barik.