Barriketan  III. urtea // 41. zenbakia - 2003ko abenduak 31

Xabier Monasterio (BKA): 'Kulturea joan-etorriko zentzunean aitu dogu beti'

Bilboko Kafe Antzokiak zortzigarren urteurrena bete dau oraintsu, 1995eko abenduaren 15ean zabaldu ebazan ateak eta dagoeneko topaleku eta eredu garrantzitsua da euskalzale askorentzat. Hasikerako helburuen artean, Bilbon giro euskalduna sortzea, horretarako leku aproposa eskaintzea eta, oro har, euskal kulturea bultzatzea ziran garrantzitsuenak.

Zenbat Gara alkartearen jarduna erabagiorra izan zan Kafe Antzokiaren proiektuan baina esan behar da, gaur egun Kafe Antzokiagaz batera, beste proiektu batzuk be martxan dagozala. Proiektu horreen, gaur egungo egoerearen eta bihar-etziko eginkizunen ganean berba egiteko Xabier Monasterio geugaz da.

1. Zortzi urte konturatu barik joango jatzuezan segurutik baina egin daigun atzera eta azaldu eiguzu hasikerako momentuak zelakoak izan ziran, zelako asmo, traba eta burukominak izan zenduezan.

Bai, oso gogoan daukaguz orduko sasoiak, tensino eta urduritasun handiko egunak izan ziralako. Proiektu barrizalea zan gurea, gaur egun be bai, neurri bateraino baina orain zortzi urte barrizaletasuna handiagoa zan jakina. Gu egiten ginoiazanaren antzekorik ez egoan Euskal Herrian eta ez genkian jenteak zelan erantzungo eban; ganera, Bilbo erdian sortu gura izan genduan kafe antzokia, batez be, pentsetan gendualako euskalgintzatik eta euskerearen mundutik, geure kultureari, hizkuntzeari eta geure arimeari erantzun bat emoteko ezin genduala onartu bazterrean edo bigarren mailako lekuren batean egotea.

Beste alde batetik, gu irakaskuntzatik gentozan lagunak ginan eta ez negozio lagunak edo inbersoreak ez bada, herri ekimen legez, euskerearen eta kulturearen aldeko planteamentu barri bat abiarazoten genduan taldea; beraz, esperientzia edo eskarmentu handirik bako lagunak ginan eta burukominak alde horretatik be etorri ziran, ibiliaren ibiliaz ikasi behar izan genduzan hainbat gauza. Dana dala, zortzi urte geroago, gure bildur eta ikara guztiak gaindituta, ahaleginak merezi izan dauela konturatu gara eta jentearen erantzuna guk pentsetan genduana baino askosaz handiagoa izan dala.

2. Zortzi urte pasauta, zelako balantzea egiten dozue?

Egin leiteken balantzerik onena. Momentu honetan, Kafe Antzokia, geure meritu apurrengaitik eta jentearen erantzun handiagaitik, paisaiako elementu bihurtu da. Bilboko bizitza kulturala nekez aitu daiteke Kafa Antzoki barik. Erantzun horretan, gauza inportante bat azpimarrauko neuke, hau da, guk bagenkian ondo ibiltekotan jente askorengana, tipologia, pentsakera, bizikera eta izakera desbardineko lagunakana hurreratu behar genduala, horixe egiten ahalegindu ginan eta formuleak balio izan deusku, izan be, zorionez danetariko jentea dabil gurean.

Horrezaz ganera, euskereaganako errespetua be irabazi dogula uste dot; hona datozen erdaldunak errespetuz datoz beti eta kanpotarrak miresmenez ikusten gaitue; Euskal Herrian ez eze, kanpoan be zelanbaiteko eredu bihurtu gara eta zorionez hartu-emon handiak daukaguz atzerriko alkarte eta mobimentu askogaz. Kultura txikiek euren autodefentsarako barrutiak behar dabez eta Kafe Antzokia barruti horreetako bat izan daiteke.

Balantzeari jagokonez, ghettorik ez dogula sortu esango neuke, kulturea zentzun bitan aitu dogulako beti, hau da, joan-etorriko zentzunean: geurea bai, jakina, edonoren eta edozeren gainetik baina kanpokoa etxeratuz; euskaldunok ezin garala erreserban sartuta dagozan indioak izan pentsetan dogu, zabalik egon behar gara mundura, ateak beti zabalik euki behar doguz, munduko gauza onak etxera ekarteko; dana dala, kanpokoa etxeratzeko prozesu horretan, ohiko bideetatik iges egin behar dogu ze sarritan merkataritza eta promozino basatiak egoten dira; guk hiru erispide marketan doguz: bardintasuna, askatasuna eta alkartasuna.

3. Bilbon euskal giroa indarbarritzeko premineak eraginda sortu zan Kafe Antzokia; gaur egun, ostera, euskera larregi ez da entzuten Bilboko kaleetan. Egoereak hobera egin ete dau?

Nabarmen egin dau aurrera. Gaur egun, ez dogu esango nahikoa danik eta hizkuntzea normalizau danik, ezta gitxiago be; dana dala, guk Kafe Antzokia martxan ipini genduanean, jentearen beharrei begira, bost helburu markau genduzan: euskaldunok topagune erreferentzial bat eukitea hartu-emon naturalak gauzatzeko, besteak beste, kulturea, aisialdia eta gastronomia garatzeko; gitxiagotasun konplejua gainditzea eta harrotasunez euskaldunok beste funtzino bat hartzea komunidade txiki legez; euskaldun barrientzako plataforma izatea, azpiegitura euskalduna eskaintzea; azken buruan, euskeraz jakin ez arren, euskerearen aldeko jarrerea daben lagunak erakartea eta ezagutarazotea gero eta sendoago gagozala gure bizi-planteamentuetan. Zorionez, neurri handi baten, beteta doguz helburuok hemen eta hori poztekoa da benetan; hori bai, argi dago aldaketea ez jakola zor Kafe Antzokiari bakarrik, izan be, gizartea bera da aldatzen dagoana.

4. Euskal kulturea bultzatzen eta bertoko eta kanpoko kulturak buztartzen aparteko ahaleginak egin dozuez. Euskaldunok munduaren zilborra garala pentsau izan dogu sarri; gaur egun, barriz, kanpoko kulturak aintzat hartzen ikasi dogula pentsetan dozu?

Nik uste dot euskaldunok ez dogula inoiz pentsau munduaren zilborra garanik edota euskaldunok erreserba baten, isolatuta, bakartuta egon garanik; gurea ez da inoiz kultura 'purua' izan, mistoa edo nahastean oinarritua baino, handik eta hemendik hartu dauena. Guk itsasoa daukagu eta zabal-zabalik egon gara mundura, jakin izan dogu gauzak ekarten, gauza batzuetan lehenengoetarikoak izaten eta, beraz, nik uste dot euskaldunok Euskal Herrian bizi izan garala beti eta hasikera-hasikeratik autopista bat izan dala gure Herria; hemetik hainbat herri, hainbat kultura pasau dira eta, normalean, bakezko hartu-emonak euki doguz jenteagaz, hau da, geureari eutsi deutsagu baina jaikn dogu negozietan eta negoziazino horretan ikasten be jakin dogu; berbarako, albokea musika tresna euskalduntzat dogu baina arabiarrengandik hartu genduan; kalimotxoa be oso euskalduna da baina koka koleagaz egiten dogu. Guri ez deusku inork azaldu beharrik mestizajea zer dan, berbea asmau aurretik be geuk praktikau izan dogu. Beraz, ez dogu inoiz pentsau munduaren zilborra garanik. Orain momentu polita bizi gogu ganera, etorkinak gero eta gehiago dagoz gure artean eta egoera horrek betiko bitasuna (euskaldunak eta besteak) apurtuko dauela uste dot eta euskalduntasuna aniztasun horren barruan gestionetan ikasi beharko dogula.

5. Euskal kultureak aurten momentu gogorrak bizi izan ditu. Egiguzu egoerearen balantzea.

Egoerea arduratzeko modukoa da. Demokrazia gehiegi maite ez dabenek asmau dabe non jo, izan be, kulturea herriaren eta jentearen arimea da eta gure ustez, min gehien egiten dauen lekuan jo dabe. AEK, egunkari bi, irrati bat zarratu eta gero edonor edo edozer izan daiteke erasoaren helburu. Euskal sena daukan edozeren kontra joteko prest dagoz.

Kontuak kontu, eraso horreetan, geure ahuleziaz jaubetu gara, izan be, herri txikia gara eta hizkuntzearen eta kulturearen industria nahiko hasibarria da, egunkari nazional bakarra daukagu nahiz eta herri-aldizkari asko eta egunkari elebidun batzuk daukaguzan. Hori bai, zeozer positiboa nabarmentzekotan, euskaldunok erantzuten oso onak gara beti eta makilakadea datorrenean, orduantxe erantzuten dogu, euskaldunok nahiko astopotroak ei gara eta, esangura horretan, erasoek ideologia eta motibazino politikoen gainetik eragin daben gure arteko alkartasuna aitatuko neuke. Konturatzen hasi gara planteamentu sendo bat behar dogula eta batera ez bagoaz ez daukagula zereginik. Makilakadea etorri aurretik be prest egon behar gara alkarregaz behar egin eta gauzak modu orokorrean bideratzeko.


6. Zenbat Gara Alkartea eragile nagusia izan da Kafe Antzokia aurrera atarateko. Jarduera pribatuko alkartea dala kontuan hartuta, zeintzuk dira Zenbat Gara-ren filosofia eta helburuak?

Bai, Kafe Antzokiarenak eurak. Zenbat Gara energia izango litzateke, eguzkia eta ganerako zerbitzuak, ostera, haren bueltaka dabiltzan sateliteak: Kafe Antzokia, Bilbo Hiria Irratia, Gabriel Aresti Euskaltegia, Umegunea, Ondarroako KA eta Isats Ostatua, Atoan Diseinu Enpresea. Filosofia argia da: euskera alkarte batek zerbitzuak emon behar deutsoz herritarrari eta hori dala eta, hainbat esparrutara jo behar da. Arlo guztietan, euskal kulturearen defentsa gogorra egiten dogu eta, ahal dala, euskeraz bizitzeko aukerak eskaintzen ahalegintzen gara. Euskalduntasunari eustea da gure asmoa, euskerearen eta gure kulturearen printzipioen arabera eta kulturea bizitzeagaz identifiketea, izan be, kulturearen osogaiak asko dira, besteak beste, hartu-emonak eta eguneroko bizipenak.

7. Bilbo Hiria Irratia eta Gabriel Aresti euskaltegia ondo sustraitutako jarduerak dira. Miragarria be bada, euskalduntzea eta alfabetatzea krisian dagozanean, ikasle partida handia eukitea; zein da formula magikoa?

Lehen be zeozer esan deutsut baina, kontuan hartu, Gabriel Arestiren ibilbidea 25 urtekoa dala. Lehenengo irakasle nukleoari eustea be oso garrantzitsua da eta batez be, orduko helburu eta asmoei eustea. Jakina, erreleboa be etorri da baina orduko helburu eta baloreen transmisinoa egon da, beharrezko egokitze eta aldaketakaz jakina; oro har, idearioa ez da galdu. Guk argi euki dogu beti helburua ez dala gramatikearen transmisinoa, gu irakasleok agente sozialak gara eta helburua euskalgintzearen agente izatea da, euskerea eta euskal kulturea maitarazotea, jentea erakartea; euskal komunidadearen hasikerea geurean dauka ikasleak eta maitasuna sentitzen dauen lekuan jentea gustora egoten da. Ez dago bestelako formularik.

8. Kafe Antzokiak ateak zabaldu ebazanetik momentu gogoangarriak eta gogorrak ugari biziko zenduezan; bateren bat nabarmentzekotan?

Izenik esan barik, ilusino eta ahalegin handiagaz gure kantagintzako izarra ekarri eta jentearen erantzuna ona ez izatea oso golpe gogorra da. Ezustekoak be hartu doguz, promozino handiaren ondorioz, edozein 'pepelerdo' jan gurean makinatxu bat jente hurreratu dalako.

Momentu pozgarriak asko izan dira: Fermin Muguruza eta Manu Chaoren lau orduko kontzertua ez dogu inoiz ahaztuko, giro magikoa, miresgarria sortu ebelako; oraintsukoen artean, Rafa Rueda mungiarraren kontzertua aitatuko deutsut; bakarkako lehenengo diskoa, 'Kea' izenekoa aurkezten etorri zan eta sekulako giro beroa bizi genduan; ganera, konturatu gara kantari barria daukagula, belaunaldi gaztea datorrela.

9. Zeuon ereduari jarraituz, Durangoko Kafe Antzokiak udan zabalduko ditu ateak eta txoritxu batek esan deusku, laster beste antzoki bat zabaltzeko asmoa daukazuela, egia ete da?

Bueno, lehenengo eta behin esan behar deutsut gure helburua ez dala Euskal Herrian kafe antzokien sarea sortzea, patente bat sortu, erregistrau eta gero frankizia moduan saltzea; guk pentsetan dogu lekuan lekuko erantzuna emon behar dala eta Bilbon, orduko preminei erantzuteko sortu zan KA. Herriaren taupadak sentitzea nahitaezkoa da holako proiektu bat aurrera atarateko; hori bai, gu beti prest egongo gara laguntzinoa emoteko Durangon zein beste leku batzuetan sor daitekezan proiektuetan.

Bestetik, egia da leku batzuk oso estrategikotzat hartzen doguzala (Gasteiz, Iruñea edota Baiona) eta horreek daukiela lehentasuna; Baiona aldean, hartu-emonetan gabiz Udalagaz, izan be, kulturgune bat sortzekotan dagoz eta eurek diseinautako gune horretan, Kafe Antzokia montetako proposamena egin deuskue; hartu-emonetan gagoz eta oraindino ez dogu azken berbarik emon.

10. Gizarte, politika, zein kultura arloetan gauzak zelan dagozan ikusita, zeintzuk izango dira datozen urteotako egitekoak?

Guretzat ez da gitxi izango orain arteko helburuei eustea, euskalduntasunari, gure bizimoduari lehentasuna emoten jarraitzea. Horrezaz ganera, uste dot oso adi, erne ibili behar garala gizartearen aldaketei begira ze gu konturatu ez arren, abiada handian aldatzen doa gizartea. Gazteakaz be, berba gehiago egin behar dogula uste dot, zer behar edo zer gura daben jakiteko eta holan erantzun egokiak emoteko, era horretara, gazteak euskalgintzan eta herri ekimenetan parte hartu dagien. Erreleboaren ordua heldu da.

Koldo Isusi Zuazo