Bidaide  III. urtea // 41. zenbakia - 2003ko abenduak 31

Bidaiotako argazkiak (II)

Leku eta asmo bakotxerako teknikea aukeratzen jakitea da giltza


Kontuak kontu, argazkigintzan garrantzitsuena zer 'adierazo' gura dogun argi izatea da ze berbarako erreportajeetan horixe izaten da helburua: testuagaz ala testu barik errealidade bat kontetea; Bizkaie! Aldizkarian be horixe egiten ahalegintzen gara arrakasta handiagoagaz edo txikiagoagaz.

Azkenik, gure makinan 'atrapau' gura dogun leku edo gauza zehatzaren argazki bat baino gehiago egitea komenidu izaten da, abiada eta difraga desbardinak erabilita, holan, errazagoa izango dalako geuk gura doguna ataratea. Argazki bakarra egin ezkero, oinarrian ideia onekoa bai baina beharbada errealizazino tekniko eskaseko argazkia izango dogu. Modalidade honetan, ez da bildurrik izan behar eta hatzamarra behin eta barriro erabiltea da onena. Gero, egindako argazki asko segurutik baztertu egingo doguz baina aukeraketea egin ahal izateko partidatxu bat egin behar da. Datu legez baino ez bada be, nik neuk 3000 argazki inguru egiten dodaz bidaia bakotxean, 1000 inguru hilero; bueltan, aukeraketa beharra ez da samurra izaten eta ia beti 100 inguru baino ez dodaz aukeratzen. Ganerakoak ez dira txarrak izaten baina non aukeratu izan ezkero, beti hartuko dogu gure ustez onena dana. Argazki asko egitea eta argazkiak ikusi edo aztertzea argazkilariaren eskola onena da bape duda barik.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama


Argazkigintza ikastaro laburraren bigarren kapituluan, bidaiotako argazkien arteko modalidade desbardinak azaltzen ahaleginduko gara, besteak beste, naturearen ganeko argazkiak edota askosaz gatzagoak diran erreportajeetakoak.

Naturearen ganeko argazkiak

Munduko edozein bazterretan egin daitekez era honetako argazkiak eta ekipo ona eta pazientzia nahitaezko elementuak izango dira. Animaliei argazkiak egitea ez da erraza; argazki ederrak gura izan ezkero, reflex makinea beharko dozue eta teleobjektibo bat ze gehienetan animaliak ez dozuezalako hur izango; zomorroak atara gura badozuez, makro bat erabiltea be derrigorra izango da eta, ahal dala, sensibilidade handiko pelikulea (400 edo 800 ASA); hori bai, Afrikako safari horreetara joateko asmoagaz ibili ezkero, kontuan izan argi asko topauko dozuela bertan. Ekipoagaz jarraituz, tripode bat be eroango neuke, batez be, argazkiak mobiduta agertu ez daitezan. Kamara digitalen kasuan, ez ahaztu gehienak konpaktoak dirala eta objektiboak ipintea ezinezkoa izango dala.

Paisajeen ganeko argazkiak

Argazki gehienak paisajeen ganekoak izaten dira. Nork ez dau gozau inoiz menditzarrak, lautadak edota itsasoaren edertasuna erretratetan?
Era honetako argazkiak egitea ez da lar gatxa baina originala izatea da kontua. Sarritan egongo gara milaka edo milioika aldiz fotografiautako lekuetan (Egiptoko piramideetan, Txinako harresian edo urrin joan barik, Gaztelugatxen). Leku horreetan, ahal dala, originaltasuna topetea izaten da nire asmoa eta, horretarako, ekipo profesionala baino gehiago begi artistikoa behar dala esango neuke, besteek 'atrapau' ez dabena atrapetako. Postal tipikoak erretratetea hasteko modua izan daiteke eta analogikoa zein digitala erabili geinke aukeran baina lehenengoagaz eta 50-100 ASAko pelikulea erabilita argazki ederrak lortuko dozuez. Tripodea be ez dogu ahaztuko eta, gura izan ezkero, paisajean mobimentua dagozan objektuekaz be jokatu geinke argazkiari ukutu berezia emoteko. Oro har, argazki erakargarriagoak egingo dozuez paisajean personaren bat sartzen badozue, batez be, urruneko paisajeak 'hartzen' badozuez; holan, persona horreek beharrezko eskalea eskainiko deutso ikusleari fotografiautako lekuaren neurriaz jaubetu daiten. Laku txiki baten eta beste handiago baten erretratua ezin doguz bardin tratau eta, lehen esandako moduan, giza irudi batek edo animalia batek paisajearen benetako dimensinoa eskainiko deuskue.

Paisajeen ganeko erretratuetarako arau nagusia 'hiru hirurena' da eta, horren arabera, argazkia hiru zatitan banatu behar da (zati bi zeruagaz bete eta bakarra lurragaz edota alderantziz). Normalean, zeruertzaren marra ez da itxi behar papelaren erdialdean; dana dala, gorago aitatu dogun originaltasuna emon gura badeutsazue argazkiari, arauei jaramonik ez egitea be leitekeana da. Azken buruan, ez ahaztu paisajeen ganeko argazkiak egitea erraza izan arren, argazkiari zeozelako ukutua emon gura izan ezkero, burua apur bat kantsau beharko dozuela.

Arkitekturea

Paisajeen ganeko argazkiekaz pasetan dan legez, arkitekturaren ganekoak be erraz-errazak dirala pentsetan dabenak asko dira. Egia esan, eraikin bateko fatxadea erretrateteak ez dauka misterio handiegirik. Halan da be, lehen esandakoagaz jarraituko dot, izan be, argazki arruntak baztertu eta izkutuko aldeak nabarmentzeko asmo horretan dago argazkiaren apartekotasuna. Bilboko Guggenheim Museoaren edo Indiako Taj Mahalen milaka argazki ikusi doguz eta horeek berregiteak testigantzazko balioa euki arren, begirada subjketiboa izaten da beti ederragoa, hau da, argazkilariaren nortasuna eta interesa adierazoten dituan argazkia. Begiei bolumena emoten ahalegindu behar gara eta, horretarako, argi zuzena ebitetea lakorik ez dago. Eguzkiaren argiak dakarren angelua barik besteren bat topetea izaten da onena fatxada batek zapal etxurea hartu ez dagian eta angular handia erabiltea be egokia izan daiteke.

Beste alde batetik, argazkiak gauez egin gura izan ezkero, tripodea be beharko dozue eta, kontrakoa pentsau arren, argazki-pelikula onena 100 ASA da. Argazkirik onenak, argia guztiz desagertu ez danean egingo dozuez, zerua ilun eta kolore moreagaz dagoanean eta kaleko argiak biztu barri dagozanean.

Erreportajeetarako argazkiak

Duda barik, modalidade hau da bidaiotako argazkietan gatxenetakoa eta, gehienbat, profesionalen ardurea izaten da. Dana dala, ekinaren ekinaz, argazkilari afizionatuek be emoitza ederrak lortu leikiez. Normalean, erreportajeetako argazkiak, izenak berak dakarrenez, bisitautako lekuaren alde zehatzen bat aztertzen dauan testuaren osogarri erabilten dira baina sarritan testuak berak baino indar handiagoa euki leikie. Erreportajeetako argazki onak egiteko aurreko modalidade guztietako ezaugarriak ezagutzea be nahitaezkoa izango da. Erreportajeak era askotakoak izan daitekez, besteak beste, gizarte, kultura zein politika gaien ganekoak; lekuan lekuko ohituren eta gizarte gaien ganeko erreportajeak egiteko teknika eta ekipo ona behar-beharrezkoak dira. Kamara digitalak be erabilten ditue baina nik reflexaren alde egingo dot, objektiboak, flasha eta tripodea erabilteko egokiagoa dalakoan. Arkitektura zein paisajeetarako angular handia, hurreko erretratuetarako eta aurreko modalidadeetarako, beren beregi naturako landare eta zomorroetarako 50-11ko objektiboa eta era guztietako argazkiak egiteko, batez be, gizarte zein natura gaietarako 200-500eko teleobjektibo bat dira nire tresna erabilienak.