Bertsotan  I. urtea // 2. zenbakia - 2002ko maiatzaren 15a - Hamaboskaria

Erdal guneetako bertso-eskolak


Erdal gunean bizi izateak egunean-egunean eraginkorragoak izatera behartzen gaitu. Gune euskaldun askotan, barriz, bertso-eskola asko inertziaren eraginpean somatzen dodaz. Gaur egun bertso-eskolen munduan, Bizkaian behintzat, erdal guneak ez dira periferia, erreferentzia nagusi baino. Eta bertotik helduko jake datozen erronkei, dudarik ez izan.

IƱaki Aurrekoetxea

Maiatzaren 6tik 11ra bitartean Kulturaz Blai I. Gazte Topagunea izan genduan Bilbon, Adaska Kultur Elkarteak eta Kaskagorri konpartseak antolatuta. Euskal kulturearen aldeko gazteen konpromisoa erakutsi eta landu gura izan dabe ekitaldiz betetako Topagunean. Aste barrurako hainbat mahainguru antolatu zituen auzoz auzo, eta zapatuan egun handia ospatu eben Bilboko Areatzan. Ekitaldien artean, zelan ez, bertsoak be izan dau bere lekua. Astegoienean bertso-saioak izan dira Areatzako karpan, baina saio interesgarriena maiatzaren 9an, eguenez, Santutxuko Sorgintxulo Gaztetxean izandako mahaingurua izan zan, ezelako duda barik. 'Erdal guneetako bertso-eskolak' izenburupean, gonbidatu honeek izan genduzan hizlari: Joseba Santxo, Algortako Bertso-Eskolako (ALBE) arduraduna, Oihane Enbeita bertsolaria eta Jurgi Garitagoitia, Bilboko kimu barrietakoa. Moderatzaile lanak Arkaitz Estiballes Santutxuko Bertso-Eskolako kide eta bertsolariak bete zituan. Entzuleen artean, Santutxutik eta inguruetatik agertutako bertsozale gazteak eta ez horren gazteak.

Gaia interesa sortzeko modukoa da, batez be euskerea hizkuntza marginala dan eremu zabala besteko populatuan, bertsolaritzearen mundua zabaltzen ibili garanontzat eta eremu horreetako bertsozaleentzat. Gaiaren formulazinoan bertan topau geinke lehenengo interesgunea. Joseba Santxo getxoztarra ez egoan bape konforme ipinitako izenburuagaz; erdal gunea euskal munduaren periferiatzat ulertu leitekeela eta gune horretan egiten diran ahaleginak be periferikotzat hartzeko arriskuaz ohartuarazo ginduzan.

Izenburuak nongo eta zelako bertso-eskolez berba egiten gabilzan zehaztuten laguntzen dau. Erdal izenondoaren bestelako irakurketetan sartu barik, argi dago non kokatuko garan. Bilbo, uriko inguru zabala, ibaiaren alde biak...ALBE, Ipar-Uribe eskualdeko eskolea izanik, Hego-Uribe izena berreskuratzea proposatu eban Santxok, eta eskatzen hasita, Uribe osoa batuko dauen bertso-eskualdea be aitatu eban. Ez da debaldeko eskaerea. Ezaugarriak antzekoak doguz Uribe osoan: eremu oso populatu eta gehiengo erdaldunekoak, euskalgintzea gune jakinetan pilatuta, konpromiso maila altuko euskaltzaleak, inguru arrotzean burua erakusteak eskatzen dauen ahaleginean hezitakoak... Bertako bertsolaritzea be eskola beretsukoa da. Getxon ALBE, Bilbon Santutxuko BE, Gaztainondo BE eta Kafe Antzokiko taldea, Basaurin eta Barakaldon eskola bana; bertan egiten dan lana ez da periferikoa ezelan be.

Bertsogintzeari erreparetan badeutsagu, egia da honeek eskualdeek ez dabela punta-puntako presentziarik izan plazetan zein txapelketetan, baina joan barri dan mendean euskereak eta gure kultureak sufridu daben atzerakadatik bertsoa be ez zan librau. Azkenengo hamarkadetan baina, galdutako arlo asko berreskuratu dira, eta bertso-eskolen iraultzan pisu handia izan dau erdal guneak. Gaur, orduko ahaleginen frutuak erneten hasi dira. Datu batzuk: Bizkaiko Txapelketako azken finalean Arkaitz Estiballes Santutxuko BEko galdakaoztarrak eta Fredi Paia ALBEkoak emondako mailea; igazko Eskolarteko Txapelketan Oihana Bartra bilbotarra Bizkaiko Txapeldun eta Euskal Herriko Txapeldunorde; BBK sariketan aurtongo txapela Ipar-Uribeko taldeak. Beste datu esanguratsu bat: jokoan dagozan Bizkaiko Eskualdeetako Txapelketetan, parte-hartzaile kopururik handiena izan daben eskualdeak Ipar-Uribe eta Bilboaldea dira; azkenengo honetan Barakaldotik eta Galdamestik be aurkeztu izan dira. Kopuruan Bizkaiko buru, eta mailan inoren inbidiarik ez.

Bertsolaritzea, dana dala, ez dira bertsolariak bakarrik. Bertsoa eskoletan zabaldu, saioak antolatu, gai-jartzaileak eta epaileak preparau, bertsozaleak sortu eta hezi... danak be bertsolaritzearen transmisinoa ziurtauko daben egin beharrekoak. Eta transmisino hori da bertso-eskolen funtzinoetariko bat. Eskualde honeetan urte askotako esperientzia batu daben eskolak daukaguz: ALBEk eta Santutxuko BEak, esaterako, hogeina urte beteak dabez, inguruetako bertsozale eta bertsolarien erreferentzia gune moduan. Gizarteak berak aurrera egiten dauen neurrian, bertso-eskolak be kanpoan pasetan diran aldaketei egokitu beharrean dagoz. Prozesu hau errazago jazo da erdal guneetan, eta aitatzekoa da Algortakoen eboluzinoa: urte pare bat izango da inertziaren larregizko pisuari erreparau eta hausnarketa sakon baten ostean eskolearen egiturea aldatzea erabagi ebela. Arlo nagusi bi bereiztuten dabez: arlo pedagokikoa (ikasleak, irakasleak, metodologia...) eta kudeaketa arloa (eskolearen ardurea, antolakuntzea, finantzaketea...). Arloakaz batera personen ardurak be banantzen dira, eta azken baten, beharra banantzen da eta eskolako kide bakotxak egitura horretan bere lekua topetan errazago dauka. Ez da kasualidadea.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartean transmisinoagaz eta bertso-eskolakaz arduratzen dan taldeak Algortakoek proposatutako arlo bereizketa hori aintzakotzat hartu eta zabaltzeari ekin deutsie. Bertso-eskolen egituraketea oinarrizko eginbeharra da, gero bertsolari zein bertsozaleakan modu jarraitu eta antolatuan eragin gura badau behintzat.