Euskera-erdaren arteko diglosia eregiten
Beraz, Fishmanek proposautako oreka puntu hori bilatzea –egun– ez da erreza. Batzuek hizkuntza eta kultura aniztasuna eregi gura daben ustezko Estadu bakar, bateratu eta handiaren interesen kontrakoa dala estimetan dabenean, are gitxiago. Baina, euskaltzaleok egun egiten dihardugunaz be gogoeta egin beharko geunke. Izan be, zein dira euskerea belaunez belaun iraun ahal izateko, ziurtatu –ezinbestean– beharreko funtzinoak, eta horren arabera, lehentasunak? Izan be, hausnarketa horren ondorioz, daukaguzan askotariko baliabideak be lehentasun horreen zerbitzura jarri beharko geunkez. Baina, hausnarketea harago doa: munduan diran hizkuntza gehien-gehienak desagertzeko bidean diranean, euskerearen aberastasuna eta habe garrantzitsu diran aldaerei eusteko kapaz izango ete gara hurreko etorkizunean?
Erramun Osa
Aurreko baten idatzi neban legez, urte dezente pasau dira Ferguson (1959) linguista amerikarrak Greziatik mailegautako diglosia terminoa formulazino soziolinguistiko garaikidera ekarri ebanetik. Fergusonek eta, gerora, Fishmanek (1965) diglosia (luze-zabaleko elebitasuna) bariedade linguistiko biren arteko hartu-emon egonkor —bata Low (behe) eta bestea High (goi)— legez definidu eben —egun L eta H ikurrak hizkuntza beraren aldaerea izan beharra albo batera laga da eta menperatzaile eta menperatuaren dalakotik gertuago dabil—. Definizinoaren arabera, aldaera bakotxak beste aldaerak hartzen ez dituen funtzinoak hartzen ditu, bada, osogarriak dira eta hiztunak burutu edota garatu beharreko funtzinoaren barruan bata edo bestea erabilten dau.
Euskal Herrira etorriz eta euskerea indarbarritzeko ez eze euskal hizkuntza komunidadea indartzeko be, diglosiaren kontu hau behin baino gehiagotan mahai gaineratu da. Izan be, Fishmanek berak gure artean egin dituan egonaldietan, euskereak aurrera egin eta belaunez belaun segidu daian, euskera-erdaren arteko oreka puntu hori (konpartimentazinoa) bilatzea premia larrikoa dala esan deusku. Bilatze lan horretan, euskera (batua deitutakoa –aldaera jasoa–, literatur tradizino jasoa daben lau aldaerak –bizkaierea, gipuzkerea, zubererea, lapurterea– eta tokian tokiko aldaerak), Europako bestelako hizkuntzak (ingelesa, esate baterako) eta frantsesa kontuan hartu eta egoera diglosikoa eregiteko pausuak egin beharko doguz.
Formulazinoa holakoa izan leiteke, erderak kanpora aldeko funtzinoentzat laga, tokian tokiko aldaerak familia zein lagun arteko jardueretarako erabili, eta funtzino jasoetarako –administrazinoa, hezkuntzea, etab.–, euskera batua edota literatur tradizino jasoa daben aldaerak erabili. Horra hor errez idatzitako lau lerro. Egitea beste kontu bat da, baina. Izan be, erdarek hizkuntza batek bete leikean funtzino guzti-guztiak beteten ditue. Euskereak, ostera, funtzino batzuk partez –ez beti– beteten ditu; beraz, beste partea beste hizkuntza bat tarteko dala burutzen da. Lagunartean, tokian tokiko aldaerea erabili ahal dogu, baina, erdaldun bat suertetan bada, edota gaia halakoxea bada, gaztelereak edo frantsesak hartzen dau euskereak ordura arte bete izan dauen funtzinoa. Familian ari garela, euskeraz berba egin ahal dogu, baina, mahaiaren bueltan bazkaltzen edo afaltzen ari garela, etxeko sukalde eta barreneko txokoetara ailegautako “Operación Triunfo” eta gisako enparauen olatuak barruraino sartzen jakuz. Ez da, beraz, erreza.
Beste gauza bat be kontuan hartu behar da. Frantzia eta Espainia lako Estaduen barruan dirauen kulturea, hizkuntzea eta herri aniztasunak ezabatzeko asmoz, askotariko ikuskerak bazterrean lagateko eta Estaduetan uniformizazinoa indartzeko jokerea indartu da bazterretan, baina, jokera horri beste jazoera bat be gaineratu behar jako. Izan be, nazinoarteko hartu-emonetarako ez eze eskola munduan ingelesaren ezartze goiztiarra indartu ahala, frantsesa eta gaztelania zaleak bi norabidetan indar egiten ahalegindu dira. Batetik, ingelesari eta ingelesez eratorritako produktuei ahalik oztopo gehien jartzen ahalegindu dira —ingelesez eskainitako pelikula emonaldiei zein ekoizpenei mugak jarri jakez, etab.—, bestetik, gitxiengoen gitxiagotutako hizkuntzen lepo indartzeko urrats barriak egin ditue —besteak beste, Frantziar Estaduak Konstituzinoan frantsesa hizkuntzea bakarrik kontuan hartzeko eta Estadu berean bizi diran ganerako hizkuntzak alboratzeko hartutako erabagia, Espainian, menpeko dauen administrazinoak lekuan lekuko hizkuntzak normalizetako legeak dinoana ez beteteko hartutako jarrerea, etab.—.