Gipuzkoako txapela Maialenen buruan
Hasikerako puntua emonda Mendiluzek osotu eban lanik borobilena. Ostean hamarreko txikian aritu ziran eta hemen Irazuren eta Maialenen lana da aitatzekoa. Irazuk Martinekin kantau eban, margolariaren irudimena zan bera eta Martin, barriz, eskua; bigarren bertsoa holan amaitu eban, bezperako manifestazinoari aitamena eginda: “Donostian atzo zer koadro behinepin / kolore aukeraketa zeuk zerorrek egin / baina margotu zazu eskubiarekin”; eta hirugarrena: “nik imajinatzen det Irun euskalduna / baina nola pintatu ez dakit laguna”. Maialenek Iñaki Gurrutxaga euki eban kantu lagun, hau adinekoak laguntzeko iragarkia imini eban gaztea zan eta Maialen erantzun ebana; Iñakik hirugarrenean “amona ez da baina eginez aproba / ni izango naiz izan ez duen iloba” bota, eta Maialenek holan amaitu eban: “oso leku txarrean gazte zeundeke zu, izan ez dedan dena izan nahi badezu”.
Kartzelako gaia izan eben gero. Hospitaleko itxaron-gelan medikuaren zain egoanaren larruan ez genduan saio borobilik entzun, baina ia danek bota eben bertso ederren bat. Mendiluzek aitita ingresau ebela-eta, holan amaitu ebazan lehenengo bi bertsoak: “batzutan zeinen mingarria den erlojuaren tik-taka”, “inork ezin du ezer kontatu ala ez du kontatu nahi”. Maialenek umedun egoanaren emakumearena izkutatu egin eban azken bertsoraino, “gela berde hontan juntatzen dira bizitza ta heriotza” amaitu eban bigarrena eta hirugarrenean aurretik esandakoak argitu eban sekretua agertu eban: “azken batean ni ondo nago, pozez eta tripa bete / ez daukat ez nik nere ondokoek haina pena, haina neke / azken batean nere umetxoa hementxe jaio daiteke”. Jon Maiak, hilzorian egoan agurearen larruan sartuta, bikain amaitu eban bere lana, Karidadeko Benta taldearen doinu ederrean: “arnasa hartu nahi det ta sartzen zait aire apurra / gainean daukat herio azken hatsaren lapurra / sendian ez negar egin zuritzen bazait muturra / sendagarri onena det estaliko nauen lurra”.
Azken buruz-burukoa jokatzeko Maialenen izena danok espero bagenduan be, bigarrenarena ez egoan hain garbi, besteak nahiko parekatuta ikusten genduzan eta. Jon Martinen izena entzun eta eguneko sorpresa atsegina gauzatu zan, igaz Bilbon Gaztainondo eta Santutxuko eskoletan kantari ibili zan bertsolari finak merezitako saria jaso ebalako. Saioko azken txanpan, sei puntuko motzean ofizioan egin eben lehenengo, Jon arranoa eta Maialen usoa zirala. Jonek “a ze aldea dagoen bitan, zuritik beltzera” hasi eban, Maialenek “ni sarri aipatzen naute, bai, baina zu gurtzen zaituzte”, Jonek gero “minik ez dizut eman nahi baina ematen dizut min” eta Maialenek “uso gajoak zer ein lezake arranoarekin”. Joni alde egin eutson hirugarren bertsoaren azkenak eta Maialenek polito errematau eban saioa: “zu ez zaituzte usotu ta ni arranotu naute”. Azken kartzelako gaiean, finaleko eguna, aurreko beharrak eta biharamonerako sentsazinoak izan ebezan kantagai. Jonen amaierak: “gaur bertsolari nauzue baina bertsolari nintzen atzo”, “susmoa daukat jaso dudala merezi baino gehiago” eta “bertsolari hain gazteek ere plazak merezi dituzte”, beragaz batera txapelketan ibilitako bertsolari gazteen izenean aldarrikapen argia eginez. Maialenek be ez eban aparteko saioa egin, gaiak be ez ebalako aukera larregirik emoten, eta azken biak holan amaitu ebazan: “baina astelehen denek ez dute zapore mikatz berbera” eta “urte berria hasiko degu abenduaren 15ean”.
Azkenean sorpresarik ez eta Maialenek jantzi eban Gipuzkoako txapela. 760.5 puntu lortu ebazan guztira eta Jon Martinek 726. Ganerakoen puntuak: Mendiluzek 514, Maiak 505.5, Gurrutxagak 505, Irazuk 502, Ekaitz Goikoetxeak 500 eta Amaia Agirrek 478. Maialenek azken agurrean, bertso-eskolako lagunei eta familiari eskerrak emon ostean, oroitzapen polita izan eban emakume guztiekaz, eta batez be beren eskubideen alde burrukaren batean hasi eta gizartearen erruz amesak bide erdian galdu dabezan emakumeakaz. Non eta Irunen. Zorionak Maialen.
Iñaki Aurrekoetxea
Maialen Lujanbiok jantzi dau 2003ko Gipuzkoako txapela. Irunen bertso alardea bizi izan genduan abenduaren 14ko arratsaldean, eta alarde mistoa ez eze, emakume batek eroan ebazan bertaratutakoen txalo zaparradarik handienak. Artaleku kiroldegi betean, zortzi bertsolari nor baino nor gehiago: Ekaitz Goikoetxea, Jexux Mari Irazu, Amaia Agirre, Jon Martin, Iñaki Gurrutxaga, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio eta Jon Maia. Guztiek erakutsi eben oso maila altua eta bertso-aldi gogoangarririk itxi ez eben sentsazinoagaz bueltau baginan be, akats nabarmenik bako saioa izan zan eta bertso bikain asko eskaini euskuen bertsolariek. Jon Martinek eguneko sorpresa handiena emon eban, bigarren postua lortuz.
Zortziko nagusian Jon Martinek bularra kenduta top-lessa egiteari itxi eutson emakumearen paperean jardun eban eta “daukadanari begiratuta oso gustora nengoke / baina tamalez ez dudanari begiratuko diote” bota eban lehenengo bertsoan. Maialen be ariketa honetan hasi zan nabarmentzen, presoa zala, Maia kartzeleroak zigorra arintzeko kartzela berrien eraikuntzan lan egitea opatu eutsonekoan: “egun txiki bat neri opari mailukada bakoitzeko / kartzela berri bat eraikitzen esklabu baten antzeko / nere kondena laburtzeko ta besterena luzatzeko” lehenengoan eta “nola aldegin pentsatzea da nire eginbehar bakarra” azkenengoan. Zortziko txikian saio bizi eta politak suertau ziran. Hemen Irazuk lan polita egin eban eta Jon Martinek be ondo asmau eban. Maialen eta Mendiluzeren saioa azpimarratu geinke. Mendiluze suhiltzaileak Maialen bikotekideagaz gozo-gozo dagoala lanerako deia jaso eban: “lastima izatea suarekin zita / neure etxeko suak piztuta utzita” hasi eban Aitorrek, “ze oportunismo txarrak pi pi pi horrenak / hain finak ez dauzkazu bilagailu denak” Maialenek, Aitorrek gero “iritsiko naiz brasak aprobetxatzera” bota eta Maialenek “nik su emango diot nere buruari” erantzun ostean, Aitorrek polito amaitu eban, “balio baldin badu piromanoenak / berriz piztu dezake behin piztu duenak”.