Peru (II): Andeetako jaunak
Kolkako arroila
Arequipatik paraje Kolkako arroila dago. Koloradokoak baino sakonera handiagoa dauka. Benetan ikusgarria da. Kondorrak bizi dira han. Eta gogotsu urten dogu goizeko ordu batetan autobusa hartu eta arroilara joateko. Harrizko bideetatik joan gara. Autobuseko atzeko ardatzaren ganean joan gara eta saltoka, gora eta behera eroan gaitue. Zuloak eta harriak gurpilen azpira sartu dira, eten barik. Ezin barreari eutsi ibili gara. Zazpietarako KolKara ailegau gara: Kondorraren kurutzera. Ez gara izan bakarrak, autobus bi badagoz han, eta laster autobusez eta turistez bete da talaia. Goiza ei da momenturik onena kondorrak ikusteko. Ordu bi baino gehiago emon doguz kondorrei itxaroten. Ez dogu, baina, kondorrik ikusi. Ez da harritzekoa. Jentea jardunean ibili da, zarata piloa egiten. Kondorrek, ostera, ezer baino gehiago isiltasuna maite dabe. Belarrietan ikaragarrizko mina sentidu behar izan dabe hango berbotsa entzutean. Kondorrak ikusi ez arren, mendiek eta inguruak eskaintzen deuskuen ikuspegiaz gozau dogu. Talaian idatzitakoaren arabera, hiru mila metro baino gehiagoko sakonerea dauka. Mendiek behetik igaroten dan errekatik bertatik altzetan dira, zuzen-zuzenean, han behean irazko hari fina ixten dabela. Mendietan harri piloa agiri dira, baina landareak be edonon hazten dira. Arroilaren barrenean sartu gara, eta haren handitasuna ikusi eta igarri dogu. Mendiz inguratuta gagoz, baina aldi berean leku zabala da. Ederra, benetan. Ordu batzuk emon doguz hara eta hona. Astiro. Gure gorputzak ez dagoz-eta ohituta hain altuera handian arnasa hartzen. Geldialdiek aukerea emoten deuskue ha guztia ederresteko. Atzera Kondorraren Kurutzera joan garanean, bakarrik egon gara eta isiltasunaz gozetako aukerea izan dogu. Ume bi ikusi doguz bidetik etorten: aldean egurra daroe. Heldu diranean, berbetan egon gara eurekaz. Ume bat handik paraje dagoan herri handi batekoa zan. Bestea, ostera, mendien atzean dagoen ibar batekoa. Hamar urte daukaz, eta aste batzuetarako etxea itxi eta artoa ereiten etorri behar izan dau, dirua irabazteko. Ume biak han ibili dira olgetan, musker bat harrapau guran. Umeakaz berbetan egon garenean, kondor bat azaldu jaku zeruan. Handia, dotorea, hegoak ia mugidu barik hegan egiten. Neskato bat berbetan hasi, eta “jentila” entzun deutsagu berben artean. Harrituta itaundu deutsagu ia zer dan “jentila”. Arranoa, esan deusku. Zur eta lur geratu gara. Ez genduan inoz pentsauko hona etorri eta euskerazko berba bat hemen entzun behar genduanik. Handik denpora batera beste kondor bat ikusi dogu. Pozarren egon gara. Ordurako ez dogu-eta izan itxaropenik kondorrak ikusteko. Goiza ei da momenturik onena, eta eguerdia izan da. Beste kondor bat be ikusi dogu, asago. Zeruaren jauna. Geroago kondor bat hurreratu jaku. Paraje-paraje ikusi dogu haren dotoretasuna eta handitasuna. Hegoak zabal-zabal. Batez be, kondorraren indarra ikusi eta sentidu dogu. Zoragarria izan da. Benetan.
Ahaztu barik, Zorionak eta urte barri on danori!.
Iratxe Ormatza
Tarapototik urten, hogeita lau ordu Limara ailegetako eta beste hamalau ordu hegoaldera heltzeko, Arequipara. Hemen distantziak handiak dira eta autopistak ez dira agertzen errepide mapetan. Halanda ze, autobusetan denpora piloa egiten dogu. Dana astiroagoa egin behar da. Ona da denporeari neurria hartzeko. Askotan kontrakoa pasetan da eta denporeak jan egiten gaitu. Hortik jatorkuz ardurak eta estresak. “Hamen ez dago astirik estresetako”. Estresak ez zaitu-eta inora eroaten. Bakarrik zagoz, estresa lagun dozula. Ikasi be egiten da ardurea behar diran gauzetan eta gaietan iminten.
Arequipa
Arequipa Peruko uririk aberatsena da, eta igarten da uriko kaleetatik zabilzala. Pobrezia ez da hain handia, danean igarten da: janzkeran, tabernetan, azoketan...; herriko plazan etxe kolonialek arkupeak daukiez eta ganean tabernak zabaldu dabez. Turistek parebako ikuspegia daukie tabernetako balkoietatik. Urian turista nahikotxu dabil. Izan be, makinatxu bat turista Arequipatik pasetan da Machu Picchura joateko. Herriko alde zaharreko bideak harriz eginda dagoz, eta denporan atzera eroaten zaitue. Kotxeak baino zaldiak eta gurdiak ibilten ziran sasoira.
Mendiek herri osoa inguratzen dabe. Mendietariko bat sumendia da, Misti, inguruko handiena. Orain lo badago be, inoz izartu be egiten da. Herriari babesa emoten deutsola esan leiteke. Mendizaleak hara joaten dira, eta zer esanik ez euskaldunak. Hostalean euskaldun bigaz egon gara, eta eurak be hara joateko asmoa daukie.