Gorputza ezkutuko kode modura
Joseba Terreros
Hatz marka, iris edo ahots irakurgailuek, hau da, biometriaren teknologiak, epe laburrean ordeztu leikiez banku txartel, telefono edo ordenagailuen ezkutuko kodeak.
Teknologia barrien eta enpresen gaur egungo errealidadeak beharrezko daukaz oraindino be lortu ez diran segurtasun mailak. Sarritan hainbat sistema informatikoren segurtasuna jaiotze egun, txakur izen edo gustoko zenbakietan oinarritzen da, bai eta posta elektronikoaz ailegetan jakun guztia onartzeko dogun ausarkerian be.
Biometriak persona baten nortasuna egiaztatzen dau gizabanako horrek berezko dituan hainbat ezaugarri morfologikoren erispideak oinarri hartuz. Hau da, biometriaren bitartez, persona baten ezaugarri berezi baten ganeko informazinoa batzen dogu, geroago lagin hori une horretan jasotako beste bategaz alderatu eta bardinak diran ala ez jakin ahal izateko.
Biometria 'estatikoak' personearen anatomiaren barri emongo deusku. Gure hatz markea, gure gorputzearen tenperatura aldaketak eta gure arpegiaren, irisaren edo betseinaren geometria aztertu ahal izango ditu. Biometria 'dinamikoak', ostera, personen jokabide batzuk neurtu ahal izango ditu, berbarako gure ahots, sinadura, ibilkera edo idazkerearen aldaketak.
Une honetan badira teknologia honetan oinarritzen diran hainbat aplikazino, esate baterako ordenagailu eroangarriei hatz markak ezagutzeko ipinitako irakurgailuak, ezkutuko kodearen babesa ordezten dabenak.
Panasonic enpreseak irisak edo hatz markak identifiketako azken aldion merkaturatu dituan irakurgailuak hainbat instalazinotara sartzeko kontrol sistemetan erabili ohi dira.
Hatz marka edo ahotsen irakurgailuek eskuko telefonoen PINak edo autoetako giltzak ordeztu ahal izango dabez epe ertainean.
Biometriaren oinarriak eta erronkak
Biometria betidanik erabili izan dogu eta, egia esan, egunean-egunean sarri erabilten dogu teknika hori, ia konturatu barik. Kasu baterako, telefonoa hartu eta hariz bestaldekoaren ahotsa entzuten dogunean, gure garuna topetan ahalegintzen da ia ahots horrek gure oroimenean bildutakoen antza dauen ala ez. Gure garunak metatutako oroitzapenen eta entzuten dabilen ahotsaren arteko antzekotasunen bat topetan badau, orduan jakingo dogu nor dan dei egin deuskun personea. Osterantzean, ezagutzen ez dogun laguna dala esango deusku.
Amimaliek be halantxe ezagutzen dabez ganerako animaliak, bai eta gizakiak be, hau da, ezaugarri biometrikoak erabilten dabez, berbarako usaina eta berbotsa.
Biometrietan oinarritzen diran arkitekturen erronkea horretan datza, egin-eginean be, makinek eragiketa horreek burutzeko ahalmena eskuratzean. Eta hori guztiori modu bizkorrean eta segurtasun osoz.
Beste giza gaitasun batzuekaz pasetan dan legez, makinei berbetea ezagutzeko moduko ahalmen biometrikoa emotea zeregin gatx-gatxa da. Edozelan be, urteetako ikerketa lanen ostean, hatz markak ezagutzeko irakurgailuak eta irisen scannerrek zientzia fikzinoko filmetan ikustetik produktore askoren katalogoetan topetako aukerea izatera pasau gara.
Horretarako, behar-beharrezkoa da zehaztutea zeintzuk diran persona bakotxa zalantza barik identifiketako ezaugarriak; izan be, hatz markea, betseina edo ahotsa persona bakotxaren berezko ezaugarriak dira eta guztiz baliogarriak baimen biometrikoak emon ahal izateko.
Beste bereizgarri batzuk arpegikerea, eskuaren itxurea edo erretinearen zantxuak izan leitekez, baina gaur egun sano korapilatsua da irakurgailuek horreek ezagutzeko ahalmena garatzea.
Biometriak kontuan hartu behar ditu personak bereizteko baliogarriak diran baina denporearen puruz aldaketarik ez daben ezaugarriak; beraz, ezin izango dira erabili zahartzearen edo gorputz masea mutatzearen ondorioz aldatzen diran bereizgarriak.
Teknologia honen abantailak eta etorkizunerako aurreikuspenak
Biometria oso baliogarria da sarbidea emoteko kontrolei jagokenez (identifikazino txartelak, giltzak, gakoak, etab.). Sarritan ahaztuten jakuz, esaterako, sarbidea baimentzeko ezkutuko kodeak. Hori ebitau guran, ezkutuko kodeok agendetan edo oharretan apuntau ohi doguz, eta, gako horreek halantxe galdu ohi dabe isilpekotasuna.
Identifikazino biometrikoaren bitartez, galarazotako lekuetan sartzeko baimenik ez daben lagunek leku horreetarako sarbidea lortu, inoren nortasuna ordeztu edo guzurrezko sinadura baten bitartez erregistroak faltsutzeko aukerea saihestuten da.
Frost&Sullivan enpresa taldearen azterlan batek aitatzen dau konpainia biometrikoek 281 miloe dolarretik gorako balioa izango daben produktuak salduko dituela 2005. urterako. Sareko hainbat orrialdetan sartzea galarazoten dauen Net Nanny Sofware Internacional Inc. enpresa ezagunak gitxi barru merkaturatuko dau identifiketako segurtasun sistema bat, erabiltzaileak tekladuan idazteko dauen erritmoa ezagutzeko gauza dana.
Intimidaderako oinarrizko eskubidea kolokan
Edozein kasutan be, norberaren pribatutasunaren aldekoak bildur dira teknologia biometrikoak herritarren oinarrizko eskubidea dan intimidadea ez ete dauen urratuko. Identifikazino txartelak irakurri edo gobernu baimenak emoteko, biometria erabili gura daben gobernuek beharrezko neurriak hartu beharko dabez datu horreek beste helburu batzuetarako erabili ez daitezan, bai eta estaduko beste agentzia publiko edo pribatu batzuk horreetaz baliatu ez daitezan be.
Programak egiten dituen konpainiek euren segurtasun neurriak zorroztu beharko dabez ordenadoreetan batu edo sarearen bitartez bialdutako datuak 'pirata' modernoen eskuetara ailegau ez daitezan.
Holan egin ezean, nortasunak ostu eta ordeztuteko aukerea egon leiteke. Hori egiteko gai dan personeak edo erakundeak itzelezko boterea izango leuke esku-eskura. Izan be, herritarra neurri baten 'txartel ibiltari adimentsua' izango da eta bere ezaugarri fisikoak (eskua, betseina, ahotsa...) aurkeztu baino ez dau egin behar segurtasunaren inguruko edozein kontrol gainditzeko.
Teknologia hau guztiz praktiko eta erabilerraza da, baina, era berean, sano arriskutsua. Izan be, gaur egungo nortasun zedulek, kreditu edo osasun txartelek zein ezkutuko kodeek daben informazinoa nahikoa mugatua izan arren, sistema biometrikoak datu base batzuekaz batera erabilten badira, norberaren intimidade eskubideak errazago urratu leitekez.