Antxina-barri  II. urtea // 40. zenbakia - 2003ko abenduak 15

Gaxo barrija: gripea

1918ko izurritea Bizkaian


Euskadiko beste lurraldeetan be egoerea antzekoa zan: irailean zehar zabaltzen joan zan gaixoa eta bere indarrik nagusiena urrian agertu eban. Araban urriko lehenengo egunetan ikastetxeak zarratu egin zituen. Bardin egin eben Gipuzkoan zein Bizkaian be.

Bizkaiaren kasuan, beste lurralde batzuetan agintariek egin eben moduan, lehenengo egunetan ez jakon gripeari garrantzia larregirik emon. Orduko egunkarietan agertzen diran albiste gehienak, Europak, Mundu gerra amaitzear dagoela bizi dauen egoerearen ganekoak dira, eta jakina da irailean zabaldutako kalteak, irailaren azkenengo egunetarako zer esan asko izan behar ebala. Agintariek normaltasun itxurea emoten ahalegindu arren, egunkarien kasuan ez dago eskelen kantidadea ikustea baino gaixoak irailaren azken egunetarako hartu eban garrantziagaz jaubetzeko.

1918ko urria izan zan hilerik txarrena bizkaitarrentzat. Hilabete honetan gripea erabat zabaldu zan lurralde honetako herri guztietara. Bilbokoak dira daturik gehienak. Uriburuan, danetara, 900 hildako izan ziran urrian, eguneko 30 persona hiltzen ziralarik gripeak jota. Barakaldon egunero lau hildako izan ziran urrian zehar. Gauzak holan dirala, urriaren 16rako Bizkaiko Aldundiak argitaratzen eban egunerokoan, Bizkaia osoa izurrite egoeran egoala adierazoten zan. Bardin ziran gazteak zein zaharrak, eta pobreak izan baziran gaixoa gehien sufridu ebenak, aberatsak be ez ziran librau. Sasoiko gizonik aberatsenetarikoa zan Ramon de la Sotaren semeetariko bat, Jose María de la Sota Aburto be urriaren 14an hil zan gripeak jota.

Hildakoak gero eta gehiago zirala ikusiz, agintariak neurriak hartzen hasi ziran: Bilboko Udaletxean batzarrak egunero egiten zituen eta, besteak beste, kutsadurearen kontrako neurriak hartu. Horretarako, ikastetxeak zarratu, teatro eta dantzaldiak galarazo eta tabernetako ordutegiak murriztea agindu zan. Kanposantuak be itxi egin ziran, berbarako kortejua galarazoz. Gaiaren harian, Txoriherriko biztanleak kexu agertu ziran bertatik pasetan zan trenean hildakoak eroaten zituelako bidaiariak erabilten eben trenean bertan. Miserikordiako nagusien etxean be bisitak galarazo egin ziran. Uriburuko auzo eta etxe guztiak behar zan moduan garbitu eta desinfektetako proiektuak abiarazo zituen.

Gripe egoera honen barruan, egon ziran bai dirua egitea lortu ebenak. Egunkariak limoi saltzaile edo botikarioen gehiegikeriak salatzen zituen. Bilboko Udaleko alkateak Mario Aranak zein Ahaldun Nagusia zan Ramon de la Sota Aburtok kotxe jaubeei egindako eskaerak izandako erantzun eskasa be salatzen eben.

Urria aurrera joan ahala, gaixoaren eragina murriztea lortu zan. Agintariek hartutako neurrien ondorioak igarten joan ziran eta iodoa be kalteari aurre egiteko ona zala ikusi zan. Hala eta guztiz be, izurriteagaz amaitzeko aukera guztiak aprobetxatuz, herri askotan antolatu ziran bederatziurrenak eta prozesinoak. Azken honeen artean entzute handikoa izan zan Bilbon Begoñako Ama Birjineagaz egindakoa. 1900etik Begoñatik urten barik egoan irudia, Basilikatik atara eta Aldundirarte eroan eben, Bilboko kaleetatik zehar.

Neurriak neurri, eta prozesinoak prozesino, gauzea da, urriaren azken egunetarako izurritea erabat desagertzen hasi zala eta oraindino Lemoan, Diman, Leioan eta Derion gogo biziz jarraitzen ba eben gripe kasuak, egoerea ez zan hain larria. 1918ko zemendiaren 12rako agintariek Bilboko izurritea zala eta hartutako neurri berezi guztiak bertan behera ixtea agindu eben, gripearen kaltea amaitutzat emonaz.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.


Lehenengo Mundu Gerra amaitzear egoala, Europa guztia egoan kontinenteen mapa barria ezartzeko “irabazle” eta “galtzaileen” arteko hitzarmenei begira. Egoera honetan gitxik egin eutsien lehenengotan jaramon haundirik gripe gaixoari. Hurrengo hilebeteetan eragin itzela izan eban gaixo barriak europarrengan. Euskaldunak be ez ziran aparte geratu eta hildakoak hainbat izan ziran herri txiki zein uriburuetan. Ondoko lerroetan 1918an euskaldunek sufridu eben izurritea gogoratuko dogu.

1918ko gripea, antza danez, Estadu Batuetatik etorri zan. Mundu Gerrea zala eta Europara gerran parte hartzera etorritako gudariek eurekaz ekarri eben gaixoa. Honetaz aparte, ia lau urte gerran sartuta egoan kontinente zaharreko biztanleek gosetea zer zan be ondo baino hobeto ekien. Beraz gaixoak zabaltzeko lagun ezin hobea izan eban jentearen ahultasuna. Gaixotasuna gogor agertu zan Europa osoan.

Euskal Herrian datu larregirik ez badogu be, argi dago Europako egoera honetan gure herria ez zala aparte geratu. Sasoi haretan, gaixo barria zan gripea eta behin eta barriro irakurriko dogu urrian argitaratutako egunkarietan gripeari buruzko albisteak, 'gaxo barrija' edo 'gaixo berriya gripea deritxona' izentauta, Aulesti edo Soraluzetik bialdutako kronikak esaten daben antzera.

Jimeno Juriok Nafarroako kasua ikertu dauen ezkero, lurralde honetarikoak dira doguzan daturik gehienak. Halan ba, hemen lehenengo gripeak jotako gaixoak irailaren 3an agertu ziran, Goizuetan hain zuzen be. Handik gitxira, Donostian be izurritearen barri emoten hasiak ziran egunkariak. Agintariak Nafarroako iparraldera heldu eta egin eben lehenengo gauzea zera izan zan, gaixotasunari garrantziarik emon ez, arriskurik ez egoala esanez. Baina gripea burugogorra zan eta agintarieri kasurik egin barik gero eta gehiago zabaldu zan, hildakoak ugalduz. Irailaren azkenetarako Nafarroa osoa egoan gripez josita. Orduantxe hasi ziran arazoak eta hartu beharreko neurriak hartu baziran be, ordurako berandu zan eta ez egoan ez mediku nahikorik ezta gaixo barriari aurre egiteko erarik. Izurritearen garrantzia ikusteko 2000 biztanleko Los Arcoseko herrian, 800 lagun gripearen eraginez gaixorik egozala esatea baino ez dago.