Deep blue
ETBn eskainitako dokumentala ikusteko modurik izan ez bazenduen, Deep Blue aukera ezin hobea da ozeanoko munduaren irudi barri, ezezagun eta ikusgarriez gozetako. Zine dokumentalaren proiektu berezi eta harrigarria da; ikusleak itsasoaren ikuskizun txundigarrian murgildu eta ahoa zabalik egongo dira film osoan. Koralezko arrezifeetatik Antartikoko itsasertzera joango gara, itsaso zabalaren handitasunetik ozeanoaren troka sakon eta ilunetara.
Alastair Fothergill film honetako zuzendariak zera esan dau: 'ikuslea sekula ikusi ez dauen mundu batera eroango dogu, gure planetearen azkenengo mugea dagoan lekura, hatan be'.
Kanpoko espazioaren iluntasunetik ikusita, Lurrak okerreko izena aukeratu dauela emoten dau. Izan be, gure planeta honen azalerearen % 70 urez estalduta dago eta, hain asaotik ikusita, kolore turkesa distiratsu eta bereizgarria dauka. Beraz, itsasoaren handi eta zabalak emoten deutso bereizgarririk behinena.
Ozeanoak lurraren ganeko biziaren sortzaileak dira, eguraldia gobernetan daben motoreak eta gizaldietan mantenua emon deuskuen biltegiak. Ozeanoak gu guztion zati dira eta gizateriaren desafiorik handienetariko bat horreek jagon eta babestea da. Baina, itsasoak gure planetearen heren bi bete arren, gehiago dakigu iretargiko azaleraz, ozeanoaren barrentasunez baino.
Dokumental honetan, gitxi batzuek ikusi daben mundua esploretako modua izango dozue, gure planetearen azkenengo munarria. Deep Blue-k ozeanoen zabaltasun txundigarria ez eze bertan ugaltzen diran izaki harrigarriak be ikusteko beharrezko betaurreko eta argiak emongo deuskuz. Ezagunetik ezezagunera, pelikuleak itsasoa erakutsiko deusku modu erakargarri, bizi eta maitegarriago batez. Ganera, irudi eder eta ikaragarriez betetako dokumental hau gure hizkuntzan entzun ahal izango dozue. Merezidu dau, benetan.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Alastair Fothergill eta Andy Byatt.
- Herrialdeak: Alemania eta Britainia Handia.
Iraupena: 90 min.
- Generoa: Dokumentala.
- Musikea: George Fenton.
- Argazkia: Doug Allan, Peter Scoones eta Rick Rosenthal.
- Muntaia: Martin Elsbury.