Zinea  II. urtea // 40. zenbakia - 2003ko abenduak 15

Master and commander: The far side of the world


'Master and Commander' filmaren hasikerea, egiatan, on-ona da: itsaso bare-barea, lanbro trinko batek estaldua eta ofizial gazte baten largabistan agertzen dan kandela baten argi galkorra. Une horretatik aurrera, obsesino baten ganeko istorio hau indartsu agertuko jaku pantaila aurrean, Rusell Crowek antzezten dauen kapitain gogor eta sendoaren eskutik.

Jack Aubrey kapitainak gai personaltzat hartuko dau frantses itsasontzia ehizatzeko zeregina, betebeharretik harantzagoko eginkizun modura. Aubrey eta frantses kapitainaren arteko lehia erakargarritasun maila egokiari eutsiko deutso, filma bestelako osogaien multzo interesgarria jorratzeko gauza izango dalako.

Izan be, 'Master and Commander' abentura film hutsa baino askoz be gehiago da. Peter Weir zuzendariak ahalegin handiak egin ditu holako itsasontzietan izaten zan bizimoduaren ganeko birsorkuntza lan ikusgarria egiteko. Eta ahor dago pelikula honen interesgarritasuna, Surpresi eta Acheron-en arteko jazarpen eta azken burrukea atxakiak besterik ez diralako, itsasontzi baten espazio itxi eta estutik abiatuta, egoera eta pertsonaien erretratu zabala egiteko.

Edozelan be, ezin da ukatu filmak batzuetan erritmoa galdu eta behar baino hutsarte gehiago dituana. Horixe da pelikula honen akatsik agirikoena. Baina, hutsuneak hutsune, aukera ona da itsasontzietako bizi baldintza gogorren eta bizimoduaren ganeko gaia nahiz abenturak buztartzen diruan film on batez gozetako.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Peter Weir
- Herrialdea: AEB
- Urtea: 2003.
- Antzezleak: Russell Crowe (Jack Aubrey kapitaina), Paul Bettany (Stephen Maturin medikua), Billy Boyd (Barrett Bonden lemazaina), James D'Arcy (Thomas Pullings ofiziala), Lee Ingleby (Hollom), Georges Innes (Joe Plaice), Mark Lewis Jones (Hogg), Chris Larkin (Howard kapitaina), Richard McCabe (Higgins), Robert Pugh (Allen kapitaina)
- Gidoia: Peter Weir eta John Collee; Patrick O'Brian-en eleberrietan oinarritua.