Bertsolari@k: genero bako historia
Ostera, ezin pentsau geinke ordurarte emakumeak isilik egon ziranik (kostauko da holakorik sinistea, andra berbalapikoz betetako Euskal Herri bete kafetegi honetan), izan be, harritzekoa baita Adanen saihetsak zenbat behar egin dauen orainarteko bertsogintzearen ibilbidean. 1876an galdutako Bizkaiko Foru Zaharren agiritegiak emoten deusku horren barri: [...] Título 8, Ley I: [...] son conocidas por desvergonzadas [...] y ponen coplas y cantares a manera de libelo infamatorio (que el Fuero llama profazadas) [...]. 1452ko agiri horrek dinoanaren arabera, sano zabalduta egoan profazadoreen jarduna Euskal Herrian zehar, plazaz plaza eta herriz herri ibilten ziran andrak zirelako honeek. Juglareen zereginetik parajeago kokatu ahal badira be, honen antzekoak ziren erostagileak, gudu-kantuak eta eresiak egiten ebezan kantariak. Harrigarria bada be, bertsolaritzearen suster gizonzaleentzat, jakin beie gaur arte bertsolaritzeak daukan aztarnarik zaharrenak emakumeen ahotan iminten dauela errima eta neurriz mugatutako euskal ahozko inprobisazino kantatuaren jatorria.
Ordutik eta XIX. menderarte, ostera, emakumeen presentziak garrantzia galduko dau bertsolaritzean. Horren zergaitirik nabarmenena agiri eta dokumentu ausentzian dago, izan be, Lasturko Milia, Aloseko Usoa eta kasuan kasuko salbuespen batzuk alde batera itxita, ez dagoelako ezelako daturik. Honek, edozelan be, badauka bere arrazoi argia: aro honetan, bertso paperek sona handia lortu eben, baina paperen emonkortasunak ondorio kaltegarriak ekarri ebazan; literaturearen eragina orduan igerriko da lehenengoz ordurarteko bertsogintzean. Bat-bateko bertsolariek bertso zuzen eta onak egin gurako dabez, komunikazinoaren muinagaz bardinduta, eta horretarako poesiaren baliabideak erabiliko dabez. Orduko literaturan, ostera, ez egoan ondo ikusita emakumeek idaztea, ez prosarik, ez poesiarik. Pentsau leiteke, beraz, uzta femeninoko bertsoen eskaintzak behera egin ebala. Hala ta guztiz be, badakigu literaturan egin zan legez, bertsolaritzean be gizon etxurako ezizenen baten bitartez bere bertsoak atarako ebazan emakumeren bat be egongo zana. Egon badago hain gurea dan bertsolaritzearen historiako handienen bertsoak, horreen emazte, arreba edo lagunen batek egin ebazala esaten dauenik...
1989rarte ez da egongo behar dan legez jasotako pausurik, urte honen bueltan kokatu geinkelako gaur egungo emakume bertsolarien historiaren sorrerea. Hain zuzen be, Kristina Mardarasek edegiko dauz bertsolaritza mota barri baterako ate eta bide barriak. Esan daiteke bera dala aro garaikideko plazandreen aitzindaria. Durangaldeko andre honek lagun arteko giroan ekin eutson bertsolaritzea ikasteari, Areitio, Kapela eta Jon Lopategiren eskutik. Gerora, 1990eko hamarkadearen hasierean, Arantzazu Loidigaz egiten dau topo bertsolaritzeak, bertso-eskoletako emakumeen lehen emoitzea izan leitekeana.
Ondorengo pausuak argiagoak dira memorian: Estitxu Arozenak hasikeran jarritako bertsoa bota eban urte berean, Iratxe Ibarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean kantau eban, 1993an. Lau urte beranduago, Maialen Lujanbiok izena ipini eutson Anoetan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean kantau eban lehenengo emakumeari, jakin barik, lau urte barru, izen bera izango ebala Andoni Egañaren atzetik Aturritik Ebrorainoko bertsolari onenaren txapelaren jagoleak. Bestetik, ezin bazterrean itxi bitarteko eskolarteko txapelketetan parte hartutako neskatoek egindako lorpenak, edota bertsozaleen belarrietaraino zabaldutako izenak: Ainhoa Agirreazaldegi, Nerea Elustondo, Miren Artetxe, Leire Bilbao, Oihana Bartra... danek izan dabe euren lekutxua bertsolaritzearen munduan, baita Euskal Herriko eskolarteko txapelaren azpian be.
Gauzak holan, norberak itauna bota behar deutso bere buruari Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala urtearen akaberean etorteaz batera: noiz ohitu behar dau bertsozaleak emakumeak besterik barik ikustera? Zergaitik bertsolariak aita izan daitekez, baina ez dogu ama bertsolaririk ezagutzen? Eta amamarik? Zergaitik dago horren gona gitxi tabladuetan? Moda kontuak moda, argi dago oraindino asko egin behar dauela bertsolaritzeak emakumeen kasuari jagokonez; edozelan be, espero daigun gauzak erabat aldatuko dirala txapelak emakumeen buruetan jarri ahala.
Xabier Paia
Emakumeok mikrofonoan
jaso izan dugu burla,
gaur ere batzuk haserre daude
ezin dute disimula...
Ni ziur nago egunen baten
erakutsiko dugula
bertsolaritzak barrabilekin
zerikusirik ez dula.
Estitxu Arozenak bertso hau berau bota eban 1993ko Bertso Egunean, Iratxe Ibarra eta Maialen Lujanbio ondoan eukazala. Lehenengo aldia zan Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak urtez urte antolatutako ekitaldi honetara hiru emakume etorten zirana, ez beharbada entzule, baina bai bertsolari legez. Ha be 1969ko ilargiratzearen antzekoa izan zan: sekulako aurrera pausua abots zuri helduen bertsogintzarako, eta zer esanik be ez oholtza ganeko emakumeen jardunerako. Izan be, hiru emakume horreen bertsoek iraganaren eta geroaren arteko tartea markau eben. Manolo Arozenaren alabak, hogeita sei berbatan, Fernando Amezketarrak –bera hartu izan da bat-bateko bertsolaritzearen aitzindaritzat– martxan jarritako trenari norabide guztiz barria imini eutson, oraindino ikusteko daukaguzan hamaika geltokitara abiarazoz.