Khata, Afrikako sortaldeko legezko drogea
Droga honen zabalkundea eta salneurria
Khatak kafe arbolen artean hazten dira; gehienbat Etiopia eta Yemenen landatzen dira, baina Kenia, Tanzania, Madagaskar eta Ugandan be errez topau leitekez. Etiopian kafea alde batera itxi eta gero eta khat gehiago landatzen da, diru asko dakarrelako. Droga hau Afrikako adarreko herrialde guztietara esportatzen da, konsumoa handi-handia dalako: Yemenen pertsona helduen % 80 inguruk konsumitzen dau anfetamina mota hau. Atara kontuak, 400.000 pertsona inguru bizi diran Djibutira egunean-egunean bederatzi tona khat heldu ohi dira. Afrikako alde hau gosez hil arren, drogea guztien esku dago, gobernuaren onespenagaz. Herritarrak legezko droga honen eraginpean eukita, ez dago goserik eta jentea pozik, euforiko eta lasai dabil; holan matxinadak ebitetan dabez. Edozelan be, paradoxea gero eta harrigarriagoa da: khatak Afrikako toki emonkorrenariko batzuk behartu dauz elikagaien inportatzaileak izaten.
Sartalde honetan, ostroak 300 euroko balioa euki leike kilo bakotxeko, Afrikan baino hamar bidez gehiago. Honen trafikoa oso mugatuta dago, freskotasuna galdukeran katinona desagertzen dalako, baina, antza danez, Europan eta AEBn era sintetikoan egiten hasi da, estasi modura salduz.
Djibutiko aireportura egunero ailegetan da 9 tona khat garraiatzen dauzen hegazkin bat. Kalean khat sorta batek euro biko kostua besterik ez dauka; kalidade handiko kilo baten truke 30 euro inguru pagetan dira. Handik ordu batzuetara, khata uri osoan bananduko dabe, zoriontasuna eta bizipoza eskuratu eta benetako arazoak ahazteko dosi modura. Bien bitartean, orain arte diru apur bat emoten eben landaketak alde batera itxi eta goseak gero eta persona gehiago hilko dauz. Hori bai, ez da inon protestarik entzungo.
Begiluzea
Galafik naturearen kontrako mugea osotzen dau Etiopia eta Djibutiren artean. Baina muga hau gureztala egin behar izan zan Etiopiak Eritreatik zehar Itsaso Gorrira urteteko daukan bidea hilda dagoalako herrialde bien arteko etenbako gerren ondorioz. Muga hori jarri izan ez balebe, zoratzekoa izango zan planetako lekurik beroenetariko baten bizitzea, bertan 50 graduek erruki barik joten dabelako basamortu erdian. Infernu honetan ez dago zeregin handiegirik. Baina zenbat-gura denpora dago khataren ostroak jan eta bizitzea pasetan ikusteko, trauma larregi barik. Khata Afrika sortaldeko arbola baten izen arrunta da; landare horren ostroak anfetaminearen sulfatoaren antzeko eragin bizkorgarriak daukaz eta jente mordoak konsumitzen dauz Yemen, Djibuti, Somalia eta Etiopian.
Khataren kontsumoa eta eraginak
Koltxoi zahar batzuen ganean, gazte koadrila batek ordu amaitezinak egiten dauz khata mamurtzen. Khataren ostroak egarria sortu eragiten dauen ezkero, gazteen aurrean ur eta kolako freskagarriez betetako makina bat pitxar ikusi daiteke. Altzoan bedar sorta handiak daukiez, bananaondoen ostroez estalduta, khataren freskotasun izpirik be galdu ez daiten. Aldiro-aldiro ostro horreetariko batzuk tolestu, ahora eroan eta bizipoz moduko bat sortzen da. Berba egikeran, ahoaren barrualdea agirian ipini eta haginak berdez tintauta azaltzen dira, gazteok animalia hausnarkariak balira lez.
Afrikar musika geldo batek isiltasuna urratu eta egongelea lasaitasunez beteten dau. Horrelako geletan konsumitzen da khataren ostroa, patxada osoan. Helburua argia da: droga honen osogai aktiboak ataratea, katinona eta katina. Katinona khataren orri berde eta freskoetan dago ostroak batu eta 48 orduko epean eta nartokito leuna da. Katinak, ostera, anfetaminearen antzeko egitura kimikoa dauka. Bien eraginak ondokoak: denpora eta espazioaren nozinoa galtzea, kokainak eragiten dauenaren atzeko euforia, nekea desagertarazotea eta urduritasuna, besteak beste.