Asier Muniategi (Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea: 'EAEn euskera hutsean irakurten dabenen portzentajea % 1,4 da'
Durangoko 38. Euskal Liburu eta Disko Azokea inoizkorik arrakastatsuena izan da eta pare bat datu nabarmentzea nahikoa da horretaz jaubetzeko: 130 mila lagun hurreratu dira Landakoko eraikin barrira eta salmentak milioi bat euro eta erdikoak izan dira, huskeria, izan be, horixe kantidadea da Londoneko Harrods-en, Cameron Diazen mutil lagunak, Justin Timberlake musikariak gabonetako erosketetan egindako gastua. Bernardo Atxagaren 'Soinukolearen semea' eta Joseba Sarrionaindiaren 'Kolosala izango da' liburuen lehenengo edizinoak agortu egin dira eta diskoen atalean, beteranoen beharrak izan dira salduenak: Ruper Ordorika eta Mikel Laboaren diskoak hain zuzen be. Halan da be, datu horreek ez ei datoz bat errealidadeagaz, oasia ei dira desertuaren erdian.
Liburuen magiaz eta sektoreak bizi dauen egoerearen ganean berba egiteko Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileari ondoko itaunak egin deutsaguz:
1. Aurten euskal kultureak oro har momentu txarrak bizi izan ditu eta akaso horreri zeozelan erantzuteko jentearen erantzuna azokara hurreratzea eta bildurrik barik erostea izan da. Arrakastearen arrazoia hori izan dala pentsetan dozu ala besteren bat aitatuko zeunke?
Azokaren emoitza onak ez dauka arrazoi bakarra. Aitatzen dozun arrazoi horrek bere eragina izan dauela argi dago. Landakoko eraikin barriak beste horrenbeste. Atxagaren lan barriaren inguruan egindako propagandak, eguraldiak...eta, batez be, ia-ia gure euskal bizitzaren alor gehienetan legez, etenik bako jardunean oinarritu beharrean, abagune zehatzetan erantzuteko daukagun abileziak beste horrenbeste.
2. EAEn argitaratzen diran liburuen % 50 inguru euskeraz idatzitakoak dira, gero eta liburu gehiago ataraten da euskeraz baina liburu horreen konsumoa ez doa gora produkzinoagaz batera. Irakurleen ganeko datuak zelakoak dira?
Irakurleen ganeko datuak ez datoz bat euskal produkzinoagaz. EAEn irakurleen portzentajea %52´5ekoa bada, euskerea eta erderea erabilten dogunok % 19 gara eta euskera hutsa erabilten dabenak irakurteko orduan % 1,4 baino ez. Horrezaz ganera, irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina eta ahaleginak eskasak dira. Aisialdiko beste bide eta aukeren konpententzia sekulakoa da eta hezkuntza arloan bainoa ez jako urtenbidea topetan eta hori ez da nahikoa.
3. Unai Eorriagaren 'SPrako tranbia' liburuaren gaztelaniazko bertsinoa jatorrizkoa baino gehiago irakurten dala gauza jakina da. Ze ondorio ataraten dozu?
SPrako tranbia erderaz gehiago saltzea normala da, esparru zabalagoa daukalako eta irakurleen kopurua handiagoa dalako. Baina euskaldun diranen artean, erderaz euskeraz baino gehiago irakurteak, horrek arduratzen nau. Jatorrizko hizkuntzan irakurri behar dira, ahal izan ezkero, bertoko zein kanpoko idazleak.
4. Jorge Gimenez, Euskal Editoreen Alkarteko buruak egoerearen irakurketa ezkorra egin dau: 'irakurleak eta ahalmen komertziala galtzen gabiz, kultur kontsumoaren parametroak aldatzen doaz eta hori ezin dogu kontrolau'. Euskal Editoreen Alkarteak lantalde bat sortu dau egoerea aztertu eta beharrezko neurriak erabagitzeko. Ze analisi egiten dozu zuk?
Zer eta norentzako produzitzen dogun aztertu beharra dago. Subentzino sistemea egokia dan ala ez. Herri honetan horrenbeste argitaletxek tokia daben ala ez. Kalidade aldetik plazaratzen dan guztiak baliorik ete daukan, eta erderazko esaerak 'café para todos' ez ete dan kaltegarria etorkizunerako.
5. Euskerearen aldeko militantziaren kontua aspaldi desagertu zan eta irakurleek gero eta gehiago eskatzen dabez 'kalidadezko' testuak. Euskal Herrian edozeinek ataraten dauela liburua emoten dau eta, jakina, sortzaile eta irakurleen arteko aldeak gero eta txikiagoak dira. Arrisku handia dago hor, ezta?
Arriskua benetazkoa da. Gero eta kalidade handiagoa dago idazlanetan baina ez dakigu zehatz zenbateko irakurle merkatua dogun euskaldunen artean baina libururik gehienak mila aletara ez diranean heltzen, euskeraz irakurteko “militantzia” berreskuratu behar da sistemeari eutsi gura badeutsagu behintzat, nahiz eta ni militantzia horren kontra egon.
6. Durangon gehien saldu dan liburuetako bat 23 eurotan egoan salgai. Liburuak karu dagoz?
Liburuak karu edo merke, nire ustez balorazinoa norberarena da eta intransferiblea. Klasiko bat euro batetik hasita erosi geinke. Hogeita hiru euro liburu bat pagetea ala kubalibre bat 5 euro pagetea, zein ete da karuago? Gehienetan atxaki hutsa besterik ez da izaten prezioa, liburu horrek aukerako liburuetan 2 edo 3 eurotan erosi geinkez eta.
7. Teknologia barrien iraultzea hasi baino ez da egin. Liburugintzeak zelan erantzungo deutso zaparradeari?
Teknologiak hasiera batean bildurtu egin eban liburuen mundua baina argi dago elaberriek edota olerkiek papela derrigor behar dabela. Horretan ez da bildurrik sektorean.
8. Liburu azoken helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da baina datozen aldaketak ikusita, helburuak eta lan jarduerak aldatzea aurreikusten dozu?
Bai, ondo esan dozu, azokak antolatzeko orduan irakurzaletasuna bultzatzea helburu garrantzitsua da eta aurrerantzean be horreri eutsiko deutsagu; beharbada, jarduerak aldatu beharra dago. Ideiak argi euki behar dira, barriztearen beharra ahaztu barik. Baina horretan hutsune handiak daukaguz danok. Administrazino, eragile, egile eta produktoreek, irakurleak ezagutzeko premia eta beharra daukagu baina inor ez da agertzen formula magikoakaz eta proiektu zehatzakaz. Ezin da bakarka gai bakotxa aztertu. Sektorea goitik behera aztertu eta teilatua egin aurretik euskarria jarri behar da.
9. Liburu azoken harian, zeintzuk izango dira hurrengo zitak?
Hondarribiko Euskal Azokea amaitu da oraintsu eta hilaren hamazazpian Galdakaoko XI. Euskal Liburu eta Disko Azokea abiarazoko dogu. Datorren urtean, urtarrilaren amaieran, barriz, kanpaineari hasierea emongo deutsagu Mungian.
Koldo Isusi Zuazo