Durango, urteroko erromeria
Militantziak bultzatuta kulturea salbauko ete dogu?
Azken urte honeetan inpresinoa hartu dot ez ete dan lagun asko Durangora joango "joan behar dalako". Eskaparate bihurtu da Durangoko azokea, euskal kulturearen eskaparatea. Baina ez dakit nik eskaparate eder horren atzetik gure kulturearen ahultasun batzuk ez ete doguzan ezkutetan.
Entzun izan dogu aurtongo urtea petrala zala salmenten aldetik. Durangoko Azokara bitartean bai behintzat. Hori entzunda, bat baino gehiago harritu egin da. Sekulako gorakadea izan dau kulturearen industriak Euskadin azken urteotan. Kalidade handiko idazleak sortu dira, euskeraz pentsau eta idazten dabenak. Musika arloan be, kanpoko estiloak euskerara egokitu leitekezala argi geratu da. Dana dala, Azokearen osteko datuok eta eguneroko errealidadea ez datoz bat.
Onartu daigun, euskal merkatua txiki-txikia da eta ez dago luzaroan eusterik horren gorputz handia gure hanka mehe eta txikiekaz. Ez dago oraindino behar beste irakurlerik. Eta ez dakigu inoiz izango ete dogun. Euskerearen mundua txikia eta ahula da oraindino. Urtean behingo beharra txalotzekoa da, bai, baina ez ete dau merezi Azokearen handimandikeriak apur bat baztertu eta gero urtean zeharreko egoerearen ganeko hausnarketea egitea?. Danon beharra da hori.
IƱaki Atxutegi
Urteroko ohiturea bihurtu da. Gabonilaren "supermegazubian" euskal kulturearen ganeko hausnarketea egiteko sasoia dator. Ahobeteka Azokea eta euskerearen osasunaren ganeko datu ezin hobeak jakinarazoten deuskuez. Goxo-goxo, itsu-itsu gure burua konbentzidu gura izaten dogu. Euskal kulturea inoiz baino hobeto dago.
Ez da harritzekoa holako irudia sinistea Durangora hurreratu ezkero. Gazte ta zahar, txiki eta handi, ehundaka lagun pilotzen dira Azokako egun guztietan liburu eta diskoak ikusi-erosi gurean. Panoramea ikusita sinistuta baieztauko geunke euskaldunon irakurketa maila Europako altuenetakoa dala. Horretan be, euskaldunak espainolak baino hobeak gara, bai horixe!
Errealidadea, zoritxarrez, apur bat tristeagoa da. Durangora joaten diran asko ohitureak bultzatuta joaten dira azokara. Batek jakin bertan erositakoa erregaletako dan eta saldutako liburuak benetan irakurten diran. Zalantza barik, azokan agertzen dan kultureagazko atxikimendua ez da eguneroko ohiturea urtean behingo salbuespena baino.
Baten batek igarriko eban orain artekoan "ohiturea" berbea behin ta barriro aitatu dodala. Uste dot ohiturea eta kulturea berba erabat kontrajarriak dirala. Kulturea gozagarria da eta ez kargea. Liburu bat zabaltzean, CD bat entzutean, pelikulea ikustean momentu gogoangarriak espero dira. Barre, negar, bildur edo oihu egiteko gogoa emoten deuskue, sekulan ez ahoa zabaltzekoa.