Jasone Osoro: Lehenagoko mamu eta bildurren gaineko nobelea da Greta
Tentazioak liburuak euki eban arrakasteak ze puntutaraino baldintzau zaitu idazterakoan? Onerako ala txarrerako izan da arrakasta hori, orri zuriaren parean paretako orduan?
Tentazioak-ek euki eban arrakastea onerako izan zan, horri esker euki dot-eta aukerea argitaratzen segiduteko. Irakurle potentziala hor dagoala jakiteak indarra emoten dau idazten segiduteko. Baina ez: arrakasta hori ez da enbarazua izan orri zuriaren parean jarteko orduan. Orri zuriak berez sortzen ditu biak, idazteko grina eta bertigoa.
Idazle erotikoaren etiketea be ipini eutsuen. Gretan etiketa horretatik urrundu gura izan dozu ala istorioak, berez, ez eukan erotismoaren beharrik?
Egia da batzuetan karga modukoa izan dala erotismoaren kontu hori, baina nire orain arteko liburuek sexua egotea eskatzen eben. Gretan ez da holakorik agertzen, istorioan askoz be garrantzia handiagoa daukielako sentimentuek, bildurrek eta zalantzek.
Jasone Osororen ze obsesino agertzen da liburu honetan?
Obsesinorik ez: galdera batzuei erantzuna emon gura izan deutset. Esate baterako, iraganak zergaitik daukan hain inportantzia handia gure bizitzan. Zergaitik batzuetan etorkizunak bildurra emoten deuskun. Zelako eragina euki leikean hutsuneak pertsona batengan, amaren hutsuneak, esate baterako. Zer dan maitasuna. Eta zelan ikusi leitekean gertaera bera ikuspuntu diferenteetatik.
Idazkera aldetik, hirugarren liburuaren estiloa zelakoa da?
Nik orain arte euki dodan antzeko estiloa dala esango neuke, irakurterraza eta arina. Halanda be, ahalegindu naz berben bitartez irudi ederrak sortzen.
Baina, gainera, gidoigintzan zabilz beharrean. Horrek eraginik euki dau zure idazkeran?
Nire liburuek eroan nabe gidoigintzan behar egitera, zeozelan esateko. Halanda be, onartzen dot irudiek pisu handia daukiela nire idazkeran eta istorio bisualak egitea gustetan jatala. Greta, esate baterako, luzemetraia baten gidoia izan da nobela bihurtu aurretik.
Zer itxaroten dozu Gretagaz? Jenteak zer esatea gurako zeunke?
Gustauko jatan jenteak ulertzea eta maitatzea Gretak sinbolizetan dauena.
Gaztelaniazko merkatura be egin zenduan salto, 'Korapiloak' zana 'Desnudos' bihurtuta. Gretagaz esperientzia errepetiduteko intentzinoa daukazu?
Barriro egingo neuke gauza bera Gretagaz, bai: aukera emoten badeustie, bai. Esperientzia polita izan zan. Guztiz merkatu diferentea da: argitaletxeek sistema desbardina daukie behar egiteko eta garrantzia handiagoa emoten jako promozinoari. Eta logikoa be bada, ze eskaintza zabalagoa dago eta zeure txokoa egitea gatxagoa da: pentsetan dot 3.000 ale inguru saldu dirala orain arte, eta hori kantidade polita ei da idazle ezezagun batentzat.
Julen Gabiria
Izenburua: Greta
Egilea: Jasone Osoro
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2003
Nondik nora Greta idaztearen ideia?
Joaquin Sabinari egindako alkarrizketa baten irakurri neban etxean maniki piloa eukazala, eta euren konpainian gustora bizi zala. Atentzinoa emon eustan, eta gero, atzera etorri jatan esaldi ha burura, orain dala pare bat urte edo. Eta pentsau neban interesgarria izan eitekeala bikote baten eta manikiaren arteko konbibentziaren gaineko zeozer idaztea.
Zer kontetan dozu, zehatzago esanda?
Oskar herri txiki baten bizi da Gretagaz, amama Sarak herentzian itxitako manikiagaz. Baina Oskar ezkontzeko puntuan dago, eta Anak, neskalagunak, erabagi bat hartzeko eskatuko deutso: edo Greta edo ni, dinotso. Hor hasiko da Oskarren abenturea, ze Gretarentzako eskaparate baten bila joango da. Baina, berez, Oskarrek gura dauena da bere iraganeko zatitxuak lotzea, zer dan eta zer izan gura dauen jakiteko. Azken baten, nobela hau danok iraganetik gordetan doguzan mamu eta bildurren gainekoa da, hori kontetan dau. Zer izan garan, zer garan eta zer izan gura dogun.
Zure lehenengo nobelatzat hartu izan dozu Greta. Zelan definidu leiteke, orduan, Korapiloak? Ezin da nobela legez hartu?
Korapiloak 13 ipuinez osotutako nobelea zan. Ipuin bakotxak istorio bat kontetan dau eta ipuin horreen lotureak eleberriaren narrazinoa dakar. Ariketa polita izan zan, ipuingintzatik nobelagintzara pasetako aproposa.
Tentazioak ipuinak ziran, Korapiloak hibrido antzekoa, Greta nobelea...; bilakaerea kontzientea izan da, ala berez etorri dana?
Ipuingintzan hasi nintzan betirik asko gustau izan jatan generoa dalako eta “errazagoa” zala pentsetan nebalako. Korapiloak erronka barria izan zan niretzat, puzzle baten egiturea daukan nobelea eregiteak baditualako ondo neurtu beharreko hariak. Eta Greta iruditzen jat aurreko lanen ondorioa dala: ipuinek daukien izaera bisuala, geure barruko korapiloak askatzeko beharra, eta narrazino luze baten bidaia apasionantea.