Literaturea, artea, euskerea, erakusketak, musikea... kulturea?
Edorta Jimenez,
Idazlea.
Kondairea oinarritzat hartuta idatzitako elebarriek aspaldion sekulako indarra hartu dabe, beharbada irakurleek euren legea ezarri dabelako, beharbada idazleak agortuta dagozalako. Etorri jakun azkena Iñaki Egañak idatzi dauen Gallarta izenekoa da.
Izenak dinoan moduan, Egañaren liburuan -Abra argitaletxeak plazaratu dauela esan behar da- Ibarrezkerreko herri horixe da, halan edo zelan, pertsonaia nagusia. Halan da be, elebarria ez da hor hasten, Lodosan baino. Izan be, Nafarroako Erribera aldetik Bilbo inguruko meategietara bizimodua aurrera ataraten datozen gazte ezkonbarri biren ibilbidea da kontetan jakuna. Jazoerak XIX. gizaldiaren azken aldera Gallartan egin zan meatzarien grebearen harira datozela, askozaz gehiagorik ezin da aurreratu, irakurle, ze nobeleak irakurlea lehenengotik harrapetan dauenez, ez da komenidu hori baino gehiago esatea. Niri gogora ekarri deust Antonio Menchacaren ‘Las cenizas del esplendor’ elebarriaren hasikerea, bien arteko aldea nabarmena dan arren. Menchacak goi-burgesiako emakume baten ahotik kontetan deuskuna, hirugarren pertsonan eta zapalduen aldera eginaz azaltzen deusku Egañak. Labur esanda, liburu ederra, eta Egañaren ganerako lanak gomendatzeko abagunea.
Kondairearen lurpeetan begiratuaz atara dau Egañak Gallarta hori, eta toponimian aztertuaz dabilz Alemania aldean euskerea dala eta teoria barriak sortzen. Gure hizkuntza hau izan ei zan Europako hizkuntzea orain dala batek daki zenbat mila urte, halantxe dakar Spektrum der Wissenschaft aldizkarian Elisabeth Hamelek, Theo Vennemannek eta Peter Forster zientzalariek sinatu daben lanean. Aldizkaria ‘Scientific American’ horren alemanierazko bertsinoa da eta, lan horren garrantziaz ez dago dudarik. Gaia sakonago ezagutzeko asmoa izan ezkero, www.spektrum.de web orrira osterea egitea da onena. Guk egin egin dogu, baina alemanieraz jakin ez eta, ezin izan dogu askorik aditu.
Alemaniatik apur bat gorago egingo dogu orain. Bagilaren 22ra arte Bermeoko Arrantzale Museoan gaur aroko erakusketa ederra ikusteko aukerea dogu. Hain zuzen be, Harry eta Ford Jenkinsek XIX. gizaldiaren azken aldera Ipar Itsasoan eginiko argazkietako batzuk ikusi daitekez han. Erakusketeak eragin deustan zirrarea ezin da hemen azaldu. Argazkiek, alde batetik, gure geure itsasertzeko giroa dakarre gogora, baina beste alde batetik ipuinetako pertsonaiak ikusten gagozalako irudipena sortuarazoten dabe.
Erakusketen harira, Guggenheim Museoan ‘Paris: arteen uriburua, 1900-1968’ izenekoa dogu egunokaz zabalik. Berez be sano interesgarria dan arren, nik euskal arteaz gogoeta egiteko aukera-aukerakoa dala esango neuke. Joan Gugenheimera, ikusi hori eta gero jo Arte Ederretako Museora eta begiratu Parisen egondako euskal artistak zenbat eta zein garrantzi handikoak izan diran. Museo bien arteko ostereak emoten dau, emon, horretarako eta gehiagotarako be.
Etortekoak diranei aurrea hartzea bada be, esan daigun aurtengo Getxoko Jazzaldia gogoangarria izan leitekeala, adituen eretxiakaz bat. Izan be, hortxe izango dira Michel Camilo hirukotea edota Paolo Fresu ‘Miles Quintet’, jazza egiten daben europarrak aitatzearren. Guri txori batek horreen bien kontzertuak ezertara be ez galtzeko aholkatu deusku. Bada, hori garagarrilean izango dan ezkero, jazzagaz oraintxe berton gozetako, hor dago Getxon igaz nagusitu zan U-Street All Stars taldearen musikea CD euskarrian argitaratuta, Hilargi Recordsen eskutik. Bide batez, Getxoko kultur aretoaren orrialdean sartzeko gomendioa egin gura dogu (www.getxo.net). Hortxe dagoz, besteak beste, jazzagaz gozetako aukerea emongo deuskuen loturak.
Amaitzeko, Joseba Jaka IV. Literatur Bekei jagoken deialdia hartu dogu. Baten bat animetan dan edo, esan daigun lanak aurkeztuteko epea abenduaren 19ra artekoa dala, eta olerkia, elebarria, saiakerea eta haur eta gazte literaturen arloko egitasmoak aurkeztu daitekezala. Datu zehatzagoak gura izan ezkero, www.elkarlaneanfundazioa.org orrialdera jo. Literaturearen arloko sorkuntzeari laguntzeko asmau diran bideen artean politenetakoa deritxogu honi.